Crystal, D.
Words, words, words


'Words, words, words'Ez ohiko lana dugu David Crystalen liburu hau. Jolas liburua ere badugu, nahiz eta gogoetak agintzen duen irriaren azpian. Crystalek hitzen mundua aztertzen du, hitzak berak, beren aberastasun eta dibertsitatea, nola jolastu beraiekin, haien jatorria, nola aldatzen diren, nola eboluzionatzen…

1957ko urriaren 3an inork ez zekien zer zen Sputnik. Biharamunean galdetu eta horretaz besterik ez ziren ari denak. Gaur egun, Internetek hitz berri bat zabal lezake munduan zehar minutu batzuen buruan. Crystalek Bibliako Genesi bertaraino jotzen du hitzen jatorriaren bila: «eta bizirik dagoen izakiari gizonak emango dion izena, huraxe izango du». Harrezkero, hitzaren indarraz jabeturik bizi izan dira poeta, filosofo eta erran zaharren zaleak: Konfuziok esan zuen: «Hitzak ulertzen ez dituenak ezin uler lezake jendea». Aristofanek, bestalde, «Hitzek hegalak eman ahal dizkiote edonori». Walt Whitmanek, «Ez dago hitzak baino ezer espiritualagorik». Hitzen mundu zahar eta berria da aztergai David Crystalen liburu honetan.

Sei atal nagusitan banatu du liburua irakasle eta adituak, eta atal horietarik bakoitzak hainbat azpiatal ditu. Lehenengo atalean hitzen unibertsoaz ari da eta hitzak asmatzen dituztenen buru eta motibazioetan barna abiatu da Crystal. Besteak beste, hitzen lilurapean bizi den jendea zergatik dagoen barrundatu nahi izango du.

Bigarren atalean hitzen jatorria aztertu du egileak. «Hiztegia era eta jatorri askotako hitzen entsalada-ontzia da», esango du. Hitzen jatorrien bila denboran atzera egiten du, galdezka gaur egungo hiztegian hizkuntzaren sorreraren oihartzunak ote ditugun. Horrekin batera, ingelesaren kasua aztertzen du berariaz, haren hitz kopurua jendeak uste duena baino txikiagoa dela esanez.

Hirugarren atala hitz dibertsitateari buruzkoa da. Bertan, egileak, hitzak pertsonatik pertsonara nola aldatzen diren galdetzen du. Nola aldatzen ote diren, eta zerk eragiten ote duen aldaketa, alegia. Ahoskatzeaz eta puntuazio ikurren gainean ere ari da Crystal atal honetan, ingelesez hitz egiten dutenen azentu ezberdinei arreta emanik.

Hitzen eboluzioari dagokio laugarren atala. Hitzen etimologia du helburu. Jakina denez, hiztegia da hizkuntzak duen ataletan aldakorrena. Egileak hitzen sorrera eta heriotza aztertzen ditu, eta nola aldatzen duten esanahia ere. Bestalde, hitz klixeen, arkaikoen, zaharkituen eta desagertuen kasuaz -eboluzioaz, finean-, ari da atal honetan.

Bosgarren atalak "Hitzen ludikotasuna" du izena. Komunikazioarekin batera, hitzak duen ahalmen ludikoari begira jarri da egilea tarte honetan. Denok egiten dugu jolas hitzak baliatuz. Askotan, berriz, bestek egiten dituen hitz joko eta jolasen bidez gozatzen gara. Jolas horren mekanismoak bistaratzen dizkigu Crystalek bosgarren atal honetan.

Azkenik, seigarren kapituluan, hitzen detektibe nola izan azaltzen digu irakasleak. Are gehiago, hitzekiko dugun interesa handitzeko bideak erakusten dizkigu. Ariketa espezifikoak ez ezik, informazio iturri litezkeen liburu, egunkari, gizarte eta web guneak zehazten ditu Crystalek. Esanak esanda ere, irakasle zailduak eman lezakeen aholkurik burutsuena eman du egileak liburuaren amaieran: «Gomendiorik garrantzizkoena, jakina, obserbazio gaitasuna lantzea da: adi egon inguruan ikusten eta entzuten duzun hizkuntzari dagokionez, non-nahi ikusten eta entzuten duzula ere. Hitzen egilearen tresnarik beharrezkoenak begiak, belarriak eta poltsiko-koadernoa dira».

Aurkibidea:

  • Preface
  • Part I The universe of words
  • Part II The origins of words
  • Part III The diversity of words
  • Part IV The evolution of words
  • Part V The enjoyment of words
  • Part VI Becoming a word detective

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Ingelesa
  • Argitaratzailea: Oxford University Press
  • Urtea: 2006
  • Orrialdeak: 216
  • ISBN: 978-0-19-921077-0
Azken eguneratzea: 2008/02/25