Merkantziak trenbidetik garraiatu ahal izateko lizentzia eskuratu du Euskotrenek
 

Europako Batasunean trenbideetatik merkantziak garraiatzeko baimena lor dezake Euskotrenek. Espainiako Sustapen Ministerioak Tren Enpresa lizentzia eman dio, eta orain segurtasun ziurtagiria eskuratzea falta zaio, merkantziak garraiatzen hasi ahal izateko. Hego Euskal Herrian eta Espainian joan den urtarriletik dago liberalizatuta trenbide bidezko merkantzien garraioa, baina Europako Batasunean datorren urtarrilaren 1ean jarriko dute indarrean.

Euskotrenek --Eusko Jaurlaritzaren tren zerbitzua kudeatzen du-- iazko maiatzean eskatu zuen Tren Enpresa bihurtzeko lizentzia. Europako Batasuna azken urteotan prestatzen ari da trenbide zerbitzuen liberalizazioa, zerbitzua bera hobetu nahian, eta horren barruan dago lizentzia eskuratu izana.

Hori ikusita, Espainiako Gobernuak Renferen monopolioarekin apurtzeko neurria hartu zuen: bitan banatu zuen tren konpainia publikoa. Alde batetik, trenbide sarea kudeatzeko, ADIF enpresa sortu zuen, eta, bestetik, tren zerbitzua bera kudeatzeko, Renfe-Operadora.

Orain, Euskotren ere izan daiteke Renferen konpetentzia merkantzien garraioaren alorrean.


 

Berrian argitaratutako albistearen laburpena, 2006ko irailaren 27a

Azken eguneratzea: 2006/09/29