Xamar
Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza.


Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza (Xamar)Euskararen historia, Euskal Herriarenarekin batera. Edota, alderantziz, Euskal Herriaren historia, hizkuntzaren bidean. Horixe da liburuaren egile Xamarrek burutu duen asmoa, urteetan egin izan diren ikerketak, bildu izan diren datuak eta idatzi izan diren berriak abiapuntu harturik. Horiek denak bata besteari egoki josi eta euskara jendearen -alegia, euskaldunen-, historia bizia ondu du.

Hizkuntza, historia eta hiztunak. Hiru hariok lotu ditu Xamar idazleak Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia honetan. Aurreko Orekan. Herri eta hizkuntzen ekologiaz lanean aztertu zituenak osatu ditu bertan. Herria eta hizkuntza izan ziren estakuru orduko liburuan eta beroriek dira oraingo liburuaren aitzakia ere, nahiz eta, horretarako, Orhipean lanean erabilitako molde dibulgaziozko eta ikusgarrira itzuli den egilea.

Euskara Jendea gure hizkuntzaren historia da, hiztunen bidez kontatua. Edo, bestela esanik, Euskal Herriko hiztunen historia, hizkuntza ardatz harturik. Xamarrek ezin bereizi ditu bata bestetik. Esana du lehendik ere: "Hizkuntzaren bidez gara euskaldun. Bestenaz, beste zerbait ginateke".

Berrogei atal ditu liburuak, Historiaurrean hasi eta gaur artekoak kontatzen dizkigutenak. Kronologikoki eratua dago lana eta lau ildoren arabera banaturik: gertakizunen ildoa, lekukoak, idazleak, eta bisitariak. Horrela egin eta jakingarri asko bildu ahal izan du liburuan, era guztietako edukiak txertatuz ildo bakoitzean: historiari dagozkionak, soziolinguistikakoak, politika administrazioarenak eta abar. Azalpen nagusi bat dugu atal bakoitzaren hasieran eta, ondoren, idazle, bisitari eta lekukotasun zuzenen tartea, guztiz irakurgarriak, gure herri eta hizkuntzaren gainean bertako autoreek ez ezik, kanpokoek (bisitariek), idatzi zutena eskuera izan dezagun. Eta atal guztiak, argazki, irudi, ilustrazio eta askotariko material grafikoz lagunduta.

Liburua galeria oso bat da. Gaietan, "Erromatarrak", "Nafarroa konkistaturik", "Protestantismoa", "'Sorgin' ehizean", "Kontzientzia piztuz" eta gisakoak ditugu. Idatzietan, Ibbn Hayyan, Benjamin Tuterako, Linguae Vasconum Primitiae edo Ez Dok Amairu izango ditugu. Bisitarietan, berriz, Aimery Picaud, Marineo Siculo, Victor Hugo edota Orson Wells. Finean, unibertso oso bat, euskararena, alde askotatik azaltzen zaiguna.

Liburuan, gehienbat iraganari begira jarri da egilea, eta arrazoitu du jokaera hori: "Etorkizuneko gakoak, anitzetan iraganean dira. Gako horiek behin eta berriz errepikatzen dira: zergatik, zertarako, nola motibatu, nola egin aitzina euskara atxikiz… Gure historian dira horiek eta azalera ekarri nahi izan ditut, ez justifikazio bila joateko, ohartarazteko baizik".

Eta, azkenik, liburuaren helburu eta nahia azaltzen dituen adierazpena, Xamar berarena: "Nire ustez, herri honetan izugarrizko leizea dago egiten den ikerketaren eta jendeak, oro har, bere buruaz duen jakintzaren artean". Egilea alde hori berdintzen saiatu da liburu honetan, ikerketak euskara jendearen eskuera jarriz, jakintza transmititzeko ahaleginean.

Aurkibidea

Aitzin solasa
Sarrera
HISTORIAURREA

  1. Hastapenak
  2. Aniztasuna
  3. Aitzinako Euskararen berriak
  4. Artzain eta nekazari herria
  5. Indoeuropar herria
  6. Auzo herriak
  7. Zeltak
  8. Historiaren atarian

    AITZIN AROA

  9. Erromatarrak
  10. Oiasso : hiri erromatarra
  11. Lurra mintzo

    ERDI-AROA

  12. Erromaren azkena
  13. Akitania eta Frankoak
  14. Islama
  15. Orreaga
  16. Nafarroako erresuma
  17. Kristautasunaren hedapena
  18. Erromantzeak
  19. Donejakueko bidea
  20. Hiztun mutuak
  21. Haustura
  22. Norainokoa
  23. Etxe izenak / deiturak
  24. Herri kultura

    ARO MODERNOA

  25. Nafarroa konkistaturik
  26. "Sorgin" ehizean
  27. Protestantismoa
  28. Mintzo orokorra
  29. Itsaso zabaletan
  30. Babesaren beharra
  31. Erresuma bat, hizkuntza bat

    ARO GARAIKIDEA

  32. Frantses Iraultza
  33. Gerren mendea
  34. Kontzientzia piztuz
  35. Herri literatura paperetara
  36. Zazpiak bat
  37. Gerren zain
  38. Suntsipen aroa
  39. Gerren ondokoa
  40. Gaur artean
Azken ale
Bibliografia
Zer-Non

Liburuaren ezaugarriak

  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaratzailea: Pamiela argitaletxea, Iruñea
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 282
  • ISSN: 84-7681-492-5
Azken eguneratzea: 2006/10/30