Grenoble, L.A., eta Whaley, L.J.
Saving Languages. An introduction to language revitalization


'Saving Languages. An introduction to language revitalization'Hizkuntzen biziberritzeak berebiziko arreta jaso du azken hamarkada hauetan. Ondorioz, gero baino gero jende gehiago dago bere hizkuntza biziberritzeko eta iraunarazteko lanetan buru-belarri murgilduta. Lan honek hizkuntzak biziberritzen lan egiten dutenentzako erreferentziazko gidaliburu izan nahi du.

Grenoble eta Whaley ikertzaileek diotenez, asko dira munduko hizkuntz komunitate txikien etorkizunaz kezkaturik daudenak: hizkuntzalariak ez ezik, antropologoak, hizkuntz ekintzaileak, misiolariak, gizarte langileak, politikariak, irakasleak, kazetariak, ikertzaileak, ikasleak… Horien artean badira bisionarioak ere, geroan ere beren hizkuntza hitz egingo dela diotenak, desagertzera doala diotenen kontra. Liburu honen irakurle izan litezkeen lagun askotariko horiek gogoan hartu eta hizkuntz biziberritzeari buruzko eskuliburu hauxe proposatu digute egileek, marko orokorra, auzirik behinenak, ohiko zailtasunak eta informazio iturriak eskainiz.

Zazpi ataletan banatu dute liburua. Bata bestearen ondotik nahiz banaka irakurtzeko modukoak dira. Lehenengo bi ataletan, adibidez, galtzeko arriskuan dagoen hizkuntzaz ari dira, beren ikuspegia ematen, biziberritzeari buruz jardun aurretik. Hirugarren atalean, esaterako, hizkuntzak biziberritzeko eredu ezberdinak eskaintzen dituzte. Laugarrenean, kasu eta adibide zehatzetatik abiaturik lorturiko informazio eta ondorio praktikoak biltzen dira, hasierako kapituluetako teorizazioa osatzeko asmotan. Bosgarren eta seigarren ataletan, ortografiaren garapena aztertu dute. Badute horretarako arrazoi sendorik ere: «Izan ere, hizkuntzalari eta ekintzaile askok uste dute hizkuntza arrakastaz biziberritzeko nahitaezko egitekoa dela idazkuntza». Zazpigarren kapituluan, azkenik, komunitate batek urratsez urrats nola irits litzakeen bere egitasmo, baliabide eta helburuak adierazten digute egileek eta, aurreko horietan oinarrituz, nola zehaztu hizkuntz politika egokia.

Bi ikertzaileok kanpo lanean jardun eta gero osatu dute liburua. Han du lan honek iturria, Asia ekialdeko hainbat hizkuntz komunitatetan, non hiztunen kopurua ikaragarrizko abiadan ari den urritzen. Era berean, Afrika, Hego Amerika eta Ipar Ameriketako hainbat ekintzaileren laguntza eta informazioa izan dituzte. Horrek, nahitaez, ikuspegia aberasteko balio izan die. Batetik, munduko hizkuntza askoren galerak berdintasun asko eta asko ageri baditu ere, horrek ez du esan nahi haietan bakoitzaren biziberritzeari modu bat eta berean ekin behar zaionik: egoera politiko, sozial eta ekonomikoak ezberdinak dira, guztiz, Txina iparraldeko komunitate batean zein Afrika hegoaldekoan. Bestetik, orain artean egin diren hizkuntza biziberritzeko saiakeren ebaluazio zintzoak zera erakutsiko digu, ahalegin gehienek porrot egin dutela. Ikertzaileon arabera badira bestelako zenbait kasu ere, «hilzorian (edo hila) dagoen hizkuntza hartu eta bizitzera ekarri izan dituztenak, optimismoari eusteko balio diguten kasuak inondik ere, baina arraroa da hori». 

Ortografia arautzea, edo haurrentzako telesaioak egitea ez da gauza erraza, baina horiek eginagatik ere hizkuntza ez da biziberrituko, ikertzaileon arabera. Etsipenari aurre eginez, ordea, zera esango digute: «Luzaro begira programa alderdi askotarikoa da beharrezko, baliabide askoduna eta are jende gehiagoren lan eta dedikazioa behar dira».

Aurkibidea:

  • Preface
  • Language revitalization as a global issue
  • Issues in language revitalization
  • Models for revitalization
  • Case studies
  • Literacy
  • Orthography
  • Creating a language program


Liburuaren ezaugarriak:



Azken eguneratzea: 2008/03/04