2005 Oroitidazkia - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa


6. Aholkularitza Juridikoa eta Ikuskaritza

2

6.3. Kontrol funtzioa

6.3.1. Zaintza-espedienteak

2/2004 Legearen 9.2 artikuluan aurreikusitako babes-eskubidea egikaritzearen ondorio diren espediente hauek adierazten dutenez, erreklamazioa egiten duenari aurkatze, eskuratze, zuzentze eta indargabetze eskubidea egikaritzea ukatu egin zaio.

2005. urtean 16 espediente izapidetu dira (horietatik hamabi, 2004. urtean hasitakoak ziren). Hona hemen azpimarratzekoenak:

  • Interneten hainbat urtetan agerian edukitako Hizkuntzen Eskola Ofizialaren maila-azterketetako emaitzen zerrendak indargabetzeko eskubidea egikaritzea.
  • Medikuntzako profesional baten pazienteen historia klinikoetako datak eta pertsonen erregistroetako datuak eskuratu eta indargabetzeko eskubidea egikaritzea.
  • Lanbide-elkargo jakin batean, diziplina-espedienteei buruzko jakinarazpenetan konfidentzialtasuna urratu izana salatzea.
  • Espediente zigortzailean, osasun alorreko datuak jakinaraztea salatzea.
  • Polizi albumetik argazkia kentzeko eskubidea egikaritzea.
  • Bost urte igaro aurretik, historia klinikoan zeutzan datuak kentzeko eskubidea egikaritzea.
  • Funtzionario batek zerbitzua ematen duen administrazioan zeutzan bere datu pertsonalak eskuratzeko eskubidea egikaritzea.
  • Historia klinikoan zeutzan datu pertsonalak zuzentzeko eskubidea egikaritzea.
  • Babes-eskubidea sorrarazten duten kontuen ikuspegitik, datu pertsonalak ezabatzeko berebiziko interesa hautematen da.
  • Administrazio publikoen aurrean hiritarrari zor zaizkion eskuratze, zuzentze, indargabetze eta aurkatzeko eskubideak egikaritzeko aukera, forma eta baldintzez hiritar horren ezagutza urria ez ezik, zailtasun materialak eta, kasuren batean, administrazio horiek datuok emateko unean jarrera desegokirik ere hauteman da. Adiera berean, administrazioek behar bezalako erantzuna ematen ez diotenean eta zor zaizkion eskubideak egikaritzeko, hiritarrak DBEBra babes eskean jotzeko aukera daukala ez daki askotan. 2.1 atalean genioen bezala, hori guztia 308/2005 Dekretuak arautu du.

6.3.2. Salaketak

Halakotzat jotzen dira, Legeak xedatutakoaz bestelako jarduerak direla medio, interesdunek datu pertsonalen babes gaietan ezartzen dituzten erreklamazioak.

Bulegoan jaso diren hamahiru salaketetatik hiru ebazteko daude.

Aurkezturiko salaketen bidez Bulegoari jakinarazi zaizkion egintzei dagokienez, Legeak urraketatzat harturiko jokabideen berri ematen dute, dela obligazio formalak ez betetzearekin (DBEBren erregistroan fitxategiak sortu eta inskribatzea), dela datu pertsonalak arauz kontrako eran prozesatzearekin (bereziki administrazio beraren organoen artean edo administrazio ezberdinetako organoen artean egindako datuen lagapenak, edo administrazioak pertsona pribatu bati datuak lagatzea), dela datu pertsonalak biltzean informazio printzipioa urratzearekin lotuak.

Salaketa-egileen kezka larrienek zerikusia izan dute, bai ez jakitearekin beren datu pertsonalak fitxategi batean bilduko zirela eta horren inguruan zein eskubide zuten, bai fitxategia bera ez sortzearekin, bai itxuraz datu horiek lege-babesik gabe erabiliko ziren ustearekin.

6.3.3. Aurretiazko jarduerak

Arau-hauste edo espediente zigortzaileari ekin behar ote zaion erabakitzeko beharrezkoak diren ikerketa-jarduerak dira hauek eta interesdunak emaniko informazioaren edo Bulegoak zuzenean jakin izanaren ondoriozkoak dira.

Datuen babes kontuetan alarma soziala hedaraz zezaketelarik, prentsan agerturiko gertakari eta informazioekin lotuak eta, bestetik, hiritarrek emaniko informazioen ondore gisa, aurretiazko jardueren bost espedienteri ekin dio DBEBk eta horietatik bat ebazteke dago oraino. Gainerako lauretatik bik hasiera-prozedurak abiarazi dituzte eta beste bi artxibatu egin dira, hobetzeko aholkuarekin edo gabe. Horiek direla eta, azpimarra dezagun oraindik ere datu pertsonalez josiriko paperen suntsiketa-prozesu desegokiak gertatzen ari direla; horren ondorioz, datu horiek zakarrontzietan edo bide publikoan agertzen dira gerora.

6.3.4. Lege-hausteen espedienteak

Hauek dira 2/2004 Legearen 17 f) eta 24-1 artikuluetan aurreikusitako espedienteak eta legez kontrako jarduerak gertatu diren egiaztatzeko formulatzen dira.

Guztira, honelako bost prozedurari ekin zaie; bostetatik bakar bat amaitu da eta gainerako laurak instrukzio fasean daude (dena den, 2006. urtearen hastapenean eman zaie ebazpena).

2