Euskal Autonomia Erkidegoko toponimia


Ruben Remirez

Sarrera

Hizkuntza herri baten nortasunaren atal nagusietako bat da, eta horren barruan leku-izenek edo toponimoek berebiziko garrantzia hartzen dute, bereziki hizkuntzaren corpusaren barruan. Horregatik, ezinbestekoa da izenok zaindu, gorde eta era egokian helaraztea hurrengo belaunaldiei. Gainera, horrekin batera, toponimia lurralde batean izan diren kultura, ohitura eta gertakari historikoen adierazgarri bizia da; informazio-iturri oso baliagarria izan daiteke, toponimoek herrialde bateko biztanleen berri anonimoa ematen baitute, eta askotan herritarren kezken, beharrizanen eta sinismenen lekuko izaten dira.

Ezin dugu inola ere ahaztu, gure kultura-ondarearen beste alderdi asko bezala, toponimia ere globalizazioaren mehatxupean dagoela; uniformatze-prozesuaren ondorioz, eta ia oharkabean, izendapen arrotzak edo esanahirik gabekoak nagusitzen dira, jatorrizkoak edo adierazkorrak zokoratuz. Halaber, kontuan hartu behar da azken urteotan landa-eremuetako biztanle askok hirietara alde egin dutela ekonomiaren beharrek bultzatuta; fenomeno horrek informatzaileak eta lekukoak galtzea ekarri du eta, ondorioz, toponimoen galera.

Esan bezala, denboraren poderioz leku-izenak aldatzen doaz, izen berriak azaldu eta beste batzuk galtzen dira eta, ondorioz, askotan leku bat bera izendatzeko izendapen bat baino gehiago aurkitzen dugu. Hori dela-eta, hizkuntzaren arlo honetan, beste askotan bezalaxe, behar-beharrezkoa da toponimoak arautzea eta normalizazio linguistikoaren eta geografikoaren galbahetik pasaraztea: horrela hiztunek toponimia normalizatua erabili ahal izango dute, eta mapa eguneratuetan gure lurralde eta herrietako bazter guztien izenen aberastasuna zabalduko da.

Hortaz, bi dira toponimia lantzeko eta arautzeko arrazoi nagusiak:

  • Leku-izen arautuak eta normalizatuak izatea eta zabaltzea: era horretan saihestu egingo dira hainbat lan-eremutan (hedabideak, argitalpenak, herri-administrazioak, errotulazioa…) toponimiaren erabileraren inguruan sortzen diren zalantzak, erabilera okerrak eta gaizki ulertuak.
  • Kartografiako eskala guztietan toponimia arautua txertatzea.

Bestalde, egun teknologia berriek aukera paregabea eskaintzen digute eta, besteak beste, Internet sareak toponimiari buruzko hainbat tresna jartzen ditu denon eskura; horietako bat dugu Informazio geografikoko sistemak (GIS). Horrelako aplikazioak oso lagungarriak dira leku-izenak sarearen bidez kontsultagai jarri eta erabiltzaileei ezagutarazteko. Bide hori ere urratu beharra dago, toponimia arautua zabaltzea lortuko badugu.

Ondorioa, beraz, begi-bistan dago: ezinbestekoa da toponimia arautzea eta erabiltzaileen esku jartzea.


Toponimia-lana eta toponimoen normalizazioa

Toponimia-lanaren metodologia

Toponimia-lanaren ardatza leku-izenak arautzea eta normalizatzea da, hau da, toponimoak nola idatzi behar diren eta mapetan non kokatu behar diren zehaztea eta finkatzea. Helburu hori gauzatzeko, hiru fase garatu behar dira: ikerketa-fasea, normalizazio linguistikoa eta normalizazio geografikoa.

1.- Ikerketa-fasea:

Toponimia-lanaren fase honetan bi pauso bereizi behar dira:

  • Ahozko bilketa edo landa-lana:
    Ahozko iturrien bidez, egungo nahiz azken belaunaldietako toponimia ezagutzeko aukera izango dugu, hau da, bizirik dagoen toponimia. Bilketa horren ardatza inkesta toponimikoa da, eta inkesta hori gauzatzeko garaian metodologia jakin bati jarraitu behar zaio hainbat irizpide kontuan hartuta, hala nola, esku artean daukagun toponimia-lanaren xedea, eskura ditugun baliabideak, lana burutzeko epea, eremuaren nolakotasunak, bertaratzeko zailtasuna, inkestatzailaren eta eremuaren arteko lotura eta abar.

    Ahozko inkesta toponimikoak iturri idatzietan identifikatutako toponimoak egiaztatuko ditu, eta horiek bizirik dauden eta kokapena non duten argitzen ere lagunduko digu. Laburbilduz, inkesta toponimikoaren bidez jakingo dugu tokian tokiko lekukoek leku bakoitzari nolako izena ematen dioten eta izenon aldaerak zein diren.

Hortaz, iturri idatzien hustuketa eta landa-lana dira toponimia-lanaren 1. fasean egin beharreko lehenbiziko urratsak.

2.- Toponimoen normalizazio geografikoa

Toponimia normalizatua zabaltzeko bide nagusia kartografia izaten da, eta normalizazio geografikoa aipatzen dugunean toponimoak kartografian txertatzeaz ari gara, hain zuzen. Hori gauzatzeko, leku-izenei erreferentzia geografiko-espaziala eman behar zaie, hau da, UTM koordenatuak. Koordenatuak zehazteko garaian, hiru toponimo-mota bereizi behar dira: eremu zabaleko toponimoak, toponimo puntualak eta toponimo linealak.

Eremu zabaleko toponimoetan (mendilerroak, mendikateak, urtegiak, parke naturalak, lurraren zenbait erabilera eta bestelako leku zabalak) koordenatuak azaleraren erdian ezarriko dira, gutxi gorabehera, zentroidean, alegia; toponimo puntualek, ordea, (gailurrak, elizak, ermitak, iturriak, errotak, aurriak, baserriak, trikuharriak, mendateak) izendatzen duten lekuan bertan izango dituzte koordenatuak; toponimo linealen kasuan hidronimoek baino ez dute koordenaturik, eta ibai-ahoan ezartzen dira.

Bestalde, toponimo guztiek osagai espezifikoa (Zadorra ibaia) eta osagai generikoa (Zadorra ibaia) dute; eta toponimoak mapetan errotulatzeko orduan, batzuetan bi osagaiak agertuko dira, eta beste batzuetan espezifikoa baino ez. Hala Gorbeiako Parke Naturala errotulatuko da (espezifikoa eta generikoa), baina baserrien kasuan espezifikoa baino ez da azalduko mapetan (Goikoetxea, Antxeta…); horrelakoetan, generikoa piktograma edo ikur konbentzionalen bitartez adieraziko da. Zeinuez gain, beste zenbait baliabide ere erabiliko dira generikoa mapetan adierazteko: letra-tamaina, letra-mota, koloreak eta abar.

3.- Toponimoen normalizazio linguistikoa:

Kartografiako oinarrizko irizpidea da leku batek izen bakarra izan behar duela. Horrek esan nahi du leku baten izena zehazteko, hautaketa egin behar dela leku horretarako ahoz jasotako eta dokumentatutako aldaeren artean. Hautaketa hori egiteko, toponimoak duen arazoa identifikatu beharko dugu, esate baterako: diptongoen monoptongazioa (Aizketa ala Ezketa), bokalen galera (Iturrioz ala Iturroz?). Jarraian Euskaltzaindiak toponimia arautzeko ezarritako irizpideak aplikatuko ditugu. Izan ere, Euskararen erabilera arauzkotzeko 10/1982 Legearen 10. artikuluak horretarako eskumena aitortzen dio Euskaltzaindiari. Aipatutako normalizazio-irizpideak Toponimia txikia arautzeko irizpideak izeneko lanean daude bilduta. Bertan, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak toponimoen normalizazio linguistikoaren arloan onartutako arauak biltzen dira, adibideekin hornituta. Hainbat dira azaltzen diren arazoak eta horietarako ematen diren irtenbideak; hona hemen horietako zenbait:

  • Erdal pluralizatzaileen tratamendua: Meagas > Meaga
  • Bokalen harmonia: Arlonagosie > Arlonagusia
  • Jod epentetikoa: Belabiya > Belabia
  • Bokal protetikoak: Rekalde > Errekalde

Normalizazio linguistikoaren irizpideak biltzen dituen dokumentua www.kultura.ejgv.euskadi.net web orrian kontsulta daiteke.

Normalizazio-prozesu horretatik eremu bateko toponimo arautuen multzoa eskuratuko dugu; horrekin batera, toponimoei dagokien entitate geografikoa finkatu beharko da, eta ez da ahaztu behar toponimo bakoitzak entitate geografiko bakarra izan behar duela (erreka, ibaia, urtegia…).

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako toponimia-lanak

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) aspaldi ekin zion EAEko toponimia bildu, aztertu eta normalizatzeari. Izan ere, Kultura Sailaren egitura ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 16. artikuluak honako zeregin hau egozten dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari:

  • Bide-seinaleetan eta hizkuntza-paisaian, oro har, toponimia normalizatzeko jarduerak gauzatzea, beti ere, Euskararen Aholku Batzordearen Toponimiako Berariazko Batzordeari ez dagozkionak.

Bestalde, Euskararen Aholku Batzordea eraldatzeko ekainaren 18ko 156/1996 Dekretuaren bidez sortu zen Toponimia Batzorde-atal Berezia. Dekretu horren 16. artikuluak Toponimiako Batzorde horren egitekoen artean honako hauek aipatzen ditu:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari aholkuak ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko toponimoak bildu, berreskuratu, zerrendatu eta gordetzeko beharrei eta lehentasunei buruz.
  • Mapetan, liburuetan, errotuluetan eta hedabideetan, orokorrean, toponimoak erabiltzeko eta idazteko irizpideak eta arauak proposatzea.

Legediak ezartzen dizkion egiteko horiek betetze aldera, HPSk azken hogei urteotan lan ugari egin ditu toponimia-arloan: 1986an ekin zion EAEko toponimia biltzeari, Bizkaiko leku-izenak datu-base batean bildu zituenean; geroago, 1991n, datu-base hori Gipuzkoako eta Arabako toponimia bilketa-lanekin osatu zuen. Lan horiek guztiak Deustuko Unibertsitateko Deiker Institutuari esleitu zitzaizkion. Harrezkero, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza etengabe aritu da toponimiako datu-basea eguneratzen eta osatzen.

Horrekin batera esan beharra dago 1998ko uztailaren 28an Gobernu Batzordeak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onetsi eta bere egin zuela, eta bertan, besteak beste, toponimia biltzeko beharra ezartzen zen. Beraz, Planak ezarritakoari men eginez, Euskararen Aholku Batzordearen Toponimia Batzorde-atal Bereziak "1999-2003 Toponimiako Jarduketa Plana" onartu zuen, eta horren ondorioz, besteak beste honako lan hau gauzatu zen: "Bizkaiko 1:5.000 eskalako kartografiarako toponimiaren berrikusketa". Lan horretarako normalizazio-arau berriak landu eta finkatu zituzten HPSk eta Euskaltzaindiak, ondoren Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeak ontzat eman zituenak.

Aipatutako Bizkaiko toponimia-bilketa berriaren helburua lehen inbentarioan (1986) bildutako toponimoak berrikusi, eta landa-bilketa berriz egitea izan zen. Aurrekoaren aldean, lan horrek honako berrikuntza hauek ekarri zituen: kode geografiko berriak ezarri ziren eta hizkuntza-arauak berraztertu eta berriak onartu ziren.

Bizkaiko toponimia-lan horretan bildutako toponimoak edo leku-izenak, batez ere, landa-lanaren bidez egindako elkarrizketetan jaso ziren. Halaber, dokumentazio-iturriak eta iturri kartografikoak aztertu eta gaiari buruzko bibliografia zabala kontsultatu zen, lan orokorrak eta geografiako eta historia-geografiako hiztegiak nahiz lekuan lekuko monografiak, unibertsitateko tesi eta tesinak, toponimiari buruzko azterlan zehatzak, hizkuntzari buruzko ikerketa berezituak eta abar. Ikerketa-lan horren azken urratsean, bildutako toponimoak hizkuntza-normalizazioaren galbahetik pasatu ziren, eta hortik atera zen normalizatutako toponimoen multzoa. Azkenik, toponimo horiek 1:5.000 eskalako kartografian txertatu ziren.

Bizkaikoa bukatuta, 2005. urtean HPSk Arabako toponimia berrikusteko kontratazioa abiatu zuen, aurrekoetan bezala oraingoan ere lehiaketa publiko bidez. Lan horren helburua izan zen 1991tik datu-basean zegoen Arabako eta haren hiriburuko toponimia berrikusi, normalizatu eta 1:5.000 kartografian txertatzea, Bizkaian erabilitako irizpide eta hizkuntza-arautegi berriaren arabera, eta landa-lanik berriz egin gabe.

Lan horretan iturri dokumentalen hustuketa egin zen: ildo horretatik, katastroa, iturri kartografikoak, artxiboak eta argitalpen berezituak arakatu ziren, hau da, informazio idatzi baliagarria biltzen zuten dokumentuak; toponimoen normalizazioari dagokionez, arautegia berriz osatu behar izan zen, Arabako kasuistika eta errealitateari egokituz.

Azkenik, EAEko toponimiaren azterketa-lana osatzeko, aurten Gipuzkoako toponimiaren berrikusketari ekingo dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak; lan hori 2007ko abenduan amaitzea aurreikusten da. Gipuzkoako lan honen ardatza Bizkaiko eta Arabako lanen ildo nagusiekin bat etorriko da, hizkuntza-normalizazioa eta normalizazio geografikoa egiteko orduan aurrekoetan aplikatutako arautegia hartuko baita oinarritzat. Arabako berrikusketa-lanean bezala, oraingoan ere ez da landa-lanik egingo. Lan honen helburuak, hortaz, hauek izango dira:

  • Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren EAEko datu-basean dagoen Gipuzkoako lurraldeko toponimia berrikustea.
  • Horrekin batera egin beharreko hizkuntza-normalizazioa eta normalizazio geografikoa gauzatzea.
  • Aipatutako lan horien emaitza 1:5.000 eskalako kartografian txertatzea.

Gipuzkoako berrikusketa bukatuta, EAEko lurralde guztietako toponimia normalizatuta egongo da; hortaz, toponimiako www.euskadi.net/euskara_eaetoponimia web orrian Bizkaiko eta Arabako leku-izen normalizatu eta eguneratuak eskaintzeaz gain, Gipuzkoako informazioa ere eskuratu ahal izango dute erabiltzaileek, toponimia-arloko zerbitzua nabarmen hobetuz.

EAEko toponimiako datu-basea

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak datu-base batean bildu du toponimia-arloan orain arte egindako lanen emaitza, EAEko leku-izenak erabiltzaile guztien eskura jartzeko asmoz. Datu-base horretan Bizkaiko toponimia-bilketa (2003) eta Arabako toponimia-lana (2005) jaso dira, eta 2007. urtean Gipuzkoako toponimia-lan berriaren edukia ere jarriko da bertan kontsultagai.

Datu-basea antolatzeko orduan, bost multzo nagusi bereizi dira:

  • Toponimo dokumentatuak: Idatzizko iturri dokumentalen ikerketaren eta hustuketaren bidez eskuratutako leku-izenak.
  • Toponimo dokumentatu kartografikoak: Iturri kartografikoen hustuketaren bidez biltzen direnak.
  • Ahozko toponimoak: Landa-lanaren inkesten bidez bildutako toponimoen multzoa.
  • Toponimo normalizatuak: aurreko atalean azaldu bezala, ahozko toponimoak zein toponimo dokumentatuak aztertu ondoren, bi normalizazio-prozesu jartzen dira martxan: hizkuntza-normalizazioa eta normalizazio geografikoa; prozesu horien emaitza dira toponimo normalizatuak .
  • Toponimo kartografikoak: mapetan txertatuko diren toponimoen multzoa.

HPS etengabe aritzen da toponimiako datu-basearen informazio hori eguneratzen eta zuzentzen, horretarako sortutako mantentze-aplikazio baten bidez.

Interneteko toponimiako aplikazioa

(1)

Aurki, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere datu-basean bildutako informazio toponimiko eguneratua Interneten jarriko du kontsultagai, eta bertan erabiltzaileek kontsultarik errazenak zein landuenak egiteko aukera izango dute. Helbidea honako hau da: www.euskadi.net/euskara_eaetoponimia

Bi kontsulta-modu eskainiko dira: kontsulta arrunta eta kontsulta aurreratua, eta horren araberakoa izango da toponimoen gainean eskuratuko den informazioa. Kontsulta arruntaren bidez, erabiltzaileak toponimo normalizatuak bilatu ahal izango ditu, entitate geografikoaren arabera (baserri-izenak, errekak, gailurrak eta abar) edo udalerrika.

Bilaketa aurreratuaz baliatuz gero, toponimia normalizatuaz gain, toponimo dokumentatuak, ahoz jasotakoak, toponimo dokumentatu kartografikoak eta normalizazio-arauak ere kontsultatu ahal izango dira.

Halaber, toponimia-arloko enpresek nahiz adituek eta erakundeek eremu edo udalerri jakin bateko toponimia eskatzea izango dute horretarako sortutako atal batean.

Interneteko eskaintzaren beste berrikuntzetako bat kartografia izango da: GIS (Informazio geografikoko sistema) aplikazio baten bidez toponimia normalizatua eta kartografia lotuta geratuko dira; horrela, leku-izenak mapetan txertatuta ikusiko dituzte erabiltzaileek, eta alderantziz, mapetako toponimoak aukeratu eta fitxa osoa (entitate geografikoa, ahozko toponimoak, normalizazio-arauak…) bistaratzeko modua izango dute.

Aurrerantzean ere HPS etengabe arituko da Interneteko informazio toponimikoa eguneratzen; hala ere, Interneteko web orriaren erabiltzaileek ere prozesu horretan parte hartzeko aukera izango dute, atal berezi batean oharrak, zalantzak, iradokizunak eta abar bidaliz.

Laburbilduz, Internet bidez HPSk toponimia ezagutarazteko zerbitzu baliagarria eta berezitua eskaintzeko konpromisoa bete nahi du, informazioa erabiltzaileen beharren arabera emanda.

EAEko biztanle-entitateak

EAEko toponimia normalizatzeko prozesuan, HPSk beti nabarmendu du biztanle-entitateen izenak era egokian, hau da, Euskaltzaindiak finkatutako formaren arabera, ofizialtzearen beharra. Helburu hori betetzeko, ahalegin berezia egin du HPSk, eta horren erakusgarri dira izena aldatu duten udalerriak, administrazio-batzarrak (kontzejuak) eta biztanle-entitate txikiak.

Zeregin horretan, Euskararen erabilpena arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 10.1 artikuluak finkatutako irizpidea izan dugu gogoan; horren arabera, jatorrizko izen euskaldun, erromantzezko edo gaztelaniazkoari dagokion idazkerari men egin behar zaio biztanle-entitateen izenak aldatu, egokitu edo finkatzeko orduan.

Izenak aldatu edo ofizialtzeko prozesu horretan kontuan hartu beharra dago biztanle-entitate mota bakoitzak legez ezarritako prozedura zehatz bati jarraitzen diola. Hona hemen, erakunde-motak eta dagokien legedia:

  • Bizkaiko udalerriak: uztailaren 7ko 8/93 Foru Araua (BAO, 1993ko uztailaren 26a).
  • Gipuzkoako udalerriak: martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua (EHAA, 2003ko maiatzaren 26a).
  • Arabako udalerriak: abenduaren 12ko 271/1983 Dekretua (EHAA, 1983ko abenduaren 21a).
  • Arabako kontzejuak: urriaren 17ko 98/1995 Foru Dekretua (ALHAO, 1995eko azaroaren 6a)

Esan bezala, lege-arau horietan jasotzen dira izenak aldatzeko jarraitu beharreko pausoak, eta azpimarratu beharra dago prozedurak luzeak eta korapilotsuak direla. Hori dela-eta, HPSk, orain arte egin duen bezala, aurrerantzean ere (prozesua ez baita amaitu) izen ofiziala aldatu nahi duten biztanle-entitateei laguntza eskaintzen jarraituko du, batez ere Arabako kontzejuen kasuan, horrelakoek baitute laguntza-premia handiena.

Gai honen inguruan informazio sakonagoa nahi duen orok euskara atarian sartuta aurkituko du; bertan EAEko biztanle-entitateen izen ofizialen zerrenda eguneratua ere kontsultatu daiteke.

EAEko toponimiako izendegia

EAEko toponimia jaso, normalizatu eta datu-base batean bildu ondoren egin beharreko hurrengo urratsa EAEko toponimiako izendegia edo nomenclatorra gauzatzea litzateke.

Eremu jakin bateko toponimia biltzen duen dokumentua da toponimiako izendegia; batzuk zerrenda hutsak dira, toponimo-zerrenda hutsak. Gure kasuan, berriz, izendegi geografikoaz ari gara, eta horrek beste osagai batzuk dakartza: kartografia, toponimoen kokalekua, datu soziolinguistikoak…

Espainiako Instituto Geográfico Nacional-ek (IGN) Nomenclátor Geográfico de España (Espainiako Izendegi Geografikoa) izeneko proiektuaren zirriborroa aurkeztu berri du. IGNren proiektuak aukera zabaltzen die autonomia-erkidego guztiei euren toponimia-izendegiak bertan txertatzeko. Pauso hori emanda, EAEko toponimiaren kasuan hiru helburu beteko lirateke:

  1. EAEko toponimia normalizatuari ofizialtasun-maila ematea: IGNko Kartografiako Erregistro Nagusiari dagokio toponimia ofiziala jasotzea; beraz, EAEko Izendegia gauzatzea ezinbesteko pausoa da gure toponimia normalizatuak Espainiako Izendegi Geografikoaren bidez maila ofiziala izan dezan.
  2. Leku-izen normalizatuak izatea, eta horrela saihestea hainbat arlotan toponimoen inguruan sortzen den egoera nahasia; izan ere, askotan leku bat bera izendatzeko izen desberdinak erabiltzen dira kartografian, hedabideetan, argitalpenetan, herri-erakundeetan, etab.
  3. EAEko toponimia normalizatu eta ofiziala kartografiako hainbat eskalatan txertatzea eta zabaltzea.

EAEko Toponimiako Izendegiaren proiektuak honako ezaugarri hauek izan beharko lituzke:

  • Formatu digitala: horrek aukera emango du bilaketa hainbat irizpideren arabera egiteko (toponimoa, udalerria, lurraldea, eskala…).
  • Informazio toponimikoa antolatzeko abiapuntua udalerria izango litzateke (kartografia, azalera, biztanle-kopurua, egoera soziolinguistikoa, etimologia, etab.).
  • Oinarrizko eskala, 1:5.000: hori da Foru Aldundiek erabiltzen dutena eta katastroa egiteko baliatzen dena. Dena den, formatu digitalari esker, Izendegiak aukera emango luke toponimia hainbat eskalatan kontsultatzeko (1:10.000, 1:25.000, 1.50.000…).
  • Espainiako Izendegiarekin bateragarria: esan dugun bezala, IGN Espainiako Izendegiaren proiektua lantzen ari da, eta bertan integratu beharko litzateke erkidego guztietako toponimia. Hortaz, gure izendegia IGNkoarekin bateragarria izateko, erakunde horrekin koordinazio-lanetan aritu beharko genuke.
  • Erakundeen arteko lankidetzan oinarritua: EAEko izendegiaren proiektuak hainbat erakunderen inplikazioa eskatuko luke, hala nola, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza, Foru Aldundiak, EUSTAT, Euskaltzaindia, EAEko udalak eta IGN bera.

Oinarrizko glosarioa

Ahozko toponimoak: tokian tokiko biztanleek erabili ohi dituzten leku-izenak, landa-lanaren inkestaren bidez jasotakoak. Adibidez: Arrañeta errekea.[Itzuli]

Dokumentazio-iturriak: leku-izenen bilakaera eta jatorrizko izendapenak ezagutzeko oinarrizko informazioa ematen duten iturriak: udal agiritegiak, Foru Aldundienak, elizarenak, Jabetza-erregistroko artxiboak, inprimatu gabeko agiriak, katastro zaharrak…[Itzuli]

Entitate geografikoa: leku-izen edo toponimoek osagai espezifikoa (Zadorra, esaterako) eta osagai generikoa (ibaia) dute; entitate geografikoa izena duen edo izena har dezakeen paisaiaren edozein elementu da, naturala (mendia, erreka…) edo artifiziala (plaza, etorbidea…) eta gehienetan toponimoen osagai generikoarekin bat dator.
Generikoa eta entitate geografikoa bat ez datozenean herri-hizkeraren eta terminologia zientifikoaren artean desberdintasunak agertzen direlako izan ohi da. Adibidez:

  • Gastaka errotea, ahozko toponimoa: errota, generikoa; baserria, entitate geografikoa[Itzuli]

Hizkuntzaren corpusa: hizkuntza baten erakusgarri diren testu idatzi edo/eta ahozkoen multzoa; azterketa linguistikoak egiteko biltzen dira testu horiek. Toponimoak multzo horren zati azpimarragarria dira.[Itzuli]

Informazio geografikoko sistema (GIS): munduko eremuei buruzko informazioa jasotzeko sistema, azpiegitura informatikoak, erakundeak, jendea eta antolamenduak barne hartzen dituena.[Itzuli]

Iturri kartografikoak: toponimoak biltzen dituen edozein dokumentu grafiko (mapa, planoa, krokisa...).[Itzuli]

Kode geografikoa: toponimoaren edo leku-izenaren entitate geografikoa adierazten duen zenbakia.[Itzuli]

Normalizazio geografikoa: toponimia kartografian txertatzeko prozesua; horretarako, irizpide grafiko eta geografiko bateratuak ezartzen dira, toponimoei koordenatuak aplikatuz eta errotulatzeko era zehaztuz.[Itzuli]

Normalizazio linguistikoa: behin zenbait hizkuntza-arau edo irizpide finkatuta, horiek toponimoei aplikatzea; arau eta irizpideok sortzeko, landa-lanetik eskuratutako materiala aztertu eta dokumentu ugarirekin alderatu eta egiaztatu egiten da, betiere hizkuntzaren bilakaeraren funtsezko arauak oinarri hartuta. Era horretan, leku-izenek hizkuntzaren ikuspuntutik sortarazten dituzten arazoei irtenbidea ematen zaie eta, beraz, toponimo normalizatuak edo arautuak sortzen dira.[Itzuli]

Osagai espezifikoa: toponimoa zehatz-mehatz izendatzen duen osagaia. Oro har, toponimoaren izen propioa dela esan daiteke. Osagai espezifikoak osagai bakar bat edo gehiago izan dezake. Adibidez:

  • Galburusoro baserria: Galburusoro, osagai osagai espezifikoa
  • Urtiaga erreka: Urtiaga, osagai espezifikoa[Itzuli]

Osagai generikoa: toponimoan entitate geografikoaren izaera, modu orokorrean, adierazten duen osagaia. Adibidez:

  • Galburusoro baserria: baserria, osagai generikoa.
  • Urtiaga erreka: erreka, osagai generikoa.[Itzuli]

Toponimia: leku-izenak, banaketa administratiboen izenak nahiz biztanle-entitateenak, bai eta elementu geografikoenak ere, aztertzen dituen jakintza-gaia. [Itzuli]

Toponimoa: leku-izenak edo entitate geografikoak izendatzeko erabili ohi den terminoa. Toponimoa izen propioa da, osagai espezifiko batez eta, gehienetan, osagai generiko batez eratuta dagoena. Adibidez: Mugarra mendia: Mugarra, espezifikoa; mendia, generikoa. [
Itzuli]

Toponimo dokumentatuak: idatzizko dokumentazio-iturrietatik ateratako toponimoak. Jatorrizko grafia bere hartan gordetzen da. Adibidez: Olaun txarra erreca aldea.[Itzuli]

Toponimo dokumentatu kartografikoak: iturri kartografikoen (mapak, grafikoak, planoak, krokisak…) hustuketaren bidez biltzen diren leku-izenak. Hona zenbait adibide: Gaubeca, Urticoerrote, Artebacarra.[Itzuli]

Toponimo normalizatuak: toponimo dokumentatuak eta ahozkoak aztertu eta normalizazio arauak aplikatu ondoren finkatzen diren toponimo arautuen multzoa. Adibidez: Billao, Errotatxu, Etxandarri. [
Itzuli]

Bibliografia

DEUSTUKO UNIBERTSITATEA. DEIKER INSTITUTUA (2003): Bizkaiko 1:5.000 eskalako kartografiarako toponimia ikerlanaren txostena.

EUSKALTZAINDIA, EUDEL eta EUSKO JAURLARITZA (KULTURA SAILA) (2001): Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle-entitateak. Entidades de población de la Comunidad Autónoma Vasca.

EUSKO JAURLARITZA, KULTURA SAILA (2001): Izen geografikoen glosarioa.

EUSKALTZAINDIA. ONOMASTIKA BATZORDEA (2005), Toponimia txikia arautzeko irizpideak (Egilea: Mikel Gorrotxategi Nieto)

EUSKO JAURLARITZA (2002): Toponimia eta kartografia: Oinarrizko Eskuliburua (Egilea: Nerea Mujika Ulazia).

(1) 2006ko urtearen amaiera aldera jarriko da kontsultagai [Itzuli]
Azken eguneratzea: 2006/09/27