Eginkizunak
Sarrera
Orrialde honetan, segida didaktikoa osatzen duten eginkizunen deskribapen motz bat aurkituko duzu
Eginkizunak
- Aurretiko eginkizunak:
Gero tailerretan landu behar diren ezagupenak errepasatzea da helburua, horrela tailerreko eginkizunei etekin hobea ateratzeko.
Segida didaktiko honetako aurretiko eginkizunak dira:
- 1.AE-1.WQ: Zer helarazten dute iragarkiek, eta zer helbururekin?
- 2.AE-2.WQ: Iragarkien euskarriak.
- 3.AE-3.WQ: Produktuak eta markak.
- Ondorengo eginkizunak:
Ondorengo eginkizunen helburua da tailerretan eskuratu diren ezagupenak norberaren bizitza pertsonaleko edo sozialeko egoeretan erabiltzea. Gaitasunak lortzera bideratzen dira.
Segida didaktiko honetako ondorengo eginkizunak dira:
- 1.OE-1.WQ: Publizitateari modu kritikoan begiratzen.
- 2.OE-2.WQ: Geure iragarkia sortzen.
- 3.OE-3.WQ: Ikasitakoari buruz hausnartzen.
- 4.OE-4.WQ: Portfolioa edo karpeta prestatzen.
1.AE-1.WQ: Zer helarazten dute iragarkiek, eta zer helbururekin?
Eginkizun horren helburua da ikasleek publizitate-iragarkiak aztertzen ikastea, ikus-entzunezkoen mezuak aztertzeko fitxa bat erabiliz, eta publizitatea sortzen dutenek zer balio eta estereotipo helarazi nahi dituzten ikusten jakitea. Era berean, kontrapublizitateari buruzko informazioa ematen da, eta publizitate-euskarrien deskribapena eskaintzen da, azterketa-fitxa osatzen laguntzeko.
2.AE-2.WQ: Publizitate euskarriak.
Eginkizunaren lehenengo zatiko (banaka egiten da) helburua da ikasleek produktu bat azaltzen duten euskarri desberdinak bereizten ikastea, Internet erabiliz. Bigarren zatian, talde lanean, normalean erabiltzen dituzten 3 produktu aztertzea da helburua, eta gutxienez produktu horiek agertzen diren 3 publizitate euskarri jasotzea. Taldeko lan hau egiteko, argazkiak egin daitezke, irudiak eskaneatu edo informazioa Interneten bilatu.
3.AE-3.WQ: Produktuak eta markak.
Eginkizun honen helburua produktuaren eta markaren arteko desberdintasuna ezartzea da, eta, horretarako, desberdintasun hori azaltzen duen bideo bat ikusiko dute; gero, askotan markekin nahasten ditugun produktuen hainbat irudi emango zaizkie, bien arteko bereizketa zein den ikas dezaten.
1.OE-1.WQ: Publizitateari modu kritikoan begiratzen.
Eginkizun honetan proposatzen da erlazionatzea aurrez ikasitako publizitatearen osagaiak eta publizitateak bere helburua (produktuak saltzea edo informazioa helaraztea) betetzeko erabakigarriak diren beste faktore batzuek. Faktore horietakoak dira, besteak beste: publizitatea zer ordutegitan ematen den, zer jende den iragarkiaren helburu, eta publizitate-euskarriak.
2.OE-2.WQ: Geure iragarkia sortzen.
Eginkizun honen helburua da ikasleek iragarki bat sortu ahal izatea, aurreko eginkizunetan eta tailerrean ikasitakoaz baliatuz; iragarkia osatzen duten osagaiekin hasi behar dute, eta gero iragarki hori irudi baten bidez adierazi.
3.OE-3.WQ: Ikasitakoari buruz hausnartuz.
Eginkizun honek bi zati ditu. Lehenengo zatia ikasi dutena baloratzeko balioko dien galdetegi bat da; galdetegi hori ikasleen autoebaluazioa egiteko moduan dago pentsatuta. Bigarren zatiaren bidez, ikasitakoaren balorazioa egingo dute, eta aldi berean publizitatea aztertzeko gaitasuna hobetzeko konpromisoren bat hartzeko eskatzen zaie, segida didaktiko honetan ikasitakoa kontuan izanda.
4.OE-4.WQ: Portfolioa edo karpeta prestatuz.
Eginkizun honen helburua da ikasleei ulertaraztea zein garrantzitsua den nork bere ikasketa-prozesuaren ardura izatea, nor bere ikasketa-prozesuaren eta hura kudeatzeko moduaren jakitun eginez. Horretarako, ikasle bakoitzak bere portfolioa edo karpeta egingo du, horretarako ematen zaizkion ildoei jarraituz. Karpeta horrek modu sistematikoan jaso behar ditu eginkizunak, eta proposatu zaizkion ikasketa-helburuekin lotu. Karpeta hori bere ekarpen pertsonalak (iritziak, balorazioak) egiteko bide bat ere bada, eta haren aurkezpenak berrikuntza eta sormena lantzeko aukera ematen du.