Langileak

HAUTAKETA PROZESUAREN GARAPENA

Atal honetan jorratzen dira hautaketa-prozesuaren alderik garrantzitsuenak, izangaiek kontuan hartu behar dituztenak.

Onartuen eta bazter utzitakoen zerrendak

Hautaketa-prozesuan onartu diren eta bazter utzi diren pertsonen izenak jendaurrean jartzen dituzten zerrendak dira.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, hilabeteko epean, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak ebazpena emango du, onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onesteko. Adierazitako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan adieraziko da zerrendak non jarriko diren jendaurrean. Edonola ere, zerrenda horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan erakutsiko dira, bai eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean ere: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

Komeni da nork bere izena onartuen zerrendan dagoela egiaztatzea.

Onartuen zerrendarekin batera, bazter utzitakoen zerrenda eta kanpoan geratzeko arrazoia ere argitaratuko dira.

Zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkez daiteke hamar egun balioduneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo prozesutik kanpo uztea ekarri duen akatsa konpondu. Horrez gain, euren datu pertsonaletan akatsen bat antzeman duten izangaiek epe bera izango dute akatsok zuzentzeko. Erreklamazioak Langileriaren Kudeaketa zuzendariari igorriko zaizkio.

Interesdunak adierazitako epean konpontzen ez badu prozesutik kanpo uztea ekarri duen akatsa, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

Aurkeztutako erreklamazioak aztertu ondoren, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak ebazpena emango du onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda onartzeko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan adieraziko da non jarriko den ikusgai onartutakoen eta bazter utzitakoen zerrenda osoa eta ziurtatua. Edonola ere, zerrenda horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan erakutsiko dira, baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean ere: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net


Egiazta ezazu onartuen behin betiko zerrendan agertzen zaren, zerrenda hori izango da-eta probak egiteko unean erabiliko dena.

Ebazpen horren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi Agindu honen bidez deitzen den prozedurak eskatutako baldintzak beteta izatea aitortzen zaienik interesdunei.

Hautaketa-organoa

Berariaz izendatutako Epaimahaiak egingo du partaideen aukeraketa.

Epaimahaiak

Epaimahaien osaera EHAAn erakutsiko da, onartutako eta bazter utzitako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ostean.

Epaimahaiak sei kide izango ditu: epaimahaiburua, lau kide eta idazkaria, ahotsarekin baina botorik gabe.

Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du epaimahaiburua, libreki.

Lau kideak:

– Horietako bat, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpean aritzen diren lan-legepeko irakasle eta hezitzaileentzako hitzarmen kolektiboaren esparruan ordezkaritza duten sindikatuek proposatu ondoren, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ordezkari bat.

– Bi teknikari espezialista.

Idazkaria: Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzako teknikari bat.

   Epaimahaiak zenbat kide, beste horrenbeste ordezko izendatuko dira, prozedura berbera erabilita.

Eginkizunak: probak balioestea, probak kalifikatzea eta, oro har, hautaketa-prozesua garatzea.

Oposizioa eta lehiaketa

Hautaketa-prozesuak bi aldi izango ditu: oposizio-aldia eta lehiaketa-aldia.

Oposizioa

Gaztelaniaren ezagutza-maila egiaztatzeko proba
Oposizio-aldiko probak egin aurretik, nazionalitate espainolik ez duten izangaiek, baldin eta euren jatorriagatik espainieraz badakitela ondorioztatzen ez bada, proba baten bidez egiaztatu beharko dute gaztelaniaren ezagutza. Proba horretan ahozko zein idatzizko ulermen eta adierazpeneko maila egokia dutela egiaztatuko da, gaztelaniari dagokionez.

Aurreko lerrokadan ageri den proba egitetik salbuetsita daude ondokoren bat dutenak: Atzerriko Hizkuntza gisa Espainieraren Goi Mailako Diploma, urtarrilaren 10eko 1/1992 Errege Dekretuak (15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) aldatu eta osatu duen uztailaren 20ko 826/1988 Errege Dekretuak (29ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) zehazten duena, Atzerritarrentzako Espainieraren Gaitasun Ziurtagiria -Hizkuntz Eskola Ofizialek ematen dituzte bi titulu hauek-, edo Filologia Hispanikoan edo Erromanikoan lizentziadunaren titulua.

. Oposizio aldiko probak

Txanda irekirako eta ezinduentzat gordetako txandarako.

Proba bat izango du, bi zatitan banatua, nahitaezkoak eta baztertzeko indarra dutenak biak ere:

A) Lehenengo zatia: Epaimahaiak zehaztuko duen gehienezko epea agortu baino lehenago, idatziz erantzun beharko zaio erantzuteko hainbat aukera emango duen galdetegi bati. Galderak III. eranskinean jaso den gai-zerrendan agertzen diren edukiei buruz izango dira.

B) Bigarren zatia: Epaimahaiak zehaztuko duen gehienezko epea agortu baino lehenago, idatziz erantzun beharko zaio zenbait galderari, izangaien gaitasuna baloratzeko eta balorazio pertsonala egiteko helburuarekin. Galderen gaiak III. eranskinean jaso den gai-zerrendan agertzen direnak izango dira.

Zati bakoitza honela kalifikatuko da:

A) Lehenengo zatia: Baztertzailea izango da. Kalifikazioa zero eta hamar puntu artekoa izango da, eta ariketa gainditzeko, eta ondorioz, bigarren zatia kalifikatu ahal izateko, gutxienez bost puntu lortu beharko dira.

      B) Bigarren zatia: Kalifikazioa zero eta hamar puntu artekoa izango da, eta gutxienez bost puntu atera beharko dira zati hau gainditzeko.

Lehiaketa

Aldi honetan oposizio aldia gainditu duten izangaien merezimenduak baloratuko dira.

Merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri diren baremoen arabera baloratzeko, oposizio-aldiko emaitzak argitaratu ondoren, hamar egun balioduneko epea irekiko da oposizio-aldia gainditu duten izangaiek aipatutako balio-taulan zehazten diren frogagiriak aurkez ditzaten, kontuan izanik epe horren barruan behar bezala alegatu eta justifikatutako merezimenduak besterik ez direla baloratuko, aipatutako eranskinean zehaztutako agirien bitartez (jatorrizko alea edo behar bezala konpultsatutako fotokopia).

Izangaiek gehienez ere 9 puntu lortu ahal izango dituzte, lehiaketa aldian, merezimenduen balorazioarengatik.

Onartuen behin betiko zerrendak onetsi ondoren, eta Langileriaren Kudeaketa zuzendariak zehaztuko duen egunean, lehiaketa-aldiko puntuazioa erakutsiko da; erakutsi ere, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Puntuazioak jendaurrean jarri eta sei egun baliodunetan, interesdunek horien aurkako erreklamazioko idazkiak aurkeztu ahal izango dizkiote Langileriaren Kudeaketa zuzendariari.


Lehiaketa-aldiko behin betiko puntuazioak ikusgai jarriko dira Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net), Langileriaren Kudeaketa zuzendariaren ebazpenak zehaztuko duen egunean. Ebazpen horri ezin zaio errekurtsorik aurkeztu. Interesatuek, hala nahi izanez gero, azken ebazpenari aurkeztu ahal izango diote dagokion errekurtsoa.

Lanpostuen esleipena

Hautaketa-prozesua amaitu ostean, Epaimahaiek prozedura bakoitzean oposizio aldian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaiei lehiaketa aldiko puntuazioa batuko diete. Ondoren izangaiak lortutako puntu guztien arabera sailkatuko dituzte.

Behin zerrenda horiek egin ondoren, epaimahaiek aurreko idatz-zatietan adierazitako zerrendak Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetako iragarki-oholetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, agerian jarriko dituzte. Behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, interesatuek hamar egun balioduneko epea izango dute bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioen epea amaitu eta gero, eta aurkeztatutakoak ebatzi ondoren , Langilearen Kudeaketa zuzendariak txanda bakoitzeko izangaien behin betiko zerrendak eta eskainitako lanpostuak argitaratzea aginduko du.

Behin betiko zerrendak argitaratu eta gero, dei egingo zaie izangai horiei lanpostua aukera dezaten, hautagai bakoitzaren puntuazio hurrenkeraren arabera eta eskatutako baldintzak bete direla kontu eginez.

Minusbaliatuentzat gordetako prozeduran plazak hutsik geratuz gero, sarbide irekiko plazen multzoa areagotuko dute.

Aurreko idatz-zatiek adierazitako prozedurak amaitu ostean, Epaimahaiak hautatutako izangaien zerrenda egingo du. Horretarako,  txanda eta hizkuntza-eskakizuna aintzat harturik hautatutako izangaien zerrenda egingo dute. Epaimahaiak inolaz ere ezingo du hautatutzat jo deitutako plazen kopurua baino izangai gehiago.

Epaimahaiek aurreko idatz-zatietan adierazitako zerrendak Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetako iragarki-oholetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, agerian jarriko dituzte. Langileriaren Kudeaketa zuzendariak, ebazpen batez, zerrendak jendaurrean jartzeko data emango du, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Zerrenda horien aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrendak iragarki-ohol egokian ageri eta hurrengo egunetik aurrera.

Hautespen-probak gainditu dituzten izangaien zerrendak EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik hogei egun natural pasatu aurretik, hautatutako izangaiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dituzte deialdiaren Aginduan zehazten diren agiriak, Kontratuak formalizatu ahal izateko.