Garraio eta logistikaren sektorea lehiakor egiteko lan taldea bultzatu du Jaurlaritzak
 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garraioaren eta logistikaren sektorean aritzen diren enpresak biltzeko lan taldea sortu da Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Garraio eta Logistika Klusterra deituriko taldean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 39 enpresak parte hartzen dute, eta lankidetza medio sektore horren lehiakortasuna hobetu nahi dute.

Aldi berean, Garraio eta Logistika Klusterra garraio iraunkorra eta eskuragarria egiteko estrategiak garatzeko topagune egokia izan daitekeela adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñuk: "Talde honek garraio iraunkorra lortzen lagundu dezaketen teknologia berriak EAEn garatu eta hedatzeko ardura hartuko du. Teknologia horiek pertsonen eta salgaien joan-etorriak eraginkorragoak, erosoagoak, seguruagoak eta garbiagoak izatea ahalbidetzen dute".

Sailburuaren esanetan, 1991z geroztik Eusko Jaurlaritzak jarduera ekonomikoaren barruan lan taldeak edo klusterrak sortu eta horien bitartez hainbat jarduera ekonomiko berregituratzeko ahaleginetan dihardu. Garraioaren eta logistikaren alorrean iragan martxoan eratu zen lan taldea, sektorearen diagnostikoa egin ondoren.

Garraio eta Logistika Klusterra, besteak beste, honako enpresek osatzen dute: Eroski Taldea, Pasaiako Portua, Puerto de Bilbao, Ulma Handling Systems, Promocion del Aeropuerto de Vitoria, Zaisa, Arasur, Azkar eta CAF.


 

Berrian argitaratutako albistearen laburpena, 2006ko irailaren 28a

Azken eguneratzea: 2006/09/29