2006ko Gure Artea Sariak

Beste edizioak

 


Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua


Aurrekoa - Orrialde 7. Guztira 12 -  Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)



 


VII

Alde pertsonala edo harreman pribatuaren esanahia izan badezake ere, ezin da artearen gaineko erreferentzia saihestu. Arte munduan artista izatea lehiatzat hartu daiteke eta lehia horretan emakume izan edo gizaseme izan ez da gauza bera.

Musikaren erabilpenak eta planoen arteko tartekatzeak bideo dinamikoa eta sinpatikoa egiten dute, baina azaleko itxura duen formak esanahi sakona ezkutatzen du.
Oso ezberdinak dira Itziar Barrioren animazioak. Lehen esan dudan bezala, subjektibitatearen esparruan sartuko nuke esaten duena, baina nola esaten den eta azkenean hartzen duen esanahi orokorra marrazki sinpleak erabilita interesgarri egiten dute No te alcanzo (Ezin zaitut harrapatu) eta Amaren gauzatxoak izeneko animazioak.

No te alcanzo ezintasunaren gaineko irudi ederra da. Marrazki sinple baten bidez gizakiak bere gorputzaren parte den aulkia hartu nahi du, lurrean eserita baitago. Baina gizakia eta aulkia bat izateak ezinezko ahalegina bihurtzen du eguneroko bizitzan erraza den keinua. Ikus-entzunezkoen baliabideen gainean dituen trebetasunari esker gizaki-aulkiarekin sufritzen dugu eta ezintasunak ditugun gizakiak garela konturatzen gara.

Amaren gauzatxoak ez da horren dramatikoa, nahiz eta hasierako irudi lasai eta arrisku-gabeak bideoaren une batean beldurra emateko gai bihurtu. Esku tartean poltsak dituen urrutitik datorren emakumearen irudia gero eta hurreago dagoenean benetako aurpegia erakusten digu, poltsatik irteten diren bi zomorroen bidez. Ezkututako aurpegia erakusten digute, bere sena kontrolatzen duenaren emakumearena alegia. Enkargutan dabilen ama arrunta izan daitekeenak baditu bere alderdi ezkutuak eta amari edo emakumeari orokorrean eskatzen zaion aurpegia erakusten dute erosketen poltsen barruan dauden mamuek. Amaren irudia musika sinpleak eta lasaigarriak laguntzen du, baina une batean, isiltasuna dagoenean, poltsa barrukoak azaltzen dira eta desagertzen direnean berriz ere lasaitasunera eta musika inozente samarrera bueltatuko gara, ama atzera nola doan ikusteko.

Txaro Garaigortak animazioa marrazkiz laguntzen du eta horrela bideo instalazioa eraikitzen du erakusketa aretoan. Txaro Garaigorta Aeropuertos izeneko seriean lanean dabil aspalditik. Inorenak ez diren pausu leku hauetan jende asko dabil. Hala ere jendearen joan etorria ez da askea eta ez da berdina hor dabilen jendearen abiapuntua eta helmuga. Immigrazioari buruzko irudiak eskaintzen dizkigu Txarok aireportuen metaforaren bidez eta gainera oso gutxitan hitz egiten den immigrazio mota bati buruz hitz egiten digu: emakumearena. Afrikan bertan geratzen den emakumeak edo gure artera lanera datorrenak laztasun bikoitza jasaten du, immigrantea izatearena eta emakume izatearena. Txaroren marrazkien bidez bidai horien irudi poetikoak ikusten ditugu, abioien ibilbideak irudikatzeko erabiltzen diren marren bidez irudikatzen ditu emakume afrikarren ibilbide mentalak eta fisikoak. Hormetan ikusten ditugun marrazkiak bideoan mugimendua hartzen dute eta bidaiaren irudi indartsuagoak bihurtzen dira.

Pinturaren gaiak bideak zabaltzen jarraitzen du eta azken urtetan espazioan zabaltzen asmatu du eta irudi berrien konpetentziari aurre nola egin dion konturatu gara. Azken aukera hau da Iñaki Grazeneak lantzen duena. Teknologia berriek irudiaren gaineko eztabaida piztu du beti, gure begiek behin eta berriz ikusten dituzten irudiak ez dira orain dela 40 urtekoak. Telebistak eta ordenagailuak irudien aurrean jartzen gaitu eguneko ordu askotan eta ezinezkoa da, gaur egun, irudi horien aurreko oroitzapena ez duen norbait bilatzea gure artean. Gainera mundua ikusteko era aldatu digu, xehetasuna eta osotasunaren arteko harremana ez da lehen bezala, horregatik hainbat gauza luparekin ikusiko bagenu bezala handitzen ditu abstrakzioa eta errealitatea ez den zerbait berria lortzeko. Grazeneak irudi horiek aztertu ditu eta pinturara eraman. Pinturak beti irudikatu du gizartean zeuden irudi nagusiak. Gure gaur eguneko paisaia ohikoena ez da natura edo beste gizakiak, inguratzen gaituen errealitatea birtuala da, aurrerapen zientifikoaren bidez ezagutzen duguna, telebistaren bidez dominatzen gaituen publizitatea eta ordenadoreak eskaintzen digun informazio zabala, baina azalekoa.

Pinturak gure munduari azalpenak emateko balio du eta Grazenea horretan ahalegintzen da eta aldi berean pinturak berak, baliabide artistiko moduan dituen aukerak bilatzen ditu. Gaur egun zaila da, pintatzen duen edozeinentzat pinturaren barne hausnarketari ihes egitea. Horregatik, jakinda azken emaitza produktu estetikoa izango dela, pintoreek pinturaren zergatiak bilatzen jarraitu behar dute. Baina ba al dago gure artean emaitza estetikoa ez duen artelanik? Gure munduaren estetizazioari buruz hitz egiten dugunean, egin al daiteke estetikoa ez den arterik?

Beste pintorearen adibideak ere antzekoak dira. Ismael Iglesiasek irudi berrien eta pintura espazioan nola zabaltzen den aztertzen du. Teknologiaren irudiei oso lotuta dagoen pinturak beti du subertsio ñabarduraren bat. Hainbeste iragartzen den espazio birtualaren mundua aspalditik eta errazago egin izan du pinturak. Gainjarritako planoak edo elkar eragintzen diren sakontasun ezberdineko planoak pinturak azken mendean asko aztertu ditu eta gainera gainazala laua zela jakinda eta, askotan, aldarrikatuta.