Jean-Baptiste Coyos
Xiberotarra Zuberera. Le dialect basque souletin


Xiberotarra ZubereraLiburu bat zubereraren berri ematen duena: euskalkiaren historia, literatura, hizkuntza ezaugarriak, gainerateko euskalkiekiko berdintasun eta bereizgarriak, egoera soziolinguistikoa, biziarazten duten elkarte eta erakundeak… Liburu bat, zubereraren gainekoa, hizkuntzalari izan gabe ere jakin-min edota interes aski duen irakurleak biziki preziatuko duena. Liburu bat: Xiberotarra zuberera. Le dialect basque souletin.

Euskalkiaren historia, literatura, ezaugarri linguistikoak, egoera soziolinguistikoa eta beste landu ditu liburu honetan Jean-Baptiste Coyos hizkuntzalariak. Egilearen helburuetarik bat aurreiritzi eta klixeak haustea izan da eta, horretan, bere egingo ditu Txomin Peillenen hitzak, ez bata ez bestea baitira "holako eta halako euskalkiren garbitasunean eta birjintasunean sinesten dutenetarik". Ideia beraren inguruan, eta Zuberoaren ustezko partikulartasuna jomuga, Coyosek Jean-Louis Davanten aipu bat ere aldatuko du liburu honetara: "Psikologiazkoa da gehien bat Ziberoaren berezitasuna (…) Ziberotar txobinismo bat badugu ikaragarria. Erran nezake ziberotar separatismo bat, eta haboro ere, Ziberotar arrazakeria bat".

Coyosek Zuberoaren argazkia du xede, herrialdea eta euskalkia ditu ardatz liburuko zazpi ataletan. Horretarako, euskarazko eta frantsesezko testu nagusiaz ez ezik, mapaz, argazkiz eta irudiz baliatuko da, oso modu praktikoan. Lehenengo atalean, eskualdearen ezaugarrien berri emango digu. Ondoren, bigarrenean, Zuberoako euskalkiak historian zehar, bateko eta besteko agiri eta liburuetan izan duen presentzia laburtuko du, literatura eta idazleak ere gogoan harturik. Hurrena, hirugarrenean, oraingo egoera zertan den azalduko du, inkesta soziolinguistikoaren datu eta emaitzak iturri dituelarik. 2001eko datuen arabera, esaterako, "15 urtetik gorako biztanleen mintzaje-jabegoaz: elebidünak %56,1 dira, elebidün hasiberriak %11.9 eta frantses elebakoixdünak %32". Eta, konparazioak eginez, esango du Coyosek: "Gipuzkoako elebidünak gütiago dira 2001ean, Xiberoan beno". Baina hiztunen kopurua gutxitzen ari Zuberoan, familia transmisioak huts egiten baitu… "Züberoako eüskalkia ere animalki gibel ari da", Xiberoa Herri Alkargoaren liburu zurian jasota dagoenez.

Zubereraren hizkuntza ezaugarriak, beste euskalkiekiko dituen berdintasun eta ezberdintasunei ere atala eskaini die Coyosek liburuan. Horretan badio zorrik, zor aitortua, Koldo Zuazo ikertzailearen lanari, haren Euskalkiak Herriaren lekukoak eta Euskara Batua Ezina ekinez egina liburuei batik bat.

Interesgarri zaigu bosgarren atala, non hizkuntza ukipena aztertzen den. Atal honetan, zubererak biarnes, gaztelania eta frantsesarekin izan dituen harremanak eta jaso dituen eraginak -lexikoari dagozkionak, gehienbat- ditu aztergai gure egileak, bai eta euskalkiaren eta euskara batuaren arteko lotura ere. Coyosek ez du dudarik bataren eta bestearen funtzio eta eremuen gainean: "lanaren arabera, beharren arabera, batuak bere lekua eginen du, ez zubereraren lekua hartuz, baina bai frantsesarena. Hori litzateke berreskuratze hizkuntza politikaren helburua".

Seigarren atalean zubererak oraingo bizian duen lekuaz ari zaigu Coyos; alegia, zer leku duen xiberotar euskalkiak kulturan, ekonomian eta bizi publikoan. Kultur sorkuntza aberatsa da Zuberoan, elkarteen lanari esker bereziki. Irakaskuntzan ere egin da urratsik, ikastola, gau eskola eta besteren bidez. Badira euskalgintza sustengatzen duten taldeak eta hedabide zenbait, zubereraz (ere) ari direnak. Ohar interesgarri bat ere badu Coyosek liburuan emana. Telebistaz ari eta: "ETB1en batua ulertezina da Zuberoako adineko jendearentzat eta eskolatu ez direnentzat, esan nahi du zuberotar gehienentzat". Irakaskuntza dela eta, euskara ikasteko eta erabiltzeko eredurik onena ez dela Zuberoan hedatzen dio Coyosek, eta arrazoi bila ere abiatu da…

Azkenik, zubereraren geroaz gogoeta egin du egileak hondar atalean. Hizkuntzaren bilakaeraz, legediaz, euskalkiaren funtzio sinboliko eta komunikatiboaz, hizkuntza politikaz eta gainerakoz ari da. Ondorio gisa, Coyosek euskararen eta euskarazko irakaspenaren azkartzea, areagotzea, aldarrikatuko du eta, horrekin batera, familia transmisioa ziurtatzea eta gune elebakar berriak eraikitzea: "erabilera-eremu desberdin gero eta gehiago sortu eta atxiki non euskara ohizko hizkuntza den. Iñaki Martinez de Lunaren hitzetan 'ongi hesitutako oasi euskaldunak'".


AURKIBIDEA

  1. Aitzin-Solasa - Hitzaurrea - Avant-propos
  2. I. Atala - Chaptre I: Sartzea - Sarrera - Introduction
  3. II. Atala - Chaptre II:  Xiberotarra historian - Literatura - Le Dialect Souletin dans l'histoire - La Littérature
  4. III. Atala - Chaptre III: Oraiko Zuberera, egoera soziolinguistikoa - Le Souletin Actuel, Situation Sociolinguistique
  5. IV. Atala - Chaptre IV: Zubereraren ezaugarriak, zuberera beste euskalkien artean - Caractéristiques linguistiques du souletin, le souletin parmi les autres dialectes basques
  6. V. Atala - Chaptre V: Mintzaje hunkitze: biarnesa, espainola eta frantsesa; Xiberotarra eta eüskara batüa - Contacts de langue: le béarnais, l'espagnol, le français; le souletin et le basque unifié
  7. VI. Atala - Chaptre VI: Xiberotarra oraiko bizian: kültüra, ekonomia eta bizi publikoa - le souletin dans la vie actuelle: culture, économie et vie publique
  8. VII. Atala - Chaptre VII: Ondorioa, zubereraren geroaz - Conclusion, de l'avenir du souletin
  9. Lotürik direnak - Eranskinak - Annexes
  10. Bibliografia - Bibliographie
  11. Edirengaia - Aurkibidea - Table des matières


Argitalpenaren ezaugarriak:

  • Argitaratzailea: Elkar, Donostia.
  • Hizkuntza: euskara eta frantsesa
  • Urtea: 200
  • Orriak: 156
  • ISBN: 978-84-9783-458-2
Azken eguneratzea: 2007/07/20