Anaut, D.
Txokotik zabalera. Normalizator, Supersen eta euskararen munduko bestelako fauna.


'Txokotik zabalera' lanaren azalaEuskarak eragin ohi dituen hamaika buruhauste, galdera, erantzun eta egoera abiapuntu hartu eta gure hizkuntzaren gaineko azterketa bitxia egin du Dabid Anautek liburu honetan. Besteak beste, hainbat egoera zail gainditzeko proposamenak aurkeztu ditu egileak, umorez betiere, hori baita lan honek duen ezaugarri agerikoetako bat.

Euskararen munduak badu tragediatik, euskararen galera tragedia handia litzatekeelako. Horrekin batera, ordea, badu komikotik ere, euskara biziarazteko ahaleginean komediatik oso hur dauden planteamendu eta ekimen asko dugulako. Dabid Anaut euskara-teknikariak umorez eta ironiaz jardun nahi izan du euskararen inguruko hamaika auziren gainean, gaia desdramatizatzeko asmotan, inondik ere. Egileak hainbat tesi eta kritika egin eta bildu ditu liburu honetara, irakurleari hausnarketarako eta eztabaidarako aukera eman nahirik.

Anautek gure hizkuntzaren unibertsoari zuzen-zuzen lotzen zaizkion hamaika gai jorratzen ditu liburuan, umorez mukuru. Azpitituluan ageri diren Normalizator eta Supersen, adibidez, gure egoera azaltzeko baliatuko ditu: "Zure ikastetxean D ereduko haurrek erdaraz egiten dute atsedenaldian? Udaleko hirigintza-ataleko espedienteak gaztelaniaz sortzen dira? Zure auzoko gazte-kuadrilletan euskararen erabilerak %5 egin du behera azken urtean? Kronogramak ezin betez zabiltza? Bada, NORMALIZATORen laguntza behar duzu". Alegia, euskararen normalizazioaren superheroia dukegu Normalizator. Baina, hori ez ezik, beste superheroi asko eta asko ere asmatuko dizkigu Dabid Anautek, hizkuntzaren normalizazioaren bidean: "Supersen", "Moblizator", "Planifikator", "Posibilator", "Berbakop"… Superheroiez ari bada ere, ikasgaia du helburua Anautek. Haren arabera, formulazio teoriko-praktiko guztiek dute egiaren puska eta, ondorioz, osagai -edo superheroi-, guztiekin osatu beharko genuke "euskararentzat errezeta osoa eta erabatekoa".

Umorea ez ezik, sarkasmoa ere ez du aparte egileak. Betiere, bene-benetako egoera du ardatz eta helburu. Azala dugu jostagarri; bestela da mamia. "Ikasi gaztelaniaz euskara zerbitzuaren laguntzarekin. Euskarazko udalekuak direla-eta, haur euskaldun ia elebakar baten amak antolatzaileari esana: 'horrela erdara praktikatuko du'. (…) Inguru euskaldunetako eta erdaldunetako haurrak elkartuta, askotan erdara ama-hizkuntza dutenen hizkuntza-joera nagusitzen da, eta urte osoan ia erdaraz hitzik esaten ez duten haurrek, orduantxe praktikatzen dute eskolan ikasitakoa". Anautek gure errealitate soziolinguistikoari egotziko dio gertakaria.

Dabid Anaut Elhuyar Aholkularitzako teknikaria da egun baina euskara teknikaria izan da Bortzirietako eta Leitzaldeko udaletan hamahiru urtez. Liburuan lanbidetik bertatik ari da, ezinbestean. "… hainbat herritarri zeharo arrotza gertatzen zaio euskara teknikariaren 'kontzeptua'. 'Euskara teknikaria?' esanen dizute, guk geuk, adibidez, 'Asociación de Amigos del Ferrocarril' entzunda erakutsiko genukeen harridura bertsuaz, gutxienez". Arroztasun horren adibide eta froga dira, Anauten esanetan, lanbidearen izenak jendearen ahotan hartzen dituen forma ezberdinak: "euskal teknikaria", "euskararen teknikaria", "euskarazko teknikaria", "euskaldun teknikaria"… eta, okerrenean, Anautek berak zuzen-zuzenean entzundakoa: "zu al zara euskara batzordea?".

Finean, gure errealitate soziolinguistikoari begiratzeko bestelako modu bat, beste ezein bezain benetakoa, beste asko baino umoretsuagoa. Arestian esan dugunez, euskararen munduak badu tragikotik, badu komikotik, eta bietarik jardun du Dabid Anautek Txokotik zabalera honetan, euskararen unibertsoa bertatik bertara ezagutzen duen profesionalaren eskarmentu handia baliaturik. Liburuari hitzaurre egin dion Kike Amonarrizek ongi idatzi duenez, "Dabid Anautek ez du ikerketa eta analisi lan hau teknikarien zer-nolakoak aztertzera mugatu nahi izan, eta urrats bat aurrera egin du, 'euskalgintza' edo 'hizkuntza normalizazio prozesua' izenez ezagutzen ditugun mugimendu harrigarri, arraro eta ezezagun horietara hurbiltzeko. (…) Lan bikaina (…), inguratzen gaituzten errealitate ulertezin hauen klabeak ezagutu eta hobeto interpretatzeko".

Aurkibidea:

  • Hitzaurrea
  • Euskararen botikak
  • Argitu gabeko misterioak
  • Soziolinguistikaz kantari
  • Normalizator eta Supersen
  • Absurdoaren lurraldearen barna
  • Haur hizkera
  • Dakikezueketeke
  • Bertso-terapia
  • Euskararen kalitatea
  • Euskalgintzaren hiztegia berritzen
  • Gramatika Unibertsala
  • Euskararen historiako bestelako mugarriak
  • Ia-euskaldunak
  • Filologoa
  • Euskalkiak, Auskalkiak, Euskalkoak eta beste
  • Euskara teknikaria
  • Berritu edo hil
  • Familia kontuak
  • Nafar euskaltzalearen dekalogoa
  • Hobetu zure euskara
  • Euskal Gramatikaren Osagaien I. Biltzarra
  • Badugu plana!

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaratzailea: Alberdania argitaletxea. Irun
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 196
  • ISBN: 84-96643-27-1
Azken eguneratzea: 2007/01/31