Fishman, J.A.
DO NOT Leave Your Language Alone. The Hidden Status Agendas Within Corpus Planning in Language Policy


Do not leave your language aloneHizkuntza politikaren baitako corpus plangintza du aztergai  Joshua Fishman ezagunaren lan honek. Bi eratara landu du gaia egileak: ikuspuntu teorikoa erabiliz jardun du eta, horren ondoan, hainbat hizkuntzatako adibideak baliatu ditu. Corpus plangintzak dituen askotariko alderdiak sistematizatzeko saioa da liburu hau eta, bertan, hizkuntza plangintzaren egileen ekinbidea ez ezik, hiztunek hizkuntzaren estatusari buruz dituzten helburuak ere azalera dakarzkigu.

Hizkuntza plangintzari loturik den alderdi bakar bati begira jarri da Fishman lan honetan: corpus plangintzari, alegia, estatus plangintza bazter utzirik (itxura batean, behintzat). Bi arrazoi ere izan ditu horretarako. Batetik, egileak dioenez, bi alderdiok ere ez daudelako tradizioz uste izan den bezain bereizirik; bestetik, corpus plangintza ez delako ezerezetik sortua izaten. Fishmanen esanetan, estatus plangintzaren araberakoa da corpus plangintza, eta gizartearen joerak, ideologiak eta jarrerek gidatzen dute. Ondorioz, corpus plangintzari buruz ari izanda ere, ezin galarazi estatus plangintzaz ere jardutea.

Adibidetik abiatuko da Fishman. Halako ahozko hizkuntza bateko hiztunek idatzizko forma aldarrikatu nahi dutela pentsatuz hasiko da. Beraien gogoa onartzen bada, hainbat erabaki hartu beharko da (a) idatzizko sistema sortu; (b) nahitaezko ahoskatze sistema (edo 'ortografikoa') erabaki; (c) estilo liburua egin, maiuskulak eta bestelako konbentzioak ezarriz; (d) zientzia nagusietarako terminologia landu... Alegia, "corpus plangintza hil ala bizikoa da mundu berriarekin elkarreragin nahi duten 'garatze bideko hizkuntzentzat', horretarako arrazoiak zeinahi direla ere: turismoa, politika edo hezkuntza". Baina ezin dugu pentsatu soil-soilik garatze bideko hizkuntzei dagokiela egiteko hau. Pentsalari honen iritziko, corpus plangintza guztiz bizirik dago ingeles hizkuntzan bertan ere, modaren industriak kolore berriak behar dituen moduan, edo zientzia fisikoetan izendegi batzordeak indarrean dauden bezala. "Hizkuntzak etengabe hazten eta aldatzen ari dira eta, gehienbat, zahar eta zuhur denak egiten dio kontra azalberritze horri".

Liburuan zehar, kapitulurik kapitulura, Fishmanek corpus plangintzak bere baitan gorderik dituen askotariko alderdiak jorratuko ditu, bere buruari galderak eginez eta haientzako erantzun zuzenak asmatu nahirik. Tesi bat da nagusi, hala ere, liburu osoan zehar: hizkuntza bateko corpus plangintza ez dela egiteko isolatu eta bakartua eta bai, aldiz, prozesu oso baten atal: "Noiz hasten den, non hasten, eta zein eratara zehazten den, gertatzen deneko testuinguru politiko, ekonomiko eta kulturalaren mende dago".

Corpus plangintzak hartu ohi duen norabideaz ere gogoeta egin du Fishmanek ataletako batean: "Directions and dimensions of corpus planning" (Corpus plangintzaren norabide eta dimentsioak). Egileak idatziko duenez, corpus plangintza bideratuko duen ideologia bat dator, gehienetan, autoritatea duen ideologiarekin. "Corpus plangintzak ez du globalizazio positibo kutsurik izango, elite politiko eta kulturala globalizazio negatibokoa denean eta iragan klasikoa, lokala, berreskuratzen eta sustatzen saiatzen denean".

Bide berri bila abiatu da Fishman liburuan, liburuan horrelaxe adierazten digunez. Gizarteari lotuago ageri da haren corpus plangintza, hizkuntzari berari baino. Badaki zenbait formulazio berri egin gabe utzi dituela; aurreko zenbait ere baieztatu gabe geratu direla, edota ukatu gabe. "Badirudi ezer ez dela zeharo 'berri eguzkipean'", idatziko du. Bilaketa lanaren ezaugarriak ditugu zalantzak, ikerketarenak: galdera bat zegoen lekuan bi uztea. Fishmanek, corpus plangintzaren azpian datzan kontzeptualizazioa lantzea izan du helburu lan honetan, alderdi tekniko eta profesionaletik harago. Esango duenez, soziolinguistikaren ikuspegitik bada garrantzizko ikasgai bat ikasi beharrekoa, eta da munduan bateko eta besteko komunitateek corpus plangintzaren auziari dagokionez mahai gainean jarri dutena: erro sakoneko eskarmentu historikoetan oinarriturik eraiki dituzten konbikzioak kontuan hartu beharrekoak direla. "Corpus plangintzari ekiteko hurbilpen alternatiboak baldin baditugu, zeini eman lehentasuna? Gordin esanda, zer behar du ikertzaileak, hizkuntza aldagaiak besterik ez hartu aintzat -adibidez, sudurkaritzea, pluralizazioa, bokal harmonia-, ala prozesu lokal modernoen ezaugarri diren aldagai politiko eta ideologikoak?". Azkenean, beste galdera bat ere egingo du egileak: benetan ba ote da ezberdintasunik hizkuntza bateko corpus plangintzaren eta estatus plangintzaren artean?

Corpus plangintza gaietan esploratzaile abiatu da lan honetan Fishman. Gogoeta teorikoa egin digu eta munduko hizkuntza askoren adibideak eman. Oso era didaktikoan jardun du: atal bakoitzaren amaieran ondorio eta bibliografia eskaini dizkigu; liburu bukaeran, berriz, hainbat galdera eta eztabaidagai proposatu dizkio gai honetan ikasia denarentzat, nahiz hasi berriarentzat. Beste hizkuntza askotako hiztun eta adituek ez ezik, euskaldunok ere geure corpus plangintzaren nondik norakoen gainean pentsarazteko bideak irekitzen dizkigu Fishmanen lan honek.


AURKIBIDEA

Preface

  1. Introduction to Language Planning: Some Preliminaries
  2. Corpus Planning and Status Planning: Separates, Opposites, or Siamese Twins
  3. The Directions and Dimensions of Corpus Planning
  4. Purity Versus Vernacularity: Does "Folksiness" Come Before or After "Cleanliness"?
  5. The Bipolar Dimension of Uniqueness Versus Westernization
  6. The Classicization Versus "Panification" Bipolar Dimension
  7. The Ausbau Versus Einbau Bipolar Dimension (or, Must the Lamb Look Unlike the Wolf in Order Not to be Mistaken for the Wolf?)
  8. The Interdependence and Independence Dimensional Clusters
  9. Can Opposite and Incommensurables be Combined?
  10. Epilogue: Some Things OLD and Some Things NEW, and Some Things BORROWED on Wich to Chew
  • Appendix 1: Questions For In-Class Discussion or Written Assignment
  • Appendix 2: A Terminology Committee at Work
  • References
  • Author Index
  • Subject Index

Argitalpenaren ezaugarriak:

Azken eguneratzea: 2007/07/20