KLIMATEK. OSATU Bero-boladak eta osasuna. Inpaktuak eta egokitzapena Euskadin

Xehetasunak

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) muturreko fenomeno meteorologiko arriskutsuenen artean kokatzen ditu bero-boladak, baina arreta askoz ere txikiagoa jartzen zaie muturreko beste gertakari meteorologiko bortitzago eta ikusgarriago batzuen aldean: adibidez, urakan, zikloi eta uholdeen aldean. Muturreko berogertakariek inpaktu zeharo larriak izan ditzakete osasunaren gain. Zenbait egilek zenbatetsi dutenez, 2003ko uztailean eta abuztuan Europari eragin zion beroboladan 70.000 heriotza ere erregistratu izan zitezkeen 16 herrialdetan (batik bat, Frantzia eta Italia), muturreko tenperaturak zirela eta.

Etorkizunari begira, Klima Aldaketarako Gobernuarteko Batzordeak (IPCC) bere azken txostenean ohartarazi zuen ezen, berotze globalaren kausaz, gora egin dutela bero-boladen gertakariak eta datozen hamarkadetan ere espero dela horien maiztasuna, intentsitatea eta iraupena handitzea. Orain arte bero-boladek arriskurik ekarri ez duten eremuetan ere, gobernuek kontuan hartu beharko dute muturreko bero-gertakariak izateko aukera handitu daitekeela, eta beraz, kontingentzia-planak zehaztu beharko dituzte herritarrak arrisku horretatik babesteko.

Gaurdaino, bero-boladak ez dira izan lehen mailako osasun-arriskua Euskadin. Gainera, Euskadik 2006tik du Bero Boladen Egoerak Prebenitzeko Plan bat, non deskribatzen baita zer eragin izan ditzaketen muturreko bero-egoerek pertsonen osasunean, eta identifikatzen baitira arrisku talde nagusiak. Nahiz eta Euskadin dagoeneko badauden bero-boladek osasunaren gain izan dezaketen inpaktuari buruzko alerta- eta prebentzio-planak, egia esan, klima-aldaketaren ondorioz halako fenomeno meteorologikoek gora egin dezaketela espero da. Testuinguru horretan, bada, funtsezkoa da, gaur egungo arriskuei aurre egiteaz gain, etorkizunean espero izatekoak diren aldaketei egokitzeko formulak bilatzea.

Euskadik Klima-aldaketarako KLIMA 2050 Estrategia du. Haren helburuen artean, «Euskadik klima-aldaketaren aurrean erresilientzia izan dezan bermatzea» dago, eta barne hartzen du egokitzapen-premien azterketa xehea, sektoreka: besteren artean, osasun publikoari dagokionez. Klimatek deialdia Estrategiaren premiei erantzuna emateko proposatu da, eta OSATU proiektua helburuok betetzen laguntzeko garatu da.

Zehazki, OSATUren helburua da bero-boladek etorkizunean biztanleen osasunaren gain izan lezaketen inpaktuak aztertzea, eta bero-boladek Euskadin izan lezaketen eraginak prebenitzearen arloan erabakiak hartzen lagundu dezaketen auzi garrantzitsuenak ikertzea.

Helburu orokor hori lortzeko, lau faseko metodologia bat erabili da: 

  • IPCCren eskualdekako azken tenperaturaproiekzioak biltzea;
  • ebaluatzea zer inpaktu izan ditzaketen muturreko tenperaturek osasunaren gain, hilkortasunari dagokionez;
  • balioztatzea zer-nolako inpaktu ekonomikoa izan dezakeen hilkortasun-arriskuak, bero-boladen fenomenoekin loturan; eta azkenik,
  • aztertzea zer kostu-onura duen bero-boladen alerta-sistemak hainbat agertoki klimatiko eta sozioekonomikotan. Klima-aldaketaren inpaktuak aztertzeko, 2020tik 2100era arteko bi isuri-agertoki hartu dira oinarri: RCP4.5 eta RCP8.5.

Euskadiko lau udalerri aukeratu dira, Euskalmetek identifikatutako eremu klimatiko bakoitzaren ordezkari; izan ere, alerta-sistemak berariaz diseinatu dira eremu klimatiko bakoitzerako. Hala, kostaldeko eremurako Donostia aukeratu da; Kantauri barnealdeko eremurako Bilbo; trantsizio-eremurako Gasteiz, eta Ebro ardatzerako Guardia.

Metodologia lau udalerrietan aplikatzeak informazio nabarmena ekoizteko bidea eman du, eta lagungarria izan daiteke klima-aldaketari egokitzearen arloan erabakiak hartzeko. Zehazki, espero da informazioa erabilgarria izan daitekeela, baldin eta berrikusi eta eguneratu nahi badira alerta goiztiarreko planak eta bero-boladek Euskadin pertsonen osasunaren gain izan ditzaketen eraginak prebenitzekoak. Jarraian, lortutako emaitzak eta azterlanaren ondorio nagusiak deskribatzen dira:

  • Tarteko isuri-agertokian (RCP4.5) gaur egungoaren antzekoa izango litzateke hilkortasunaren gaineko inpaktua. Ondorio hori ez da tenperaturen bilakaeraren fruitu soilik; aitzitik, agertoki demografikoek iragartzen duten biztanle-murrizketaren ondorio ere badira. Dena dela, kontuan hartu behar da isuriak maila globalean murriztuko dituzten arintze-neurriak abiarazita soilik lortuko dela agertoki hori.
  • Isuri-agertoki kaltegarrienak (RCP8.5) arintze-politikarik ezarri ez den eta isuriek gorabidean jarraitzen duten egoera bat ordezkatzen du. Hala izanez gero, inpaktuek nahiko konstante jarraituko lukete 2050 urtera arte; ordutik aurrera handitze nabarmena ikus daiteke inpaktuetan, denborarekin gora egiten dutelarik, baita horien aldakortasunean ere.
  • Bi agertokion arteko emaitzak alderatuz gero, RCP8.5 agertokian % 13-54 artean handituko litzateke hilkortasuna, aklimatazio fisiologikoa dagoen ala ez kontuan hartuta. Donostian, % 18tik % 58ra handituko litzateke inpaktua; Gasteizen, aldiz, % 46tik % -54ra (2020-2100 denboraldian). Tarte hori aklimatazio fisiologikoko prozesuen existentziaren mende dago. Guardiako emaitzak zuhurtziaz hartu behar dira kontuan; izan ere, udalerri txikia da, eta nekez konparatu daiteke hiru hiriburuekin estatistikari dagokionez.
  • Kostuei dagokienez, ez da kostu gehigarririk erregistratu RCP4.5 isuri-agertokian. Bilbon eta Donostian beheititze txiki bat ere erregistratu da. Inpaktuarekin gerta bezala, biztanleriari buruzko proiekzioen emaitzatzat jotzen da.
  • RCP8.5 agertokian, aldiz, kostuek lau udalerrietan egiten dute gora 2020tik 2100era arteko denboraldian. Gorakada nabarmenagoa da Gasteizen eta Guardian, kostuaren munta txikiagoa bada ere bi hiriotan.
  • Egokitzapen-kostuek —hau da, alerta-sistemen kostuek— inpaktuek baino proportzio txikiagoan egiten dute gora. Adibidez, Bilbon eta Donostian % 12-13 handituko lirateke RCP8.5 agertokian, RCP4.5 agertokiarekin alderatuz gero; Gasteizen, berriz, % 10-47 artean. Kostuen gorakada beharrezkoa litzateke inpaktua % 60 eta % 78 artean murriztea lortzeko.
  • Dena dela, inpaktuen gorakadarik gabeko agertoki batean ere premiazkoak izaten jarraituko lukete bero-boladen alertarako eta prebentziorako sistemek. Horrez gain, interesgarria litzateke inpaktuan oinarrituta ezarritako alerta-atalaseak berriz zehazteko aukera aztertzea, heriotzatasari dagokionez ez ezik, gaixotze-tasari dagokionez ere.
  • Gaixotze-tasetako inpaktuen kostua argigarri gisa zenbatetsi da, kontuan hartuz bero-boladako egunetako gehiegizko ospitaleratzeak. Emaitzek agerira ekarri dute alerta-kostuak baino askoz ere handiagoak direla gaixotasun-tasetako inpaktuaren kostuak, eta, horrez gain, aldakortasun handiagoa agertzen dutela; beraz, ezinbesteko jotzen da etorkizuneko azterlanetan alderdi horretan sakontzea.
  • Beste ondorio interesgarri batek aklimatazioprozesuei egiten die erreferentzia; izan ere, ikusi da aklimatazioa egonez gero inpaktua eta kostuak murrizten direla, batez ere, inpaktuek gora egiten duten heinean.
  • Azkenik, kostu eta onuren arteko ratioa zenbatetsita, agerira ekarri da bero-boladako fenomenoen alertarako eta prebentziorako sistemak neurri ekonomikoki eraginkorrak direla oso, eta low regret gisa edo «nolanahi ere baliagarri» gisa ezagutzen diren neurrien multzoan sartzen direla; hots, hala gaur egungo egoeran nola klima-aldaketarako hainbat agertokitan sortzen dituzte onura garbiak. Izan ere, 25 eta 9.000 artean dago kostu-onuren ratioa; hau da, okerrenean ere, kostuak baino 25 aldiz handiagoak lirateke onurak.