Crystal, D.
Hizkuntzaren iraultza


"Hizkuntzaren iraultza" liburuaren azala.Lehenagotik ere ezaguna dugu sail honetan David Crystal. Eragin handiko hizkuntzalaria, ingelesaren historiaz eta erabileraz hamaika lan interesgarri argitaratua. Joan deneko hamar urtean hiru lan berezi plazaratu ditu Crystalek, eta horien laburpen eguneratua dateke oraingo Hizkuntzaren iraultza hau.

David Crystalek lan honen hasieran dioenez, 2000. urteak hizkuntza-iraultzaren hamarkada baten amaiera-muga ezarri zuen. Iraultza horren ondorioak, berriz, mende honetan nabarituko dira. Hamarkada hartan gertatutakoek ez zuten aurrekaririk, eta hizkuntzalariek ere ez zuten asmatu gertakari haien ezaugarriak zehazten. Hain segur, oraindik ez da azalpenik eman eta egiteko horretan lehen saiakera izan asmo du liburu honek, hau da, 90eko hamarkadan abiatu zen hizkuntza-aro berria azaltzea.

2001. urtea Hizkuntzen Europako Urtea izendatu zen: itzulingururik gabe, argi eta garbi azpimarratu zen zein garrantzitsua den hizkuntza kultur nortasuna adierazteko, nazio barruan eta nazioartean elkar ulertzeko eta, pertsonek eta herrialdeek kultur eta merkataritza mundu handiago bati ateak irekitzeko. Urte hartan, irailaren 26a Hizkuntzen Nazioarteko Eguna izendatzea erabaki zen. Bi urte lehenago, berriz, 1999an, Unescok erabakia zuen otsailaren 21ean Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzea. Eta Crystalek ondorengoa adierazi du: "Hizkuntzen aldeko bi egun hiru urtean! Kasualitate hutsa ote zen hori 90eko hamarkadatik aurrera gertatzea? Egia bada une hartan hizkuntzen iraultza gertatzen ari zela, ez dago kasualitaterik (…) Ez dut uste 'iraultza' hitza gogorregia denik gertatzen ari dena izendatzeko. 'Iraultza' honela definitzen da: denbora txikian kontzientzian edo jarreran errotikako aldaketa eragiten duen edozein gertaera-konbinazio, eta horixe gertatu da".

Crystalen irudiko, XX. mendearen bigarren erdialdea -90eko hamarkada, bereziki-, guztiz adierazgarria izan da hizkuntzaren historian, munduko hizkuntz ekologia eraldatu duten hiru joera nagusiak batera gertatu direlako. Batetik, lehen hizkuntza global bihurtu da ingelesa. Egileak English as a Global Language (1997) lanean aztertu zuen gertakari hori. Lan horretan, zergatik gertatu zen hori eta zein ondorio dakarzkion ingeles hizkuntzari berari aztertu zuen Crystalek. Argitalpen berri honetan gai berari helduko dio autoreak, ingeles hizkuntzaren etorkizuna igarri nahian.

Bigarren kapituluan, Language Death (2000) liburuan ibilitako bideak berritu ditu egileak; hizkuntza askoren krisialdia, alegia. Izan ere, honezkero jakina da hizkuntza kopuru handia desagertzeko zorian edo arriskuan dagoela. Arestian aipatutako liburuan arriskuan diren hizkuntza horiek iraunarazteko edo onera ekartzeko zenbait ekimen proposatu zituen. Erronka handia, inondik ere, «balitekeelako mende honetan zehar mundu osoko hizkuntzen erdia, gutxienez, desagertzea».

Badu Crystalek iturri bereko beste lan bat ere, Language and Internet (2001). Han, Internet teknologiak hizkuntzan izango duen eragina aztertu zuen egileak. Inola ere, hizkuntzak nola garatuko diren argitzeko zenbait galdera eginarazi dizkio pentsalariari, teknologia haiek ahozko eta idatzizko hizkuntzaren osagarri gisa ageri baitira.

Gaiok banaka eztabaidatuak zituen Crystalek orain arteko liburuetan. Oraingo honetan, aldiz, haiek batera aztertzera jo du, beraien arteko loturak aintzat hartuta jardutera. Ondorioa ere, uste baino kilikagarriagoa zaigu: «hizkuntza-ikuspegi erabat desberdina datorkigu, iraganekoarekin batere zerikusirik ez duena. Etorkizunean, hizkuntzetan pentsatzeko eta hizkuntzekin lan egiteko kontzeptuak berrikusi beharko ditugu». Liburuaren azken bi ataletan, egin beharreko berrikuste horren gainean ariko da Crystal, liburuko orrialdeetan barrena baliatu duen ikuspegiari fermuki atxikiz: «Kezka oso zabalduta dago (…) orain arte gai horietaz arduratzen ez ziren beste gizarte-talde batzuengana ere hedatu da. Baina horrelakoak dira iraultzak: jende guztiari eragiten diote».

Aurkibidea:

  • Hitzaurrea
  • Sarrera. Hizkuntza egoera berria
  • 1. Kapitulua. Ingeles hizkuntzen etorkizuna
  • 2. Kapitulua. Hizkuntzen etorkizuna
  • 3. Kapitulua. Interneten eginkizuna
  • 4. Kapitulua. Iraultzaren ondorengoa
  • 5. Kapitulua. XXI. mendeko hizkuntzei buruzko oharrak
  • Aurkibide analitikoa

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaratzailea: Erein, Donostia
  • Urtea: 2007
  • Orrialdeak: 158
  • ISBN: 978-84-9746-388-1
Azken eguneratzea: 2008/03/31