Rickerson E.M., eta Hilton B.
The 5 Minute Linguist. Bite-sized Essays on Language and Languages


'The 5 Minute Linguist' liburuaren azalaEuskarara ekarririk, "Bost minutuko hizkuntzalaria" izan genezakeen liburu  ez ohiko honen izenburua gurean. Bertan, hizkuntzari buruz galdetu izan ditugunak erantzuten saiatzen dira hainbat irakasle, hirurogei kapitulutan. Zenbat hizkuntza dira munduan? Nola ikasten dute haurrek beren gurasoen hizkuntza? Zergatik aldatzen dira hizkuntzak? Horiek, eta antzeko kezka praktikoak, erantzuteko eskuliburu da The 5 Minute Linguist.

Liburuaren editoreek atarikoan adierazten digutenez, nagusiki helburu informatzailea du lan honek. Hori ez ezik, ordea, hizkuntzarekiko kezka sustatu nahiko luke, balizko irakurlea hizkuntzen izaeraz eta aniztasunaz jabe dadin.

 

The 5 Minute Linguist ez da hutsetik sortua hala ere. 2005a "Hizkuntzen urtea" izendatu zuen AEBetako senatuak eta, ondorioz, Atzerriko Hizkuntzen Irakaskuntzarako Amerikar Batzordeak (ACTFL) hamaika ekitaldi antolatu eta eragin zituen hizkuntzaren inguruan. Hitzaldi eta filmak izan ziren unibertsitateetan; poster lehiaketak ikastetxeetan; iragarkiak ezarri zituzten autobideetan; era askotako norgehiagokak bateko eta besteko estatuetan; jaialdiak, kultur egitasmoak, mahai-inguruak… Hego Karolinako Charlestongo unibertsitate eskolan, esaterako, Hizkuntzen, Kulturen eta Munduko Aferen Eskola ere abiarazi zuten. Haren proiekturik baliotsuenetako bat dugu liburu honen sorrera: irratsaio bat, Talkin' About Talk (Hizketari buruz hizketan) izenekoa, AEBetako hamaika bazterretara iritsi zena. Emanaldiak ACTFL erakunde eragilearen web gunean eskegi zituzten (www.actfl.org), eta, handik lasterrera, liburua moldatu, irratiz egindako saioak egokitu eta aberastu ondoren.

Lan honen editoreen irudiko, "Hizkuntzen urtea" gabe ere arrazoi franko badira hizkuntzen ikaskuntza bultzatzeko. Herrialde industrializatuak direnetan, AEBetan baino ez da gertatzen Bigarren Hezkuntza bukatu eta ikasleek hizkuntza bakarra jakitea. "Amerikar elebakarraren estereotipoa ez da guztiz gezurra", dioskute. Azkeneko inkesten arabera, hiru amerikarretatik batek baino ez du atzerriko hizkuntza bat ikasten. Horrekin batera, gobernuak material pila galanta du nork itzuli zain. Hizkuntzalari berezituen eskasia ikaragarria da non-nahi. "Ingelesari ez beste hizkuntzari arreta ez emateak ondorio latzak dakartza. Amerikarrak ez daude atzerriko hizkuntza eta kulturarik ez ikastea beren buruei barkatzeko moduan, noiz eta ekonomia beharrizanak eta nazio segurtasunak behin ere baino komunikazio arinagoa eskatzen dutenean, dela negozio sozioekin, lagunekin eta balizko etsaiekin".

Editoreek jakinarazi digutenez, AEBetako agintariak beren ikuspegia aldatu beharrean daude: hizkuntza ez da "gehigarri" bat eskola curriculumean, dirua eskas denean hezkuntza-sistematik kanpo utzi litekeen i(ra)kasgaia. Egunero, amerikarren %30 ingelesa ez beste Lehen Hizkuntza bat duten solaskideekin ari da harremanetan. Globalizazio aroan, Hego Karolinakoarekin bezain litekeena da Hego Koreakoarekin komunikatzea.

Aurrekari horiek guztiak aintzat harturik ari dira The 5 Minute Linguist honen egileak. Hizkuntzarekiko pertzepzioa aldaraztea lantegi erraza ez dela jakinaren gainean jardun zuten "Hizkuntzen urtea"-k iraun zuen bitartean. Lehenengo urratsa egin zuten orduan, 2005ean. Haien itxaropena, ahaleginak urte askoan iraun dezan, beren nazioan ez ezik baita nazioartean ere, "Hizkuntzak aurkitu… Mundua aurkitu!" lemapean. Nahikari hori gogoan, euren ekarpena dugu The 5 Minute Linguist, hizkuntzaren inguruan egin ohi diren galderarik ohikoenei labur eta zorrotz erantzuten dien liburua. "Gaztelania nagusituko al da AEBetan?", "Zergatik behar ditugu itzultzaileak, hiztegiak edukiz gero?". "Zergatik hitz egiten dute AEBetako hegoaldekoek halako eran?". "Gure hizkuntzak eraginik ba al du gure pentsatzeko moduan?". Galdera asko, hainbat irakasle eta ikertzailek labur, bosna orrialdetan, erantzuten dizkigutenak.

Aurkibidea:

1. Why learn about language? - Robert Rodman

2. How many languages are there in the world? - M. Paul Lewis

3. What's the difference between dialects and languages? - G. Tucker Childs

4. What was the original language? - Barry Hilton

5. Do all languages come from the same source? - Allan R. Bomhard

6. What language did Adam and Eve speak? - E. M. Rickerson

(…)

41. Are dialects dying? - Walt Wolfram

42. Can you make a living loving languages? - Frederick H. Jackson

(…)

59. Whatever happened to Esperanto? - E.M. Rickerson

60. Does anybody here speak Klingon? - Christopher Moseley

Scripts and audio files for Talkin' About Talk


Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: ingelesa
  • Argitaratzailea: Equinox argitaletxea. London
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 274
  • ISBN: 84-611-4249-7
Azken eguneratzea: 2007/05/28