Sola, J.
Ensenyar la llengua


'Ensenyar la llengua'Katalanaren egoeraren deskribapena eginez dator Joan Sola egilea liburu honetan. Bertan, hizkuntzaren bizirautea arriskuan jartzen duten erronka eta zailtasunak ditu aztergai. Horrekin batera, topiko ohikoenen kontra egiten du eta, aldi berean, agerian uzten ditu katalanez naturaltasun osoz bizi ahal izatea galarazten duten aurreiritziak. Eta, azken-azkenean, tesi bat, egilearen pentsamenduaren oinarrian dagoena: katalanez atergabe hitz egitea da hizkuntza irakasteko modurik onena.

Hainbat hitzaldi eta artikuluk osatzen dute Ensenyar la Llengua liburua. Katalanez idatziak dira batzuk, gaztelaniaz beste batzuk. Haatik, eduki bat bera da idazlan denetakoa: katalanaren egoera linguistiko, sozial eta politikoari dagozkion alderdiak lantzen dira guztietan ere. Izenburua ere ez da alferretan emana, erakutsi hitzaren bi adierak ekarri nahi dituelarik gogora: hizkuntzaren alderdi haiek irakurleari erakustea, batetik, eta, bestetik, berriz, hizkuntzak lurralde historikoan dituen presentzia eta iraupena errebindikatzea.

Hamar kapituluz osaturik dago Joan Solaren lan hau. 1991n idatzitako hitzaldia da lehenengoa eta, azkena, aldiz, 2003an ondutakoa. Lehenengoetan handiagoa da optimismoa, azkenetan baino. Are gehiago, azkenetan, hizkuntzaren egoera guztiz ageri da dramatikoa. Egileak dioenez, "norberak izan behar du egiten duen diagnostikoaren jabe, eta haren ondoriozko ekintzen jabe: nirea, eguneroko errealitate milaka aurpegidun hori ezagutzea da eta nire auzokideei ez ezik, kanpoko interesatuei ere jakinaraztea".

Eta, zinez, horretan dihardu Solak. Hamarkada batean zehar egindako gogoetak ez dira bat-batekoak. Gogoeta sakona, interesgarria da Solak egiten diguna. Dela lege alderdia aztertzera jotzen duenean, edo errealitate sozialera hurreratzen denean, adibidez. Legeari dagokionez, esaterako, zera esango digu: "Espainiar konstituzioak gaztelania ez beste diren hizkuntzen aipamen llaburra egiten du (…) 'berariazko babes eta errespetua izango duten kultur ondare' direla esanez, baina ez dago haiei dagokien lege orokorrik, eta, ondorioz, konpontzen zailak diren gatazkak gertatzen zaizkigu askotan: adibidez, armada, botere judiziala, hedabideak eta garraiobideak tarteko direnean". Errealitate soziala dela eta, hizkuntz komunitateaz kanpoko elementuek jokatzen duten rola azpimarratuko digu Solak: "azken urteetan bizi izan ditugun gatazka eta haserrealdi ikusgarrienak ez dira hizkuntza bat izan eta hura berreskuratzen saiatzen ari diren komunitateen baitako zailtasun linguistikoengatik gertatu; aitzitik, interes politiko edo ideologikoengatik eragin izan dituzte".

Joan Solak ez dio errealitateari itzuri egiten. Eguneroko bizitza du ardatz eta bertatik ari da edaten. Egungo katalana eta XXI. mendekoa aztertzera jotzen duenean, esate baterako, zer pentsa handia ematen duen gogoeta egingo du literatur lanen katalanezko itzulpenak ardatz harturik. Solak dioenez, itzulpen tradizio nabarmena du katalanak. Gertatu ere izan da zenbait lanek lehenago ikustea argia katalanez, gaztelaniaz baino. "Bada, urteak dira gaztelaniaz argitaratzen duten etxeek egile eskubideak blokeatzen dituztela (…) lanak gaztelaniaz hainbat argitalpen izan arte baino ez dute uzten katalanez itzul dadin. (…) Ezinezkoa dirudi sei, zazpi milioi erosle potentzial dituen hizkuntza batek, hirurehun milioi hiztun jator dituela harro esaten duen hizkuntza bati itzal egitea".

Hizkuntzalaritza ere ez du bazter uzten egileak. Pompeu Fabra (1868-1948) hizkuntzalari eta idazlea aitzakiatzat hartu eta katalanaren gaineko ikerketak zertan diren azalduko digu, zehatz, eta urratu beharreko bideak seinalatuko. Besteak beste, kritika bibliografikoaz ariko da, kritika ezaz, alegia. Solak dioenez, liburu gehienek aipua izan ohi dute egunkarietan -goresmenezkoa, egilearen edo argitaratzailearen lagun batek egina izango baita-, baina hizkuntzalaritza katalanean askoz okerragoa da egoera: "kasu horretan, 'kritika' ez da aurkibidearen errepikapen edo parafrasia eta arestian esan dugun goresmena besterik izango; dena den, oro har, ez dago isiltasunik handiena edo komentatu beharreko lanen aukera absolutuki alderdikoia baino".

Gai asko jorratu ditu Joan Solak hamar urtean eta, liburuan erakutsi duenez, zentzu onez jorratu ere. Ez dira gazte heldu gabearen arrazoi galduak. Gai beraren hamaika alderdi azterturik ere, senez ari da. Gaztelaniaren hegemonia eta horren ostean ageri den espiritu integrista aztertu eta salatuko du; Estatu, nazio, aberri eta hizkuntza "berdintzen dituen lelo zaharra leku guztietan dago" esango digu; hitzean eta hortzean dabilen elebitasunaz ari eta esango du: "Katalunian ondo baino hobeto dakigu [elebitasunak] katalanen benetako elebitasuna esan nahi duela; gaztelania hiztunek, nahi badute, hizkuntza bakar batekin bizitzen segitzen dute gure artean". Beste batean, berriz, "hizkuntza minez" jardungo du, gurean ere oso kontuan hartu beharreko "mina" baita…

Katalanaren gaurko egoeraren deskribapena egin nahi izan du Joan Sola irakasleak, demagogiatik eta oinarririk gabeko alarmismotik aparte. Herrialde Katalanetako hizkuntza identitateari buruzko konplexurik gabeko idazlan eredugarria da, zalantzarik gabe, Ensenyar la llengua.

Aurkibidea:

A manera de presentació

  1. El catalán en la Europa del 92
  2.  El catalán actual y el del siglo XXI
  3.  Passat i present de la discusió sobre el futur de la llengua catalana
  4.  Panorama de la llengua catalana
  5.  La lengua catalana, un caso singular
  6.  Impressions d'una estada a Los Angeles
  7.  Cartes a Jesús Royo
  8.  La societat i la llengua
  9.  Sobre "El català: mirades al futur"
  10.  Sobre "Dolor de llengua"

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Katalana eta gaztelania
  • Argitaratzailea: Empuries argitaletxea, Barcelona
  • Urtea: 2003
  • Orriak: 240
  • ISBN: 84-759-6996-8
Azken eguneratzea: 2007/05/14