ASKOREN ARTEAN
Tots som diferents. Textos normatius de la Unesco sobre diversitat cultural i lingüística


Unescok hizkuntza-aniztasunaren arloan egin duen lanari buruzko balorazioa egin digute liburu honetan hiru egilek, katalanez mintzo den komunitatearen ikuspegitik betiere. Horrekin batera, nazioarteko erakundearen hiru testu erantsi dituzte bertan: hizkuntza-aniztasuna kultur aniztasunaren muntazko dimentsioa dela azpimarratzen da hiruetan.

Linguapax-eko lehendakari eta Unescocat-eko zuzendari Agustí Colominesek liburuaren hitzaurrean dioenez, "kultur aniztasuna izan behar da gizateriaren ondarerik behinena, eta gainera, herrialde guztien laguntza kolektiboaren emaitza, beraien hizkuntzen, imaginarioaren eta sorkuntza berezien bitartez". Unescok aldarrikatu duenaren arabera, bestalde, "kultur aniztasunak -eta ondorioz, linguistikoak-, gizaki guztion existentzia intelektual, afektibo, moral eta espiritual atsegingarriagoari laguntzen die".

Isidor Marí irakasleak, bere aldetik, Unescok hizkuntza-aniztasunaren inguruan nola jokatu duen aztertu du, "perspektiba katalana" erabiliz. Marík adierazten duenez, Unescok kultur aniztasunari eman dion garrantzia gorabehera, ez du behar bezala azpimarratu aniztasun haren dimentsio linguistikoa. Erakundeak, izan ere, kultur ondarea -materiala zein ez-materiala - babestu beharra izan du; kultur ekoizpen eta zerbitzuen espezifikotasunari -besteak ez bezalako kontsumo gaiak direlako hatsarrea defendituz-, eutsi beharra; kultur aniztasuna ziberespazioan bertan ziurtatu behar izan du… Bai horietan eta bai izan litezkeen guztietan ere, hizkuntza-dimentsioa berezkoa da, saihestezina. Aldi berean, ordea, "ezin baztertuzkoa da estatuek hartzen dituztela erabakiak NBEn, eta ez dirudi Unesco dimentsio linguistikoa berariaz aztertzen hasteko prest dagoenik". Etsipenaren eta esperantzaren artean, Isidor Marík lehen mailako erreferentetzat jo ditu Unescok 2001ean onartu zuen Kultur Aniztasunari Buruzko Adierazpen Unibertsala, 2003ko Kultura- eta Hizkuntza-Aniztasuna Informazioaren Gizartean adierazpena eta 2005ean burututako Nazioarteko Konbentzioa, Kultur Adierazpideen Aniztasunaren Babes eta Sustapenaren gainekoa. Horien artean berebiziko garrantzia eman dio Marík hirugarrena indarrean jarriko den momentuari. "Antolatu beharra daukagu, Konbentzioa indarrean jarri eta aplikatzen hasiko den garairako". Nazioarte mailan, Konbentzioak aurreikusten dituen organoen osaera eta jokaerak politikoki eta juridikoki estu zaindu beharko direla esan nahi du horrek. Maila lokalean, ostera, "horrek gizartea sentsibilizatu beharra ekarriko du, eta aniztasun kultural eta linguistikoaren aldeko politikak ezartzeko lanean ari diren eragileen mobilizazioa".

Aurreko bien ondotik, Anastasia Monjasek kultur aniztasunaren eta ondare ez-materialaren babesari dagokionean Unescok ezarriak dituen tresna arauemaileen gaineko perspektiba eskaintzen du. Kataluniatik ari bada ere, mundu eta Europa mailako joera eta mugimenduen berri ematen du Monjasek. Ondare ez-materialaz ari baita artikuluan, ohar interesgarri eta jakingarri askoren artean, bat, urrezko letretan jartzekoa: "Guztiaren gainetik, ahozko transmisioaren metodoa bera da ondare ez-materialaren hauskortasunaren eta ahuldadearen arrazoi funtsezkoena. Ondare hau belaunez belaun ahoz transmititzen denez, hura ezagutzen, praktikatzen eta transmititzen duten komunitate kideei nahitaez loturik dago. Ondare ez-material honen eramaileak (edo giza altxor biziak) funtsezkoak dira eta momentu jakin batean desagertzen badira, edo oroimen akatsen bat badute, ondarea bera desagertzera eraman dezakete eta, orduan, hutsune bete ezinezko bat uzten dute. Amadou Hampâté Bâ-k dioenez, 'Afrikan, zahar bat hiltzen denero, biblioteka bat erretzen da'".

Hiru adituon artikuluen ondoren, hiru testu arauemaile erantsi dituzte egileek, Unescok hizkuntzari dagokionean duen "ikuspegi integratuaren" -Marírena da azpimarra-, adibidetzat.


AURKIBIDEA:

  • Próleg
  • Les actuacions de la Unesco envers la diversitat lingüística: una perspectiva catalana
  • Perspectiva sobre els instruments normatius de la Unesco en materia de protecció de la diversitat cultural i del patrimoni immaterial
  • Declaració Universal de la Unesco sobre la Diversitat Cultural
  • Convenció per a la Salvaguarda del Patrimoni Cultural Immaterial
  • Convenció sobre la Protecció i la Promoció de la Diversitat de les Expressions Culturals
Liburuaren ezaugarriak:
Azken eguneratzea: 2009/08/31