Pla i Boix, Anna M.
El règim jurídic de les llengúes a l'Administracio de justícia. Generalitat de Catalunya. Institut d'Estudis Autonómics.


'El règim jurídic de les llengúes a l'Administracio de justícia.'Justizia administrazioa da erkidego autonomoetako hizkuntza ofizialen erabilera gutxien errazten duen eremu publikoa. 1997an Justiziaren Kontseilu Gorenak berak zioen justizia administrazioa ez zela egokitu konstituzioak bermatzen zuen hizkuntz elebitasunera. Harrezkero, gaztelania ez besteko hizkuntzek esparru honetan erabateko normalkuntza irits dezaten egin behar duten bidea erakusten duten zenbait azterketa egin dira. Horietakoa da liburu hau.

Lanak bi atal ditu, lau kapitulutan banatuta, eta epilogoa. Lehenengo kapituluak Espainian hizkuntz dibertsitatearen gaineko ordenamendu konstituzionala zertan den aztertzen du, eta 1978an lege goren horrek zirriborratu zuen hizkuntz ereduaren oinarriak definitzen ditu. Izan ere, orduan egin ziren eztabaidetan erabaki zen gaztelaniaz jakiteko dugun betebehar konstituzionala; edota gaztelaniaz besteko hizkuntzen ofizialtasun estatutua; edota Konstituzioaren 3.3. artikuluari buruzko eztabaida, hau da, "hizkuntz modalitatea" kontzeptua zedarritzen duena.

Bigarren kapituluak 1979ko Kataluniako Autonomi Estatutuaren hizkuntz eredua du ikergai. Esaterako, Estatutuaren 3. artikuluaren aurreikuspenak aztertzen ditu, non Kataluniako eredu juridiko-linguistikoaren oinarriak ezarri baitzituzten. Tramitazio parlamentario eztabaidatuaren analisiak uste baino garrantzi handiagoa du, doktrinari buruzko eztabaidak sortzen direnean berak agintzen baitu hermeneutika juridikoan "egiazko interpretazioa" deitu izan dena.

Hizkuntzari dagokion oinarrizko marko arauemailea definitu eta gero, hirugarren kapituluak Justizia administrazioan hizkuntzen erabilera zuzentzen duen erregimen juridikoa aztertzen du; hain zuzen eskuduntza-konkurrentzia gertatzen da arlo honetan.  Honi dagokionez, merezi du esatea estatuko legislazioak, batetik, eta legislazio autonomikoak, bestetik, ez dituztela ez planteamendu ez orientabide berdinak. 1985eko eta 2000ko lege organikoek gaztelania ez beste hizkuntzaren bat duten komunitate autonomoetako hizkuntza ofizialen estatutua murriztera jotzen dute; Justizia Administrazioan, behintzat. Katalanaren hizkuntz politikari buruzko 1998ko legea, aitzitik, arestian aipatu ditugun lege organikoen esparru berekoa, hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta normalizatzeko aldarria da.

Justizia Administrazioaren aurrean katalanez hitz egiteko eskubideak ez du askorik balio, ordea, bertan lan egiten duenak ez badio hiztunari ulertzen. Laugarren kapituluan, beraz, bistara ekartzen da kontraesana: hiritarrek Justizia Administrazioaren aurrean dituzten eskubideak lantzen dira, batetik, eta bertako langileei eskatzen zaizkien betebeharrak, berriz, bestetik. Ordenamendu juridikoak aurreikusten duenez, gaztelania ez beste hizkuntza bat duten erkidego autonomoetako hiritarrek nahi duten hizkuntza ofizialean zuzen lekizkioke komunitate horretan kokaturik dauden epaitegi eta auzitegietako langileei. Ez du aurreikusten, ordea, lan egiten duteneko lurraldeko hizkuntza ofiziala jakingo duten epaile, magistratu, fiskal edo idazkari kopururik.

Justizia Administrazioko langileen hizkuntz ezagupenaren balorazioa zehazten duen erregimenaren ezaugarriak dira, besteak beste, konplexutasuna, koherentzia eza, eta desordenua. Batzuetan, hizkuntza jakitea ez da baloratu ere egiten. Beste batzuetan, meritu baino ez da lanpostu bat bete behar deneko, baremoan ematen zaizkion puntu kopuruaren inguruko eztabaida suharrak aipatu gabe. Sarri askotan, baremo-puntuazio horiek Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia zalantzaz betetakoaren arabera eboluzionatu dute. Azkenik, behin edo behin, hizkuntz gaitasuna ezarria dute zenbait lekutan, zenbait lanpostutan…

Liburuan aztertzen den araudiak eragin dituen arazoak konpontzeke daude oraindik. Lanaren egile Anna M. Pla Boixek dioenez, "Hobe bai legegileek arazo horiek konpontzen parte hartuko balute! Espero dezagun segi dezatela, lehenengo-lehenengo, hiritarren eskubideak defenditzen".

Aurkibidea:

  • Pròleg, per Xabier Arbós

  • Primera part. El bloc de la constitucionalitat en matèria lingüística
    1.  La regulació constitucional del plurilingüisme
    2.  El model lingüístic de l'Estatut d'Autonomia de Catalunya

  • Segona part. El règim juridicolingüístic de l'Administració de Justícia
    1.  L'ordenació de l'ús de les llengües a l'Administració de Justícia
    2.  El règim de la capacitació lingüística del personal al servei de l'Administració de Justícia a Catalunya

  • Epíleg

Liburuaren ezaugarriak: