Euskadiko Kanpoko Larrialdi Planak (KLP)

NOLA ANTOLATZEN DA?

Ekintzak Koordinatzeko Zentroa (EKZ)
Ekintzak Koordinatzeko Zentroa (EKZ) Planaren Zuzendaritzaren aginte-postua da. Zentro horretatik bideratzen dira informazioa zabaltzeko, koordinatzeko eta zentralizatzeko lanak, larrialdiaren egoera ebaluatze aldera eta, era berean, larrialdian aplikatu behar diren erabakiak jakinarazteko, baita zuzeneko harremanetan izateko Planaren Zuzendaritza eta zuzendaritzako edo kontrolerako dauden bestelako zentroak ere.
Funtzioak
Informazioa etengabe jasotzen duen zentroa da. Hortaz, Ekintzak Koordinatzeko Zentroak hidro-meteorologiari buruzko datuak jasotzeko terminalak ditu, baita KLP abian jarri duen enpresako instalazioei buruzko informazioa ere, gai arriskutsuen eta gai horiek manipulatzen dituzten establezimenduen gaineko informazioa eta, halaber, komunikabideen egoerari buruzkoa, betiere, arriskuaren egoera etengabe baloratu ahal izateko.
Zentroak jardueren berri jaso eta igorri behar du, eta beharrezkoak diren informazio-sistema eta datu-base guztiak kudeatu behar ditu.
Tresna lagungarria izan behar du Planaren Zuzendaritzarentzat, erabakiak hartzerakoan eta aginduak eman eta gauzatzerakoan, eta, hartara, larrialdiari buruz jasotako informazio guztia prozesatu behar du.
Ekintzak Koordinatzeko Zentroa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroren batean (SOS DEIAK) egongo da.
Planaren zuzendaria eta horren Zuzendaritzako egitura Larrialdiak Koordinatzeko horietako Zentroren batean bilduko dira. SOS-DEIAKeko instalazioetan eratzen ez bada, Ekintzak Koordinatzeko Zentroak informazio-sistemen loturak eta luzapenak eduki beharko ditu bestelako zuzendaritza-zentroekin harremanetan jartzeko, izan ere horietatik Planaren zuzendariak ekintzak zuzendu eta koordinatu ahal izango baititu.