2005 Oroitidazkia - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa


7. Idazkaritza Orokorra

2

7.3. Baliabide Materialak

7.3.1. Egoitza

2005eko lehen seihilekoan, Eusko Jaularitzak Lakuan dituen lokal batzuetan egon zen DBEB.

Bulegoa kokatzeko hainbat toki izan ziren kontuan eta Eusko Jaurlaritzak Gasteizen dituen lokalak ezin izan dira hautatu, ez duelako erabili gabeko lokal egokirik.

Ondoren, Ondare Zuzendaritzarekin batera, alokairuen merkatuan zein eskaintza zegoen aztertu eta honelako lokalak aurkitu ziren:

  • oso garestiak edo
  • oso leku txarrean kokatutakoak edo
  • behar besteko neurria ez zutenak edo
  • egokitzeko inbertsio handia eskatzen zutenak edo
  • beharrezko egokitasun-baldintzak betetzen ez zituztenak

Merkatua aztertzen zebilela, DBEBk jakin zuen EJIE SAk epe luzeko alokairua hartuta zuela Seminarioaren eraikinean, administrazio-erabilerarako egokitua zuela eta bazela solairu bat, DBEBren aldi baterako egoitza izateko baldintza egokiak betetzen zituena eta DBEBri uzteko moduan zegoena. Izan ere:

  • Gasteizen bertan zegoen, Mediterraneoaren Hiribidearen ondoan, hiriarekin barrutik oso ondo komunikatuta eta, hiriaren kanpoko aldetik ere, bertara erraz joateko moduko tokian. Era berean, aparkalekua ere bazuen, bisitariek erabili ahalko zutena.
  • Bi aukera zeuden: eskainitako leku osoa erabiltzea edo langile berriak etorri ahala lekua gehiago hartzea.
  • Eskainitako lokala banandu zitekeen (zenbait toki komun baino ez zen egongo) eta, honenbestez, DBEBren independentzia nabarmendu zitekeen.
  • Kanpoan ere bazen aparkaleku bat, Bulegora etortzen diren herritarrek edo administrazioetako ordezkariek erabili ahal izango zutena.
  • Oso inbertsio txikia egin beharko zen, DBEBren beharretara behar bezala egokitu ahal izateko.
  • Eskaintzak bazituen beste zenbait elementu gehigarri, bereziki erakargarria egiten zutena (ahots-datuen sarea, wi-fi sistema, konexio elektriko nagusia eta bigarren mailakoa, kontroleko eta segurtasuneko sistemak eguneko 24 ordutan eta urteko 365 egunetan, mantenuak, garbiketa, gela digitala erabiltzeko aukera etab.).

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Zuzendaritzaren txostena eskatu ondoren, 2005eko uztailean hasi eta lau urterako, EJIE SArekin azpierrentamenduko kontratua izenpetu zen. Beharrak sortu ahala, DBEB tokia hartzen joateko aukera ere egongo zen.

2005eko uztailaz geroztik hau da DBEBren helbide berria: Vitoria-Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioaren mendebaldeko hegaleko hirugarren solairua, Tomas de Zumarraga dohatsuaren kalea, 71 zk., 3º, 01008 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz.

7.3.2. Altzarien lehiaketa

Urrian, DBEBko altzariak erosteko lehiaketa publikorako deialdia egin zen. Izapide arrunteko eta prozedura ireki bidezko lehiaketa hiru zatitan banatu zen (mahaiak, armairuak eta aulkiak), azaroan ebatzi eta abenduan zehar exekutatu zen.

7.3.3. Beste zenbait kontratu txiki

2005. urtean zehar DBEBren funtzionamendua bermatzearren, hainbat kontratu txiki egin dira. Hona hemen garrantzitsuenak:

  • bulegoko materiala erostea
  • inprenta
  • fotokopiagailuen mantenua
  • itzulpen-zerbitzua
  • mantenu informatikoak
  • erakundearen irudiaren diseinua
  • elementu adierazgarriak erostea

7.4. Idazkaritza Orokorraren beste zenbait jarduera

Idazkaritza Orokorrak Bulegoaren beste jarduera batzuetan izan duen parte hartzea aipatu beharrekoa da:

  • jardunaldien prestakuntzan,
  • Kontseilu Aholku-emailearen idazkaritzan,
  • Komunikabideekiko koordinazioan eta
  • erakundearen aurkezpen-plan bat diseinatzen.

2