"Fournier" karta bildumaren jatorria 1868. urtean dagoela esan dezakegu, urte horretan Burgoseko Heraclio Fournier jauna Gasteizera etorri eta bertan jarri baitzuen gaur egun bere izena daraman karta fabrika. Felix Alfaro Fournierrek, bere iloba eta enpresaren zuzendaritzan osabaren oinordeko izan zenak, ekin zion 1916an kartak biltzeari. Bilduma gero eta handiagoa zen, mundu osoko kartak erosten zituelako, karta-egileek eta bestelako norbanakoek kartak ematen zizkiotelako eta, 1930-1940 hamarkadan Gasteizko enpresak Espainiako estatuko enpresa guztiak erostearen ondorioz, haien biltegietan zeuden kartak jaso zituelako. Oso garrantzitsua izan zen ordurarte British Museum-ean gordeta zegoen "Thomas De la Rue" bilduma erostea 1970ean. Karta bilduma hori lehendik zeukanari erantsiz "Fournier" karta bildumak ospe handia hartu zuen mundu osoan.
Arabako Foru Aldundiak "Fournier" karta bilduma erosi zuenean ireki zen Arabako Fournier Karta Museoa museo gisa, 1986. urtean. Urte hartan 3.150 karta zeuden jasota bilduman eta handik aurrera kopuru hori gero eta gehiago handitzen joan da, jendeak emandako nahiz erositako kartak bilduz. Gaur 20.200 kartatik gora daude jasota, horietako asko eta asko, ale bakarrak.
Museoaren funtsezko helburua da gaur egun munduan dagoenik eta karta bilduma zabal eta onena ikertzea, gordetzea eta erakusgai jartzea, helburu didaktikoarekin.
1994ko irailaren 20az geroztik Museoa Cuchilleria kaleko Bendaña Jauregian dago kokatua, Erdi Aroko Gasteiz hiriaren bihotzean. Jauregi hori 1525ean eraiki zuen Juan Lopez de Arrietak, garai batean Maestutarren babes-dorrea eraikia egondako orubea zegoen lekuan. Dorre horren aztarna zenbait gelditzen da oraindik ere. Jauregiaren pareta nagusiak, fatxadak, Erdi Aroko etxe fortifikatuen itxura gordetzen du, nahiz eta azkendaldiko gotikokoak diren apaingarri zenbait ere badituen. Badauka eraikin nagusi bat, hiru solairutakoa eta beste bat bikoa, izkinean harmarridun dorre borobil txiki bat duela, jauregiaren adierazgarri. Jauregian aipatu beharreko beste elementu bat, klaustroa da, jauregi residentzialetan egoten ohi zenen antzekoa, elementu erabat errenazentistez apaindua.
Eraikina Arabako "Fournier" Karta Museoa bertan kokatzeko espreski zaharberritua izan da. Horretarako, erakusketak dauden solairuetan zirkulazio anularra jarri da, eta bestelako espazioetan honako gela hauek kokatu dira: zuzendariaren bulegoa, fondoak gordetzeko biltegia, ikerketa gela, liburutegi eguneratua, lan-gela eta ikusentzunezkoen eta hitzaldi aretotak.
Eraikin eder honek mundu guztiz liluragarri baten ateak irekitzen dizkigu, karten bidez isladatzen den mundua. Karta horiek guztiak XIV. mendeaz geroztik jazotako gertaera historikoak isladatzen dizkigute, eta horrezaz gain, XIV. mendearen bukaeratik gaur egun arte Europan barajak inprimatzeko erabilitako modu desberdinak ere erakusten zaigu: XV. mendearen bukaera arte erabilitako eskuzko inprimagailuak, ordutik aurrera erabilitako inprimagailu industrialak (plantxa xilografikoak ), eta gaur egungo moldiztegi modernoenetan erabiltzen diren azken berrikuntzak.
Karten plasmazio fisikoari dagokionean esan beharra dago papera izan dela aintzina aintzina eskuz egindako kartetatik gaur egungo karten perfekziorainoko bidean erabili den materiala, eta bertan irudikatu dira, bai jokorako kartetan eta bai tarotetan, garaian garaiko espresio artistikoak, hala nola, azken gotikoa, errenazimendua, barrokoa, neoklasizismoa eta gaur egungo joera artistikoak.
Museoan gordetzen diren karten jatorriari dagokionez esan behar da kartak egin izan diren leku guztietatik datozela, beraz, bost kontinentetako barajak aurki ditzakegu bertan.
Bestalde, kartetan irudikatuak agertzen diren gaiak asko eta asko dira, izugarrizko balio dokumentala dute herri xehearen eta agintarien kezkak, ezagupenak, lanak, emozioak eta abarren berri ematen baitugute. Historia, artea, heraldika, geografia, mitologia, asmakeria, politika, astronomia, musika, literatura, erotismoa, fauna eta landaretza, antzerkia, iseka, kirolak, eta abar agertzen dira irudikatuta hainbat eta hainbat kartetan.
Liburutegi espezializatu bat ere badago museoan, barajen historia azaltzen duten liburu oso onez osatua, ikertzaile eta bildumazaleen eskura jartzen direnak museoaren fondoen beste zati baten antzera.
Edukiak
Kartek historian zehar eta herrialde ezberdinetan izandako bilakaera ezagutu daiteke bertan jasota dauden bildumen bidez, fabrikazioaren ikuspuntutik zein erabilitako gaien ikuspuntutik.
XV. mendetik XX.era bitarteko kartak, karta historikoak, gudei buruzkoak, satirikoak, zezen festaren ingurukoak eta abar daude erakusgai.
Museo honetan karta espainiarrak dira nagusi eta horiek arreta berezia jasotzen dute.
|