Zer da | Zergatik egiten da | Zertan datza | Ekintzak | Etorkizunerako erronkak

 

ZERGATIK JARRI DUGU ABIAN GIZONDUZ?

Ekimen hau abiaraztearen arrazoiak ondorengo hauek dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunek diraute.

Emakumeek eta gizonek bete izan ohi dituzten roletan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Emakumeek lan-merkatuan daukaten partaidetza handiagoa, hezkuntzako maila guztietan egoteko aukera, prestakuntza eta kulturara sarbide handiagoa izatea, eta, hein txikiago batean, erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea, bada, horiek guztiak emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten gizartean.

Haatik, lan-merkatuari, partaidetza politikoari, etxeko lanak egiteari, pobreziari, emakumeen aurkako bortizkeriari eta abarri buruzko datuek oraindik ere erakusten dute desberdintasuna dagoela gizonek eta emakumeek gizarte honetan betetzen duten lekuan. Desberdintasun horren jatorria, hain zuzen, sexuaren araberako jokaera-estereotipo eta -eredu soziokultural batzuk dira, funtsean, emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura izendatzen baitiete, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez.

b) Gizonek gutxi parte hartzen dute etxeko lanean eta berdintasunaren aldeko ekintzetan.

Teorian gizon gehienak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde ageri diren arren, praktikan oraindik ez da behar adina inplikazio lortu aipatutako berdintasuna lortzeko. Hala ondoriozta daiteke gizonek emakumeekin alderatuta gaiaren inguruko sentikortze- eta trebatze-jardueretan eta etxeko lanen eta pertsonen zaintza-lanen esparruan izandako parte-hartze eskasetik.

Izan ere, Autonomia Erkidegoan berdintasunaren esparruko sentikortze- eta trebakuntza-jardueretan parte hartu duten pertsonen %10 inguru osatzen dute gizonek.

Bestalde, emakumeen eta gizonen etxeko lanen, zaintzaren eta pertsonak zaintzeko erabilitako baimenen, eszedentzien eta lanaldi-murrizketen banaketari buruzko estatistikei dagokienez, sexuen araberako aldeak nabarmenak dira:

- Gizonek, EAEn, ordu bat eta 29 minutu ematen dituzte, batez beste, etxeko lanak egiten eta pertsonak zaintzen, eta emakumeek, aldiz, 3 ordu eta 33 minutu.
- Eusko Jaurlaritzak 2008an pertsonak zaintzeko lanaldia murrizteko eta eszedentzia hartzeko emandako laguntzen onuradunen %5,9 osatzen dute gizonek.
- Gizonen %3,7ak bakarrik partekatu du bere bikotearekin amatasun/aitatasun-baimena 2009 urtean.

c) Gizonen inplikaziorik gabe berdintasuna ez da posible.

Emakumeek lan-merkatuan nabarmenki txertatzea; hezkuntzako maila guztietan parte hartzea; prestakuntzan, kulturan eta erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea..., horiek guztiak justuago eta berdintasun maila handiagoa izango duen gizarte bat lortzeko bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten. Dena den, emakumeek gizartean duten paperean aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari diren bitartean, eta tradizionalki maskulinotzat joak izan diren eremuetan gero eta gehiago parte hartzen duten bitartean, gizonen partetik ez da gertatzen ari esku hartze nabarmenik etxeko lanei dagokienez, ezta tradizionalki femeninotzat joak izan diren gainontzeko funtzio eta balioei dagokienez. Baina ez da nahikoa emakumeen aldaketa benetako berdintasuna lortzeko, eta haiek ez dira berdintasun maila handiagoa izango duen gizartea lortzeko interes duten bakarrak.

d) Berdintasuna lortzeak pertsona guztiekin zerikusia du, gizonekin zein emakumeekin, eta denei onurak ekar diezazkieke.

Gainera, bizikidetza-eredu berriak ez die horiei bakarrik mesede egiten, gizarte osoari baizik, gizonei barne. Izan ere, gaur egungo gizarte-sistema patriarkalak gizonei talde gisa pribilegioak ematen dizkien arren (diru-sarrera, botere-maila eta esparru publikoko autoritate-maila handiagoak, eta nagusiki emakumeek egindako etxeko lanen eta zaintza-lanen onurak jasotzea, besteak beste), sistemak zereginak eta esperantzak sexuen arabera modu zurrunean bereizteak kostuak ere eragiten dizkie gizonei. Gizonen bizi-itxaropena txikiagoa da emakumeena baino, eta joera handiagoa izaten dute droga-mendekotasuna, zirkulazio-istripuak, lan-istripu larriak, indarkeriazko heriotza eta kartzelaratzea jasateko. Gizonek, gainera, familiak ekonomiaren aldetik mantentzeko sozializatu dituzten aldetik, presio handiagoa jasaten dute lanaldia luzatzeko. Hala, nagusiki produkzioaren munduari eskaintzen diote beren bizitza, eta ez dituzte bestelako zenbait potentzialtasun eta gaitasun garatzen, ugalketaren eta afektuen munduarekin erlazionatutakoak nagusiki. Hautemangarriak dira, halaber, nagusi den eginkizun sozialetik urruntzen diren eta tradizionalki "femeninotzat" hartu izan diren portaerak eta zereginak publikoki hartzera ausartzen diren gizonek jasandako onarpenik eza eta, zenbaitetan, gutxiespen soziala.

Azken finean, gure gizarteak, emakumeak baztertzeaz gain, atsekabea eragiten die hala emakumeei nola gizonei. Hori horrela izanik, mende honetako erronka eredu sozial berri demokratikoago, justuago eta berdintasunezkoagoa eraikitzea izan beharko litzateke. Hala, pertsona guztiak eremu publikoan zein pribatuan beren gaitasunak guztiak garatzeko eta erabakiak sexuaren araberako tradiziozko zereginek eta estereotipoek ezarritako mugarik gabe hartzeko gai izan beharko lirateke, eta gizarteak berdin aintzatetsi, baloratu eta sustatu beharko lituzke emakumeen eta gizonen jarrerak, itxaropenak eta beharrak. Horretarako, funtsezkoa da gero eta gizon gehiago honako ekintza hauek aurrera eramateko prest izatea: maskulinotasunaren tradiziozko eredua zalantzan jartzeko, sistema patriarkalak ekar diezazkiekeen pribilegioei uko egiteko, beren buruak gaizki ulertutako maskulinotasunaren zamatik aske uzteko eta pertsona askeagoek eta libreagoek osatutako gizarte berria lortzeko emakumeekin batera aktiboki lan egiteko.

e) Berdintasuna beharrizan estrategikoa da herrien giza garapenerako eta haien garapen sozial eta ekonomikorako.

Giza eskubidea izateaz gain, emakumeen eta gizonen berdintasuna baldintza estrategikoa ere bada demokrazian sakontzeko eta justuago, kohesionatuago eta gizakien, gizartearen eta ekonomiaren aldetik garatuago izango den euskal gizarte berria eraikitzeko.

f) Badaude, gainera, aldeko baldintzak.

Gaiaren gainean nazio arteko erakundeek egin dituzten adierazpenei jarraiki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta, 2006ko irailean Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI Planak, marko juridiko egoki bat egituratzen dute, emakumeekin batera, gizarte justuago eta berdintasunezkoago baten alde gizonen konpromiso aktiboa lortzera beren beregi zuzenduta dauden ekimenak herri administrazioek abian jar ditzaten.

Bestalde, badira hogei urte baino gehiago herri erakundeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten hasi zirenetik. Berdintasun politiketan haiek duten eskarmentua Euskadiko Autonomia Erkidegoa leku faboragarrian ipintzen dute Gizonduz-en moduko ekimen berritzaileak garatzeko.

Gainera, ugariak dira teoriaren ikuspegian sexuen arteko berdintasunaren alde agertzen diren gizonak. Alde horretatik, besteak beste honako datu hauek erakusten ditu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Soziologia Azterketetarako Kabineteak 2004an egindako EAEko biztanleriaren iritziak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruz ikerlanak:

- Gizonen %77k (eta emakumeen %86k) nahikoa garrantzi edo garrantzi handia ematen dio emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari.
- Gizonen %79k (eta emakumeen %88k) aipatutako berdintasunaren aldeko neurri gehiago hartu beharko liratekeela uste du.
- Gizon gehienen ustez, honako jarrera hauek hartzea eraginkorra da sexuen arteko berdintasun eza murrizteko edo desagerrarazteko: etxeko lanak partekatzea eta, hala, seme-alabei etsenplu ematea (%94); emakumeak beren parekotzat hartzea eta haien nahiak, iritziak, lanak etab. aintzat hartzea (%93); emakumeenganako errespetu eza adierazten duten kideen eta lagunen portaeren aurrean kritiko agertzea (% 92); berdintasunak gizonentzat ere onurak dituela onartzea (%88); eta emakumeen eskubideak aktiboki defendatzea (%89).

Beraz, berdintasunaren aldeko diskurtsoak bere isla eguneroko praktikan izan dezan sustatu beharra dago.