 Mikel Zalbide
Fitxa
Mende hasierako euskalgintza: urratsak eta hutsuneak (pdf, 1846 kB) in II. Euskal Mundu Biltzarra. Euskara Biltzarra. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1988. 390-412 orr.
Laburpena
Euskal Herriko gizartean XIX. mendean izandako erabateko aldaketek euskararen adierazpenak itxuraldatuko dituzte. Idazleak eraldaketa horiek izango ditu gogoan euskararen atzera eta aurrerakoak aztertzeko eta, bidenabar, ezaugarritzeko. Unean uneko egoera politikoez bestera, mugarritzat jotzen ditu hizkuntzaren eta euskal kulturaren bilakaeran eragingo duten Sabino Aranaren jardunak, XX. mende hasierako formulazioen inguruan bereiztuak: aurrena independentziaren aldeko egitasmoaren haritik, eta, bestetik, 1901-1902tik 1937ra zabalduko den integrazioaren apustuaren bidetikoa. "Estatu propioa sortzea bultzatu ordez, Euskal Herriaren osaketa soziokulturala, eta bereziki euskararen gerora bidea segurtatzeko eskuragarriago izan zitekeen xede-helburu eta jokamoldeen garrantzia azpimarratu zuen saio aldi berri honetan". Bigarren aro honetan kontuan hartu beharreko beste marka bat 1918koa da, Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Biltzarrean sortu zen indar-biltzea, Euskal Herriaren konfigurazio etnokulturalaz gogoeta-lan sakona bultzatu zuena, euskarak behar zituen berrezarkuntza literario eta sozialari oinarri emango ziena. Bukatzeko, Zalbidek kultur mugimendu honek izan zituen ondorioak aztergai ditu.
Fitxa
Hendai-Hondarribietako biltzarrak: XX. Mendeko hizkuntza plangintzaren iturburu (pdf, 498 kB) in Euskaltzaleen Biltzarraren Mendeurrena. Sabino Arana Elkargoa, Bilbo, 2003, 1-134. or.
Laburpena
1901eko irailaren 16an Hendaiako biltzarra egin zen, euskararen ortografia bateratzeko asmoz. Eta 1902ko irailaren 11n Hondarribikoa. Bilera haiek porrot handia izan omen ziren. Bibliografiak biltzar haiek gogora ekartzean honakoak izan ditu hizketagai: ortografiaren alorrean batasunik lortu ez zela, eta hutsegite horren errudun nagusia Sabino Arana izan zela. Zalbideren arabera garai horiek berreraikitzeko ahaleginean (Villasante, Laffitte) eskuartean izandako dokumentazio urriak azalpena lanbrotu egiten du. Aranak ez zuen aukerarik Hondarribian izateko, asmorik ere ez zuen izan. Ezta bere jarraitzaile sutsuek ere. Bestetik Hondarribiko biltzarrean ez zen ortografiaz berba egin, eta istiluak izan baziren ere, ez ziren Aranaren zaleek sortuak. Testuingurua hori izanik, "txosten honen xedea ez da gizarte-aldaketaren ikuspegi historiko, juridiko, ekonomiko eta soziopolitiko horietan sakontzea, hizkuntza eta gizartea une hartako ekimen (para)instituzionalean, ideologia soziolinguistiko nagusien eta biografia jakin batzuen argitan aztertzea baizik".
|
|