Vila, I., Siques, C., eta Roig, T.
Llengua, escola i immigració: un debat obert


'Llengua, escola i immigració: en debat obert' lanaren azalaGarai batean ez zuen aniztasuna du gaur egungo gizarteak: identitate, hizkuntza, erlijio, kultura eta etnia heterogenotasun handiak arazo berriak ekarri ditu Katalunia, Balear Uharte eta Valentziako hezkuntza-sistemetara. Hiru sistemok ikasleei katalanaren ezagupen egokia eskaintzeko dituzten aukera eta zailtasunak aztertzen dira liburu honetan.


Urteak dira mendebaldeko gizarteetan dibertsitate etniko, linguistiko, identitario eta erlijiosoak gora egin zuenetik. Beste herrialde askotan bezala, gertakaria ez da arrotza Katalunian, eta joan deneko hamarkada da adibide; alegia, pertsona inmigranteen kopurua inoiz ez bezala hazi zen hamar urte horietan. Migrazio horren ondorioak nabarmenak izan ziren hezkuntza-sistemetan eta, harrezkero, etengabea da eztabaida, analisia eta gogoeta. Batetik, hiritartasun kontzeptua -eta hari dagozkion ahalmen, balio eta jarrerak-, birdefinitu beharra gertatu da; bestetik, hezkuntza-praktika hiritartasun kontzeptu berri hartara egokitu beharra, berdintasunean oinarrituriko gizarte kohesionatua posible izan dadin.

Liburu honetan eztabaidaren atal bat landu da: hizkuntzari eta eskolari dagokiona; esan nahi baita, nola sustatu, eskolatik abiaturik, hizkuntza komunaren ezagupena -katalana, kasurako-, kanpotik datorren hizkuntza-dibertsitatea errespetatuz eta bultzatuz. Edota, zertan lagun dezakeen eskolak, katalana izan dadin dibertsitatearen hizkuntza. Eztabaida eta gogoeta horri ekarpen egin nahiko lioke Llengua, escola i inmigració: un debat obert lan honek.

Hiru sail nagusi ditu liburuak. Lehenengoan, azken urteotan gertatu diren migrazio-fluxuak eta etorkizunerako joerak aztertu dira. Horrekin batera, atzerritar ikasleen eta beraien familien ezaugarriak landu dira; besteak beste, hezkuntza-maila eta dibertsitate linguistikoa hartu dira kontuan. Era berean, katalanaren ezagupenari buruz azken urteotan Balear Uharteetan, Katalunian eta Valentziar Herrian egin diren azterlanak ere bildu dira; horri dagokionez, arreta berezia jarri zaie atzerritar umeen emaitzei.

Bigarren sail nagusian, hezkuntza eleanitzaren iragana eta geroa aztertu dira. Jakina denez, ikasle askorentzat, eskolaratzeak hizkuntza-aldaketa dakar; hau da, askok eta askok etxeko hizkuntza ez beste bat dute eskolakoa. Liburuan, jardunbide horren oinarri teorikoak laburtu dituzte, eta oinarrion garrantzia eta, haiek idatzi zirenez gero, piztu diren gogoeta eta eztabaiden ondorio eta oharrak ere erantsi dituzte. Sail honen amaieran, bestalde, atzerritar ikasleek katalana menderatzeko behar duten denborari buruzko datuak aurkezten zaizkigu; horren bidez, katalanaren bereganatze prozesua nola gauzatzen den azaltzen digute egileek.

Azkenik, hirugarren sailean, etxetik eskolarakoan gertatzen den hizkuntza-aldaketa sostengatzen duten programak eztabaidatzen dira eta, batik bat, antolaerari eta metodologiari dagozkion zehaztasunak azpimarratzen. Inplikatuek eskola-ekintzetan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratzen da, bai eta ahozko hizkuntzaren eta ikasketa kooperatiboarena ere, ikasleak hizkuntza behar bezala eta benetan ikas dezan.

Migrazio berriak hezkuntza-sistemara ekarri, eta ekarriko, dituen aldaketa eta ikuspegi berriei buruzko gogoeta interesgarria. Gurean ere oso aintzakotzat hartu beharrekoa.


Aurkibidea:

Introducció

  1. Deu anys de canvis als sistemes educatius
  2. El coneixement de llengua catalana i de llengua castellana entre l'alumnat de les Illes Balears, de Catalunya i del País Valencià
  3. L'educació bilingüe: una guia per als sistemes educatius
  4. Alumnat estranger, temps d'estada i llengua de l'escola
  5. Pràctica educativa i educació bilingüe
  6. Les aules d'acollida a Catalunya
  7. Conclusions

Referències bibliogràfiques

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Katalana
  • Argitaratzailea: Biblioteca d'Articles, Editorial Grao. Bartzelona.
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 176
  • ISBN: 84-7827-457-X
Azken eguneratzea: 2007/01/30