Blackledge, A.
Discourse and Power in a Multilingual World.


'Discourse and Power in a Multilingual World' liburuaren azalaAdrian Blackledgek Erresuma Batuko politikari eta agintariek ingelesa ez den gainerako hizkuntzei buruz garatu duen diskurtsoa du aztergai. Diskurtso horrek, besteak beste, ingelesa ez beste hizkuntza bateko hiztunak kale istiluekin eta demokrazia arriskuan jartzeko saiakerekin lotzen ditu eta, nahitaez, kinkan jartzen hiritartasun eta nazionalitateak. Egileak marko metodologiko eta teorikoa lantzen du lan honetan, gizarte eta kultur prozesu eta egiturek atzean duten hizkuntz osagarria agerian jartzeko asmotan.

Gogoeta teorikoa da Blackledege irakasle eta pentsalariak liburu honetan egiten diguna. Zortzi atal ditu liburuak eta, atalez atal, hainbat elementu landuko dizkigu egileak bata bestearen ondoren, helburu duenera iritsi arte. Beraz, kapituluz kapitulu, hizkuntza, hizkuntz ideologiak, boterea, testuinguru eleaniztunak, diskurtsoa eta diskriminazioa giza esparruan, diskurtso politikoa, diskriminazioa, hedabideen rola, eta beste hainbat gai eta kontzepturen gaineko pentsamendua zehazten du egileak.

Lehenengo zazpi ataletan liburuaren tesiari oinarri jartzen ari zaigu Blackledege. Izan ere, ez da kasualitatea azken atalak liburuak berak duen izenburua izatea: Diskurtsoa eta boterea mundu eleaniztunean. Orduan, autoreak itzuli-mitzulirik gabe ekarriko du azalera liburuaren funtsa, hots, britainiar politikan garatzen ari den hizkuntzari buruzko eztabaida ideologikoak gorderik dituen argudio ezkutukoak, eta horrek jendearen uste, iritzi eta pentsamenduan eragiten dituen aldaketak.

Adrian Blackledgek arrazoitzen duenaren arabera, arrazoi berriak zabaltzen dituzten agintarien maila zenbat eta handiagoa izan -Legebiltzarra eta Home Secretary aipatzen ditu Blackledegek-,  orduan eta legitimotasun handiagoa dute argudio haiek gizartean.

Diskurtso liberal itxuran aurkeztu dituzten arren -berdintasuna eta justizia soziala aldarrikatzen dute beti edo gehienean diskurtso horiek-, Blackledegek uste du doi-doi kontrakoa defenditzen dutela: "ez-liberalismoarekin egiten dugu topo, liberalismoz mozorroturik. Argudio diskriminatzailea, sarri askotan, berdintasunezkoa balitz bezala aurkezten digute". Autoreak diskurtsoaren amarruak bistaratzen saiatzen da hirugarren kapitulutik zazpigarrenera, alderdi teorikoa landuz eta adibide zehatzak emanez. Estatuaren boterea, haren zapalkuntza sinbolikoa -Bordieuren hitzak baliatuko ditu autoreak-, estatua eta eleaniztasuna, eleaniztasuna eta hiritartasuna… aztertu eta kritikatuko ditu Blackledgek liburuan.

Adibide zehatzak ematen dituela esan dugu arestian eta, esaterako, 2001eko udan Londongo Bradford, Oldham eta Burnley-n gertatu ziren kale istilu gorriak ekarriko ditu gogora, hiritartasuna arautzeko lege proiektu berriak asiarren artean eragin zuen haserrea zela eta ez zela. Gobernuaren lege asmoak, besteak beste, hiritartasuna eskatu nahi zuten inmigranteei ingeles azterketa egitea aurreikusten zuen. Nazionalitatea, Inmigrazioa eta Asilo legea ekarriko du hizpidera, diskurtsoak ezkutuan gordetzen dituenak azaleratzeko: "Ingelesa erabiltzea da, beharbada, oinarrian balio komunak dituen kultura komun bateko komunitate ezberdinen bitarteko inportanteena". Blackledgek, beste behin, mozorroa kendu nahi izango dio diskurtso horren baitan ezkutatzen den ideologia zapaltzaileari. Izan ere, "kultura komuna", "oinarrizko balio komunak" eta gisakoak norabide bakarrekoak direla erakutsiko du autoreak, argi eta garbi.

Irakurtzekoa da Blackledgeren gogoeta-bidea. Diskurtso nagusiaren kontraesan eta ezinak azalera erakusteko asmotan, estatu eleaniztunean oraindik indarrean dagoen ideologia elebakarra ere aztertuko du. Besteak beste, politikarien eta hedabideen mintzoan Asiako hizkuntzei erantsi izan zaizkien alderdi negatiboak zerrendatuko ditu: "Ingelesa ez besteko hizkuntzak, desordena publikoarekin lotuta daude, gizarte banatua eta arrazazko biolentzia eragiten dutelakoan. Ingelesa ez besteko hizkuntza gutxituetako haurrak hezkuntza desabantailak dituztela esango zaigu, etxean hizkuntza gutxitu horiek hitz egiten dutelako. Ingelesa ez besteko hizkuntzak segregazio sozialari lotuta ageri dira, ingeles elebakarrak haiekin hitz egiteko gai ez direlako…".

Dudarik gabe, guztiz gogoeta interesgarria dugu Adrian Blackledgeren hau. Botereak erabiltzen duen aho biko hizkuntzak ezkutatzen duen ideologia erakusten digu liburu sakon eta inteligente honek.

AURKIBIDEA
Preface
Acknowledgements
  1. Language, ideology and power
  2. Language ideologies in multilingual contexts
  3. Discourse and discrimination in the social arena
  4. Political discourse and the rhetoric of discrimination
  5. Political discourse and the media
  6. Representing the voice of the people
  7. The legitimation of discriminatory discourse
  8. Discourse, power and the multilingual world
Notes
References
Index
Liburuaren ezaugarriak
Azken eguneratzea: 2006/10/30