NOLA ANTOLATZEN DA?.
Plana aktibatzea ekarriko duen egoera larri guztietan, Kanpoko Larrialdi Plana zuzentzea eta koordinatzea Herrizaingo sailburuari baino ez dagokio, Larrialdiak kudeatzeko Legearen 21. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Kanpoko Larrialdi Plan honen zuzendariak Aholku Batzordearen laguntza izango du, Larrialdiak kudeatzeko Legearen 19. artikuluak ematen dizkion eskumen eta ahalmen guztiekin eta dagoen larrialdiak duen garrantziaren arabera.
Herrizaingo sailburuaren zuzendaritzako erabakiak nagusituko dira lurraldeko beste edozein agintari publikoren zuzendaritzako eginkizunen aurrean, eta Autonomia Erkidegoko bestelako plan-zuzendarien edota koordinatzaileen zereginen aurrean ere bai; eta, hargatik, hark koordinatuko du gainerako agintarien eta plan-zuzendarien eskumenak nola erabili.Premiarik handiena dagoenean, Herrizaingo sailburuordeak edo Larrialdiei Aurregiteko zuzendariak jarri ahal izango dute plana abian, baina ahalik eta arinen jakinarazi beharko diote Herrizaingo sailburuari.
Egoera oso larria bada eta Autonomiaz gaindiko interesa ere kalteturik badago, Barne Ministerioak egingo du adierazpena, Babes Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburuak eskatuta, Gobernuaren ordezkariak eskatuta edo beraren ekimenez. Horrelako egoeretan, Plana Zuzentzeko Batzordea eratuko da, eta Herrizaingo sailburuak eta Barne Ministerioaren ordezkariak osatuko dute.