Askoren artean
Llengua, empresa i integració econòmica. L'intercanvi econòmic com a font de canvi lingüístic


Katalan Ikasketa Institutuaren (Institut d'Estudis Catalans, IEC) ikerketa-lerro jakin baten barruko lana dugu irakurgai oraingoan, hau da, hizkuntza eta harreman sozio-ekonomikoak, hala gizabanakoen nola enpresen artean, aztertzen dituena. Ikerketa hau esparru ekonomiko eta linguistiko zehatz bati dagokio, Kataluniari, alegia. Europako merkatuan integratzeak arlo sozio-ekonomikoan katalanaren erabilerari zertan eta nola eragingo dion galdezka abiatu dira egileak IECren lan honetan.

Bi atal nagusi ditu liburuak. Lehenengoa (2. kapitulutik 4.era, biak barne), ikerketaren marko teorikoa garatzeari dagokio. Bigarren atal nagusian (5.etik 8.era), egindako kanpo-lanaren ondoriozko ebidentzia enpirikoak aurkezten zaizkigu.

Sarreraren ondoko kapituluan, adibidez, hizkuntzen garrantzia azpimarratzen da. Gure gizartea oso merkantilizatuta dago eta gizabanakoak ere zeharo inplikatuta bizi dira estatuz gaindiko ekonomia harremanetan. Giro horretan, hizkuntzak ondare handiko kapitalak dira, bai kapital humanoa direlako -mugikortasun soziala zeharo errazten dutenez-, eta bai kapital soziala ere -estatuz gaindiko harreman, balio, arau eta konfiantza sortzen laguntzen baitute. Europaren eraikuntzak dituen ekonomia arazoak azaltzen saiatuko da kapitulu hau, kapital sozialaren eta humanoaren ikuspegitik abiatuta.

Hirugarren kapituluak globalizazioa du aztergai, hizkuntzak eta ekonomia bata besteari gero baino gero lotzenago dituen prozesua delakoan. Ekonomia globalak gero eta hizkuntza-gaitasun handiagoa duten langileak behar ditu, baina, aldi berean,  gaitasun horiek garatzea, kapital linguistikoa Europako beste herrialde batzuetako pertsonekiko harremanen bidez garatzeko aukeren baitan dago. Faktore biok agenteen kapital ekonomiko, kultural eta sozialari lotuta daude.

Laugarren kapitulua gogoeta soziologikoaren arlokoa da. Bertan, hizkuntzek nazio estatua deitzen dugun ente politiko-geografiko horren sorrera, garapen eta gainbeheran duten egitekoa aztertzen da. Nazioen sorrerari buruzko diskurtsoa dagoen modu berean, nazioen akaberari buruzkoa ere bada. Eta, hain zuzen, gogoeta honetatik piztu da Europako Batasunari buruzko interesa, identitate prozesu berrien produkzioa ikasteko entitatea delakoan. Identitate horien eraikuntzan, hizkuntzen egitekoa baitezpadakoa da. Izan ere, nazionalismo politikoek gehien baliatzen duten adierazpidea, neurri handi batean, nazionalismo linguistikoa da, dela nazio estatu sendotuen kasuan, dela estaturik gabeko nazioenean.

Liburuaren bigarren atal nagusia, ebidentzia enpirikoari eskainitakoa, lau azpi-ataletan banaturik dago, lau eszenatoki linguistiko ezberdinen arabera. Bosgarren eta seigarren kapituluetan zentralizaziorik gabeko kontzentrazio estrategia diferentziatuak dituzten enpresa multinazionalen bi eredu (etnozentrikoak eta geozentrikoak) aztertu dira; era honetako enpresetan kooperazio maila handia behar dute eta, horrekin batera, arrakastaz abiarazi behar dituzte bai enteko zentroen arteko komunikazioa, bai eta hornitzaile eta bezeroekikoa ere.

Zazpigarren kapituluan industri aglomerazio jakin bati begira jarriko dira autoreak. Bertan, produkzio sistema lokal bat aztertuko da, lurraldearekiko oso lotura sozial handia izan duena, eta urteen joanean Europa Ekialdeko langile pila handia -errumaniarrak, gehienbat-, jaso duena.

Azkenik, zortzigarren kapituluan, enpresa txiki eta ertain zenbaiten estrategia linguistikoak aztertu dira liburuan. Europaren eraikuntza prozesuak aldaketak ekarri ditu enpresa horietara. Izan ere, dimentsio linguistikoa oztopo bezala bizi dute, zailtasunak baitituzte beraien aktibitatea nazioartera zabaltzeko eta atzerriko bezeroengana iristeko.

Ikerketaren autoreek diotenez, Europaren hizkuntza heterogeneotasuna gero baino gero bertago dugu ikuspegi sozioekonomikotik, bi arrazoirengatik bereziki: komunitateko hiritarrak gero eta errazago mugituko direlako, eta aldean eramango dutelako beren kapital linguistikoa. Horrek, nahitaez, eszenatoki linguistikoa aldaraziko du, bai eta lekuan lekuko enpresa askoren hizkuntza planteamendua ere.

AURKIBIDEA

  1. Introducció
  2. Els idiomes com a capital humà i com a capital social en la unió econòmica i monetària
  3. Globalització i ampliació de les comunitats de referència: els efectes sobre l'euro i els idiomes
  4. Euro, llengua i identitat. Racionalització lingüística i monètaria
  5. Polítiques i estratègies lingüístiques. Escenari 1: empreses multinacionals etnocèntriques
  6. Polítiques i estratègies lingüístiques. Escenari 2: empreses multinacionals geocèntriques
  7. Polítiques i estratègies lingüístiques. Escenari 3: un sistema productiu local
  8. Polítiques i estratègies lingüístiques. Escenari 4: la petita i mitjana empresa
  9. Conclusions

Annex
Bibliografia
Índex general
Índex de taules
Índex de figures

Liburuaren ezaugarriak

  • Hizkuntza: Katalana
  • Argitaratzailea: Institut d'Estudis Catalans, Bartzelona
  • Urtea: 2005
  • Orriak: 256
  • ISBN: 84-7283-802-1


Azken eguneratzea: 2006/12/13