Biztanle-entitateen izen ofizialak aldatzeko prozedurak

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) EAEko biztanle-entitateen

izenak era egokian, hau da, Euskaltzaindiak finkatutako formaren

arabera, ofizialtzeko beharra nabarmendu du beti, eta azken urteotan helburu hori

betetzeko ahaleginean jardun izan du. Lan horren emaitzaren erakusgarri dugu

euren izena aldatu duten biztanle-entitate ugariak: hogeita bost bat udalerri,

ehunetik gora kontzeju (administrazio-batzarrak), eta hainbat biztanle-entitate

txiki.

 

Zeregin horretan, Euskararen erabilpena arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982

oinarrizko Legearen 10.1 artikuluak finkatutako irizpidea izan dugu gogoan; horren

arabera, jatorrizko izen euskaldun, erromantzezko edo gaztelaniazkoari dagokion

idazkerari men egin behar zaio biztanle-entitateen izenak aldatu, egokitu edo

finkatzeko orduan.

 

Ahalegin horretan sakontzeko asmoz (prozesua ez baita amaitu), HPSk, ohi duenez,

izen ofiziala aldatu nahi duten biztanle-entitateei laguntza eskaintzen jarraituko du.

Gai honen inguruan argibideak eskatzeko, honako helbide elektroniko honetara

idatzi behar da: euskara@ej-gv.es

 

Horretaz gainera, interesa duten guztiek biztanle-entitateen izenak ofizialtzeko

jarraitu beharreko prozeduren laburpenak aurkituko dituzte hemen, herrialdeka eta,

Arabako kasuan, administrazio-batzarren (kontzejuak) berezitasunak kontuan

hartuta. Prozedura bakoitzari dagokion legearen aipamena ere aurkituko du web

orri honen erabiltzaileak.