Euskaltzaindia
Euskararen sustatzea. Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2006)


'Euskararen sustatzea. Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2006)' liburuaren azalaHogeita hamar urte igaro dira Euskaltzaindia Hego Euskal Herrian ofizial denetik. 1976. urteko lege dekretuak ate berriak ireki zizkion Euskararen Akademiari, hau da, bere ahotsa eta iritzia aldarrikatzeko aukera, euskararen alde. Liburu honetan , urte hartatik honakoan Euskaltzaindiak egin dituen adierazpenak bildu dituzte. Adierazpenak, bistan da, ez dira nolanahikoak, kontuan harturik garai horrexetan etorri zaizkiola euskarari ofizialtasunaren ondorioak.

Sortu zenetik euskarari babes eman eta gure hizkuntza sustatzen jardun du Euskaltzaindiak, Jagon Sailaren bidez. 1976an onartu zen dekretuak bide horretan are indar handiagoz jarduteko ateak ireki zizkion akademiari. Bestalde, giro-garaiak ere halakoak, hainbat aldiz jardun behar izan du Euskaltzaindiak gandu artean gidari eta ilunpetan argi-emaile. Hogeita hamar urte honetan Espainiako estatuak ofizialtasuna aitortu die gaztelaniaz besteko hizkuntza jakin batzuei (euskara, katalan eta galegoari, alegia). Hogeita hamar urte honetan, bestalde, euskararen lurraldea bitan banatu da Hego Euskal Herrian: Euskal Autonomia Erkidegoa, batetik, eta Nafarroako Foru Erkidegoa, aldiz, bestetik.

Ipar Euskal Herrian ere aldaketak izan ditu hizkuntzei dagokien araubideak. Toubon legea eta Frantziako Errepublikaren Konstituzioan  izan diren mudantzak, eta euskararen hizkuntza politika abiatu berriak aro berri bat ari dira irekitzen. Euskaltzaindiari berari dagokionez, aintzat hartu beharrekoa da Frantziako Errepublikak 1995ean aitortu zion nortasun juridikoa.

Aurrekoez gainera, ordea, esparru berri-berria dugu gaur egun: Europa, alegia. Europaren eskutik ere hainbat arau eta lege heldu zaizkie eremu urriko hizkuntzei eta, besteak beste, gure hizkuntzari.

Euskaltzaindiaren baitan, Jagon Sailaren egitekoak dira euskararen erabilera-eremuak eta esparruak aztertzea eta bultzatzea eta horrela plazaratu ditu liburu honetan jaso diren adierazpenok. Batean, hizkuntza politikaren gaineko aholku ematea egokitu zaio. Bestean, euskararen aurrerakuntzari buruzko iritzia. Hurrengoan, erakunde ezberdinek (gobernua, parlamentua…) eskatu izan dioten iritzia plazaratu du. Horixe dugu, beraz, liburuaren funtsa eta mamia, 1976tik 2006ra bitartean euskararen sustatzea dela eta Euskaltzaindiak egin dituen adierazpenen bilduma.

Liburuan, bistan da, ez dira hogeita hamar urtean Euskaltzaindiak egin dituen adierazpen guztiak bildu, bi irizpide jakinen araberakoak baizik. Lehena, irizpide kronologikoa, hau da, akademia legeztatu zenetik gaur arteko testuak batu dira: Euskaltzaindiaren nortasuna aitortzen duten testuak eta, euskararen ofizialkidetasuna dela eta, horri dagozkion lege-testuen gaineko adierazpenak. Bigarren irizpideari dagokionez, hainbat erakunderen aurrean eginiko agerpenak eta txostenak genituzke; hauetan, hamaika dira jorraturiko sailak: Nafarroako Gobernuari zuzendutakoa, toponimiari buruzkoak, Miguel Sanzi egindakoa, Euskal Herria izenaren gainekoa, Egunkariaren itxieraz zabaldutakoa…

Ordea, bestelako lanik ere bildu da liburura: euskararen estatusa arautzen duten lege-testu zati aukeratuak, Hego nahiz Ipar Euskal Herrian indarrean daudenak. Horiei, Europa mailako lanabes juridikoa erantsi die Euskaltzaindiak: Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako gutuna izenekoa, alegia.

Aurkibidea:

Aurkezpena. Andres Iñigo, JAGON sailburua
Atarikoa. Andres Urrutia, Sustapen Batzordeko kidea

A. Adierazpenak
B. Eranskinak

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaratzailea: Euskaltzaindia, Bilbo
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 180
  • ISBN: 84-95438-28-3
Azken eguneratzea: 2007/03/20