Zer da Euskadiko DEA/IDE?

Azken urte hauetan, hainbat instantzia berariaz arautzen dabiltza informazio eta zerbitzu geografikoak egin eta zabaltzeko modua. Arau orokor batzuek aipamen zehatzak egiten dituzte informazio geografikoari buruz, besteak beste Europako INSPIRE 2007/2/EE Zuzentarauak, Espainiako informazio geografikorako azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko 14/2010 Legeak, Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretuak eta Kartografia Sistema Nazionala arautzen duen 1545/2007 Errege Dekretuak, azken horren barruan Euskal Autonomia Erkidegoa ere badagoela, 2010eko martxoaren 31n Espainiako Institutu Geografiko Nazionalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera.
Gauzak horrela, administrazioetan Datu Espazialen Azpiegiturak (DEA) abiaraztea bultzatzen dabiltza, informazio geografikoa erraz eta modu eraginkorrean eskuratu eta berrerabiliko dela bermatzeko, eta elkarreragingarritasuneko geozerbitzuak zenbait arau, estandar eta zehaztapen oinarri hartuta erabiliko direla bermatzeko.
2011ko irailaren 13an Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura (Euskadiko DEA) abian jartzeko Gobernuaren Erabakia onetsi zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza buru zuen sail arteko proiektua izateko.
Honako hauek dira Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) helburu orokorrak:
- Informazio geografikoaren berrerabilera sustatu eta bermatzea.
- Informazio geografikoaren ekoizpen banatua koordinatzea datu geografiko bateratuak eta kalitatezkoak izateko; egungo eta etorkizuneko beharrak aztertu beharko dira horretarako.
- Kartografiaren eta informazio geografikoaren alorreko jarraibideak eta estandarrak betetzea.
- Kalitate oneko zerbitzu geografikoen zabalkunde eta ustiapen eraginkorra egiteko aukera emango duten beharrezko osagai teknologikoak ematea Eusko Jaurlaritzari, elkarreragingarritasunaren eta independentzia teknologikoaren printzipioetan oinarrituta.
- Informazio Geografikoko Azpiegitura Nazionalean integratzea, eskualde-lotura gisa, baita gainerako toki-loturekin integratzea ere.
- Informazio geografikoa eta Euskadiko DEAko zerbitzuak garatu, erabili eta ustiatzea sustatzeko erabilgarri dauden informazio, teknologia, zehaztapen eta zerbitzuak sustatu eta zabaltzea, eta horiei buruzko prestakuntza ematea.
Teknologia oso garrantzitsua da helburu horiek lortzeko, baina erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da informazioa partekatu, zabaldu eta berrerabiltzeko, baita informazio geografikoa sortu eta elkartzean koordinatuta lan egitea ere. Datu Espazialen Azpiegitura diziplina anitzeko eta elkarlaneko proiektua da, eta bertan ezinbesteko osagaiak dira kalitate oneko datu elkartuak, tresna informatikoak eta teknologia, prestakuntza eta kanporako zabalkundea.
Beste zenbait lotura interesgarri: