Meyerhoff M.
Introducing Sociolinguistics


"Introducting Sociolinguistics"Soziolinguistikari buruzko oinarrizko liburua da Introducing Sociolinguistics izenekoa. Arloaren sorrerari dagozkion berriak azaltzen dira bertan, gaur egun soziolinguistikari berezko zaion diziplinartekotasunarekin batera. Dialektoak eta idiolektoak, hizkuntza-jarrerak, eleaniztasuna eta hizkuntza-aukera, generoa, hizkuntza baitako aldaketak… era teoriko-praktikoan lantzen dira, adibide, grafiko eta leihatilaz betetako liburu guztiz didaktikoan.


Soziolinguistikaren alderdi ezberdinak lantzera dator liburu hau. Betiere, soziolinguistikariek hizkuntza aztertzeko duten modua du abiapuntu eta, hiztunak hizkuntza erabiltzeko dituen era askotarikoak azaldu ez ezik, erabilera horiek zein neurritaraino dauden gizarte egiturei loturik ere agerian uzten du. Introducing Sociolinguistics honek berritzaile ere izan nahi du, ordea, eta soziolinguistika klasikoak aspaldian erabili dituen xedeak badarabiltza ere, ikuspegi berri batetik jardun asmo du. Egileak hogeitaka urte daramatza unibertsitatean soziolinguistika irakasten  eta eskarmentu horixe baliatu du liburu praktikoa osatzeko.

Miriam Meyerhoffen lana ohiko soziolinguistika lanak ez bezalakoa izan nahi du, beraz. Hasteko, zientziaren definizio, helburu, historia eta gainerakoak azaldu beharrean, hiztunek beren buruak besteren aurrean aurkezteko, identifikatzeko edota bereizteko asmotan, zein eratara erabiltzen duten hizkuntza aztertzen du. Erabilera horri dagokionez, egileak norbanakoak egiten dituen aukerak, estilo ezberdinak, errepertorioak eta beste, aztertzen dizkigu. Meyerhoff xehetasunetik abiatu da liburuan, ikasleek soziolinguistikaren aztergaietara errazago hurbilduko direlakoan; badaki, izan ere, hiztunok testuinguruaren arabera era jakin batera edo bestera baliatzen dugula hizkuntza,. Meyerhoffek praktika gutxi-asko kontziente horixe hartu du abiapuntu liburuan: irakurle zein ikasleek beren eguneroko esperientzian egiten dutena zientziaren bidez artikulatzera jo du. Oinarri horren arabera antolatu du liburua ere: bariazioa eta hizkuntza, bariazioa eta estiloa, hizkuntza-jarrerak, hizkuntza-egokitasuna eta eleaniztasuna dira hasierako kapituluetan aztertzen direnak.

Meyerhoffen lanaren helburu nagusietako bat da irakurleak hiztun bakoitzaren eta hizkuntzaren barietate handiaren arteko harremanez jabe daitezen, eta horren arabera antolatu du bere lana. Hori bideraturik, hau da, hiztunok nola jokatzen dugun badakigularik, jokaera horren azpian gorderik dauden azalpen teoriko soziolinguistikoetan sakontzera joko du autoreak: atsegin jokatzea, gizarte mailak, generoa, hizkuntza estandarra eta dialektoak…

Azalpen teorikoak ez ditu aski egileak, eta bestelako bi bide ere erabili ditu lan honetan. Batetik, ariketa praktikoak; ez, ordea, testuak azaldutakoaren arabera besterik gabe erantzutekoak, irakurlea are aurrerago joanarazi eta pentsarazteko baizik, ondorengo ataletan azalduko denari buruzko aurreusteak izan ditzan. Bestetik, leihatilak baliatuko ditu eta, egunkari eta aldizkarietan egiten den moduan, testuan garrantzi handieneko den informazioa koadro berezian erakutsiko digu.

Soziolinguistikari buruzko testuliburu praktiko eta guztiz didaktikoa da Meyerhoff irakasleak ondu duena.

Aurkibidea:

  • Chapter 1 Introduction
  • Chapter 2 Variation and Language
  • Chapter 3 Variation and Style
  • Chapter 4 Language attitudes
  • Chapter 5 Being polite as a variable in speech
  • Chapter 6 Multilingualism and language choice
  • Chapter 7 Real time and apparent time
  • Chapter 8 Social class
  • Chapter 9 Social networks and communities of practice
  • Chapter 10 Gender
  • Chapter 11 Language contact
  • Chapter 12 Looking back and looking ahead

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Ingelesa
  • Argitaratzailea: Routledge, Great Britain.
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 228
  • ISBN: 10: 0-415-39947-5
Azken eguneratzea: 2007/02/22