Freeland, J. eta Patrick, D. (ed.)
Language Rights and Language Survival.


'Language Rights and Language Survival' liburuaren azalaGiza eskubide linguistikoen gaineko eztabaida gero eta zabalduagoari ekarpen egin asmo du lan honek. Bertan, batera jartzen dira hizkuntza-eskubideei, hizkuntzen biziraupenari eta hizkuntza gutxituen plangintzari dagozkion hainbat ikerketa. Lekuan lekuko kasu eta egoerak abiapuntu harturik ari dira liburuan parte hartu duten ikertzaileak eta Afrika, Asia, Ipar Amerika, Ertamerika eta Europako zenbait testuinguru espezifiko jorratu dituzte artikulu bidez.

Liburuaren argitaratzaile Jane Freeland eta Donna Patrickek diotenez, zenbait hamarkada ere igaro dira hizkuntza-eskubideei eta hizkuntza-biziraupenari buruzko gaiek garrantzia irabazi dutenetik, bai ekintzaile eta bai ikertzaileen artean. Denak ere kezkaturik daude hizkuntza indigenak eta bestelako hizkuntza gutxituak direla eta ez direla, nork bere arrazoiak baditu ere. Alditan, haurrak, berarena ez den hizkuntza batean nahitaez eskolatzeagatik, izan dituen desabantailen ondorio da kezka; egoera hori bizi dutenek, hezkuntza haurraren Lehen Hizkuntzan egitea giza eskubide dela aldarrikatu ohi dute. Beste aldi batzuetan, estatuen hezkuntza-politikek munduko hainbat hizkuntza galtzeko arriskuan jarri dituztelako sortu da arrangura, ikertzaileen artean batik bat; oraindik orain, ekologiaren bidez adierazi dute haiek kezka, munduko kulturen arteko orekari eta erresistentziari eustea helburu dutela, hizkuntza-aniztasunaren bidez.

Dela "hizkuntza-eskubideak", dela "hizkuntza-biziraupena", bien inguruan bilbatu den diskurtsoa, komunitate gutxituak indartzeko eta emantzipatzeko balio duen arren, zailtasun eta kontraesanez beterik dago. Gehienetan, hizkuntza-eskubideak zein eratara bermatu behar diren zehaztea da koska eta, areago, eskubide haiek nola gauzatu behar diren eguneroko bizimoduan, bertatik bertarako errealitate soziolinguistikoan, aldian aldiko ondorio kaltegarri eta guzti. Liburu honetan, beraz, zailtasun eta kontraesan horietan barne abiatu dira ikertzaileak, hamaika testuingururen arabera, izan Afrika, Asia, Europa, Ipar Amerika edota Ertamerikako inguru jakin batzuetan.

Hamalau atal ditu liburuak eta, haietarik gehienak 2002an Ganten lanaren editoreek antolatu zuten Soziolinguistika Simposiumean burutu zen Language Rights and Wrongs izeneko solasaldian aurkeztu zituzten hainbat ikertzailek. Elkarrizketa haren helburua zen hizkuntza-eskubideei eta hizkuntza biziraupenari buruzko diskurtsoen azterketa kritikoa egitea, soziolinguistikaren ikuspegitik.

Liburuan, beraz, hizkuntza-eskubideei eta hizkuntza-biziraupenari loturiko diskurtsoak nagusi direneko testuinguruak landu dituzte artikulugileek. Era berean, diskurtso hark lekuan lekuko praktikarekin, aurreusteekin, eta hizkuntza-ideologiekin zein eratara elkar eragin duen ere aztertu dute. Testuinguruetako batzuetan, hizkuntza gutxituetako hiztunak bi diskurtsoen inguruan mobilizatu dira, beren hizkuntzaren eta hiztun taldearen berarentzako aitortza eta laguntza sinboliko eta materiala lortze aldera. Beste testuinguru batzuk nazioz gaindikoak dira; hauetan, hizkuntza-eskubideak akordio politiko eta ekonomikoen artean nahasirik daude. Azkenik, zenbait testuingurutan, hizkuntza gutxitua "hiltzat" jo da zenbait irizpideren arabera, nahiz eta tokiko pertzepzioaren arabera delako hizkuntza horrek bizirik irauten duen oraindik, eta baloratua izaten segitzen duen.

Hizkuntza-eskubideek eta hizkuntza-biziraupenak duten dimentsio kontzeptual eta enpiriko askotarikoari lotutako hamaika gai eta korapilo aztertzen dira lan honetan. Teorikoak dira artikuluetako batzuk (giza eskubide linguistikoen gaineko gogoeta, hizkuntza-eskubideei buruzko iruzkinak, hegemonia eta anbibalentzia…), eta, aldiz, tokian tokiko egoerari dagozkionak beste batzuk: Ontario hego-mendebaldeko lehen nazioen hizkuntzen biziberritze eta atxikipena, Txinako oroqen hizkuntzaren biziberritzea, Madrilgo eskoletako hezkuntza eta hizkuntza-politiken inguruko dilema ideologikoak, etab.

Artikulu guztietan ere, bi gai dira azpimarragarrien: batetik, hizkuntza-eskubideen diskurtsoaren indargune eta ahulezi bereziak, giza eskubideen diskurtso gero eta handiagoan "atal" berezi diren aldetik; bestetik, hizkuntza-babesari eta biziraupenari loturik garatzen ari den diskurtso "ekologikoa"-ren indargune eta ahuleziak lantzea, biodibertsitatea babestearen aldeko diskurtsoarekiko analogian.

Aurkibidea:
  1. Language Rights and Language Survival
    Sociolinguistic and Socioculturall Perspectives
    JANE FREELAND AND DONNA PATRICK
  2. Rethinking Linguistic Human Rights
    Answering Questions of Identity, Essentialism and Mobility
    STEPHEN MAY
  3. Rights in Places
    Comments on Linguistic Rights and Wrongs
    JAN BLOMMAERT
  4. Minority, but Non-Confrontational
    Balancing on the Double-edged Sword of Hegemony and Ambivalence
    VILLE LAAKSO AND JAN-OLA ÖSTMAN
  5. Revitalization and Retention of First Nations Languages in Southwestern Ontario
    REGNA DARNELL
  6. Linguistic Rights and Language Survival in a Creole Space
    Dilemmas for Nicaragua's Caribbean Coast Creoles
    JANE FREELAND
  7. Can a Language that Never Existed Be Saved?
    Coming to Terms with Oroqen Language Revitalization
    LINDSAY WHALEY
  8. Language and Intergroup Perception in Sabah
    A Case Study of the Rungus Ethnic Community
  9. The Politics of Language Rights in the Eastern Canadian Arctic
    DONNA PATRICK
  10. Language Rights and Linguistic Citizenship
    CHRISTOPFER STROUD AND KATHLEEN HEUGH
  11. Language Rights, Democracy and the European Union
    SUE WRIGHT
  12. Ideological Dilemmas in Language and Cultural Policies in Madrid School
    LUISA MARTÍN ROJO
  13. Language Rights and Wrongs
    A Commentary
    ALEXANDRA JAFFE
  14. Analysis and Stance Regarding Language and Social Justice
    MONICA HELLER
Liburuaren ezaugarriak:
  • Hizkuntza: Ingelesa
  • Argitaratzailea: St. Jerome Publishing, Manchester, UK.
  • Urtea: 2004
  • Orriak: 304
  • ISBN: 1-900650-74-6
Azken eguneratzea: 2007/01/10