Urteaga, Eguzki
La langue basque dans tous ses états. Sociolinguistique du Pays Basque


'La langue basque dans tous ses états. Sociolinguistique du Pays Basque' liburuaren azalaEuskararen errealitate konplexua ulertu ahal izateko elementuak azaltzen dizkigu Eguzki Urteagak liburu honetan. Zenbait aldizkari espezializatutan argitaratu dituen artikuluak bildu eta gure hizkuntzaren egoerari buruzko irudi osoa ematen digu. Finean, euskararen egoeraren ezberdina azpimarratuko digu, ingurune soziolinguistikoaren eta errealitate politiko-administratiboaren mende dagoela adieraziz.

Zein dira, adibidez, EAEren eta Ipar Euskal Herriaren arteko berdintasunak, kontuan hartuz lehenengo hartan euskara koofiziala dela eta erakunde espezifikoak, hizkuntza biziberritzeko politika indartsua eta haren araberako aurrekontua dituela, eta, aldiz, bigarrenean, gure hizkuntzak ez ofizialtasunik ez aitortza politiko-administratiborik duela, eta hizkuntza-politika zalantzaz beterikoa dela? Galdera horrexek du abiarazia Eguzki Urteagaren lan hau.

Egileak aurreko galdera horren arabera banatu du liburua, bi zati ongi bereizitan. Lehenengoan, euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoera aztertuko du eta, bigarrenean, EAEko eta Nafarroako kasuak.

Lehenengo zatiak bi atal ere baditu. Batean, Ipar Euskal Herriaren gainean jardungo du oro har. Bestean, BAMeko (Baiona, Angelu, Miarritze) egoera aztertuko du. Lehenengoari dagokionez, euskarak Frantzian duen egoera, bilakaera eta prospekzioa aztertzen ditu Urteagak. Berak dioenez, etenik izan ez duen galera-aldi baten ondoren, irudi luke euskararen egoera egonkortzen ari dela. Bestalde, familia bidezko transmisio edo ondorengoetaratzeak gorantz egin duela diosku. Era berean, euskararen biziberritzeak haren garapenaren aldeko azpiegitura sendotzea behar duela azpimarratuko du.

BAMeko egoerari dagokionez, euskara eta okzitanierari begira jarri da egilea, hau da, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren erdia biltzen duen mikrolurraldera. Urteagaren arabera, belaunaldi berriek aurrekoek baino interes handiago dute euskararekiko, nahiz eta hiri-bilgunean bizi, nahiz eta biztanleria berritu, nahiz eta erregio-hizkuntzek irakaskuntzan, hedabideetan eta garraio publikoetan presentzia urria izan, eta nahiz eta euskararen eta okzitanieraren ezagutza txikia izan. Egileak, bestalde, BAMeko irakaskuntza elebidunaren egokitasunaren gaineko azterketa egiten du, adieraziz eskaria askoz handiagoa dela eskaintza baino.

Lanaren bigarren zatiari gagozkiola, EAEko eta Nafarroako egoerak ditu aztergai egileak. Batetik, bi administrazio-lurraldeetako hizkuntza-politiken ezberdintasunak aztertzen ditu. Bertan, bilakaera soziolinguistikoa, lehen hizkuntza eta hizkuntza-gaitasuna, hiztunen irabazi-galerak, erabilera- esparruak eta hizkuntzaren sustapenaren aldeko jarrerak landu ditu.

Euskararen lege estatusari ere atal bat eskaini dio Urteagak bigarren zati honetan. Gure hizkuntzak EAEn duen koofizialtasun estatusa eta Nafarroako egoera mistoa azaldu eta esango du: "Euskararen estatusa guztiz ezberdina da Frantzian, ez baitzaio aitortzen inolako koofizialtasunik".

Azken atalean, EAEko administrazioaren normalizazio plana aztertu du egileak, haren helburu, lehentasun, irizpide, gauzatze eta ebaluazioaren berri emanez.

Aztertuak azaldu eta gero, ondorioetan, galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza baten biziberritzeak nahitaezkoa duen neurria azpimarratuko du Eguzki Urteagak: haur hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko irakaskuntza eskaintza hizkuntza hartan egitea. Gizarte batek hori eginagatik ere, Fishmanen hitzak berrituko ditu liburu honen egileak: "Batez ere, bi modutara luza eta indar lezake gizarteak eskola-ekintza: batetik, sentimendu eta emozioetan oinarritutako pizgarrien bidez; bestetik, berriz, hizkuntza hura jakiteak dakarren erabilera instrumental eta praktikoaren bitartez".

Aurkibidea:

Introduction

Première partie. La langue basque en France

  • Chapitre 1: La langue basque au Pays Basque français
  • Chapitre 2: Les langues régionales dans le BAB
  • Chapitre 3: L'enseignement bilingüe dans le BAB

Deuxième partie. La langue basque en Espagne

  • Chapitre 4: L'évolution de la langue basque en Espagne
  • Chapitre 5: Le statut de la langue basque en Espagne
  • Chapitre 6: Le Plan de Normalisation Linguistique dans la fonction publique de la CAB

Conclusion
Bibliographie

Liburuaren ezaugarriak:
  • Hizkuntza: Frantsesa
  • Argitaratzailea: L'Harmattan, Paris.
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 118
  • ISBN: 2-296-00478-4
Azken eguneratzea: 2007/01/10