AHTrako laguntza eskaini dio Amannek Madrili
 

Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko lanak 2004. urtean hasi ahal izateko, bere laguntza eskaini dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioari. Alvaro Amann Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburuak agertu zuenez, bere sailak eginda dauzkan azterketa lanak eskaintzen dizkio Espainiako Gobernuari, Euskal Y proiektuko lanak datorren urtean hasteko. «Proiektu teknikoak ditugu, dokumentazio handia da, eta horrekin bihar bertan has daitezke lanak», esan zuen Amannek. Era berean, lanak 2004an hasteko eta 2010ean amaitzeko Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean dauden «ika-mikak» gainditzeko deia egin zuen.

Amannek zehaztu zuenez, joan den astean gutuna igorri zion Francisco Alvarez Cascos Espainiako Sustapen ministroari elkarrizketa bat eskatuz, eta berarekin telefonoz hitz egiteko ahaleginetan dabil herenegundik.

Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburuak azpimarratu zuenez, «lanak hasiko diren data zehaztea beharrezkoa da». Halaber, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bere aldetik egin dituzten lanak ez daudela errepikatuta nabarmendu zuen.


 

2003-ko Abenduaren 12ko Berria-n argitaratutako albistearen laburpena

Azken eguneratzea: 2003/12/12