Joseph, J.E.
Language and Politics


'Language and Politics'Liburu honen argudioaren arabera, hizkuntza zer politikoa da goitik hasi eta beheraino. Dela hiztunak egiten duen hizkuntza-aukera, dela haren diskurtsoaren estiloa, dela erretorika politikoa, dela nazio-hizkuntzen sorrera… denak ere politikak zipriztindurik datoz. Language and politics honek batean biltzen ditu gai horiek denak, soziolinguistika ikastaro bateko testuliburu gisa, eta agerian jartzen ditu hizkuntza eta politikaren artean diren askotariko loturak.

Joan deneko hamar urtean, hizkuntzaren sorreraren zioak ikertzen jardun duten hizkuntzalaririk behinenek gertakariaren arrazoi politikoak azpimarratu dituzte gero eta gehiago. Arlo honetan ezinezko da ezer behin betiko frogatzea edota, era berean, ukatzea. Dena dela, hizkuntzaren sorrerari dagozkion ikerketetan ikuspegi hori baliatzea bat dator hizkuntzalaritza aplikatuak eta soziolinguistikak erabiltzen duten ikusmolde politikoarekin.

Liburuaren argitaratzaileek diotenez, animalia guztiak dira politiko, nahiz eta batzuk beste batzuk baino politikoago izan. Hala ere, guztien artean bat dugu politikoena; alegia, hizkuntzaren jabe dena. Hitz egiteak bereizten gaitu gainerako animalietatik, politikoki pentsatzeko gai egiten gaitu hizkuntzak. (Edo, beharbada, hizkuntzak dimentsio politikoa du hondo-hondoan, eta dimentsio horrexek funtzionarazten dio?, galdetuko dute lan honen editoreek).

Horixe da Language and Politics honen oinarri eta funtsa: hizkuntzak dimentsio politikoa du. Oinarri hori ez da alferretan emana, hutsetik sortu edo eratorria. Haatik, mordoxka dira baieztapen horrekin bat egiten duten ikertzaileak. Hauek, gainera, nor bere arloan ari dira lanean: hizkuntzalaritza aplikatuan, batzuk; soziolinguistikan, bestetzuk; eta badira hizkuntzalaritza antropologikoan ari direnak ere. Ordea, hizkuntzalaritza teorikoa aztertzea helburu duten ikertzaileak ez datoz aurreko zientzialariekin bat. Teorikoen ustez, erabilera interpertsonaletik harago dago hizkuntza. Liburu honen helburua ez da batzuen eta besteen arteko eztabaida beroa -liskarra ere bai sarri askotan-, are gehiago piztea, zera baizik: iraungitako aurreusteak betikotzen ez garela ari ziurtatzea, hala-moduzko zorroztasun metodologikoaren aitzakian.

Hizkuntzaren eta politikaren azterketa egiten du liburuak lehenengo orrialdetik azkeneraino: hizketak eta idazketak elkarreragin humanoan jokatzen dituzten rolak aztertzen dira; nola erabiltzen dugun hizkuntza gure gizarte bizitza antolatzeko, dela familia mailan, estatu mailan eta gainerakoetan; halaber, aktibitate horrek zein eratara pentsarazten digun hizkuntza bera jakin nahi luke. Gisa horretako ideia teorikoen inguruko pentsamenduz horniturik dago liburua, osorik.

Liburuak ez du hizkuntza gizakioi aldez aurretik ematen zaigun zer bat bezalakotzat hartzen, erabileratik independente balitz bezala, zeharo alderantziz baizik. Liburuan sinisterik baldin bada, horren kontrakoak dira: hizkuntzak, hizketa eta idazketa praktiken araberako eraikuntzak direla baieztatuko da, hitz egiten eta idazten dutenen sinisteen -eta ideologien, beharbada- araberakoak. Inoren hizketa modua solaskideak baldintzaturik datorrela esango zaigu. Halaber, bi hiztunen arteko harremana nola inork esaten duenaren mende dagoen adierazten zaigu, bietako batek esandakoak harreman hori alda dezakeelakoan.

XXI. mendean hizkuntzalari gutxik ukatuko dute politika gorabeherek beren pentsamendu eta praktikan duten eragina eta horri begira jarri dira liburuan parte hartu duten hizkuntzalari eta pentsalariak. Hizkuntzalaritza aplikatuaren gaur egungo kezka nagusiari eman diote arreta: hizkuntzaren eta politikaren arteko arazoak eta tentsioak eragiten dituzten mekanismoak sakon aztertzera jo dute. Baliteke zenbait hizkuntzalari liburuan esaten denarekin ados ez egotea, baina orduan ere beren errotara eramango dituzte urak lan honen editoreek, zera esanez: "desakordioa bera ere politikaren nahitaezko osagaia da. Ados ez dauden animalietan lehenengoa da gizakia eta (…) desadostasuna, hitz egitea bezain berezko du".

Aurkibidea:

Series Editors' Preface
Foreword

  1. Overview: How politics permeates language (and viceversa)
  2.  Language and nation
  3.  The social politics of language choice and linguistic correctness
  4.  Politics embedded in language
  5.  Taboo language and its restriction
  6.  Rhetoric, propaganda and interpretation
  7.  Conclusion: Power, hegemony and choices

Liburuaren ezaugarriak:

Azken eguneratzea: 2007/04/24