ORTIZ ANSOLA, GARBIÑE
Hizkuntzaren erabilera emakumeen eta gizonen arteko harremanetan: eguneroko testuinguruak eta testuinguru judizialak


Doktorego tesi honen helburua da aztertzea genero-estereotipoak hizkuntzaren erabileran nola ezagutarazten diren eta nola bihurtzen diren sozialki hedatutako ezagutza. Garbiñe Ortizen lanak hizkuntzaren izate soziala eta intentzionala ditu abiapuntu.

Hizkuntzari heltzeko egileak erabili duen ikuspuntua dugu tesi honetako lehenengo-lehenengo aztergaia. Lehen atalean, oinarri teoriko eta enpirikoak aurkeztu ditu egileak eta hizkuntza sistema abstraktu edo sinbolikotzat hartu beharrean, hizkuntzaren erabilera aztergai izan duten lerro teorikoak azaldu ditu. Hizkuntzaren erabilera fenomeno psikologiko sozial gisa aurkeztu du Garbiñe Ortizek, hizkuntzaren eta testuinguru sozialaren arteko harremanari eutsiz. Ikuspuntu honetaz baliaturik, hizkuntzaren erabilera aztertzeak hizkuntza ekintza sozialtzat hartzea ekarri dio egileari.

Bigarren eta hirugarren atalek lan honen ikerketa enpirikoak barne hartzen dituzte. Horrela, bigarren atalean genero estereotipoak aztertzen dira, hizkuntzaren erabileran betiere, egileak "eguneroko testuinguruak" izendatu dituen egoerak kontuan harturik. Horretarako, "nortasun bereizgarrietan oinarritutako estereotipoak, genero-rolekin lotutakoak eta desiragarritasun soziala esperimentalki manipulatzen dira hiru ikerketatan. Ikerketa hauen bidez, emakumeen eta gizonen arteko harremanetan hizkuntzaren erabilerak jokatzen duen papera aztertzen da, hizkuntzak estereotipoak iraunarazteko tresna gisa duen zeresana eztabaidatuz".

Hirugarren ataleko ikerketak testuinguru judizialarekin lotu ditu egileak. Emakumezko eta gizonezko akusatuei buruz lekukoek ematen duten testigantza hartu du analisiaren oinarri, hau da, lekuko haiek epaiketan hartzen duten jarrera hartu du kontuan, akusatuaren alde edo aurka egitea, alegia. Bi ikerketa aurkeztu dira atal honetan: batean, laborategian sortutako epaiketa-egoera aurkezten zaie parte hartzaileei; bestean, benetako epaiketako agiriak aztertzen dira. Ikerketaren helburua da aztertzea hizkuntzak zer-nolako azalpenak barneratzen dituen akusatuen portaerari dagokionean.

Tesiaren laugarren eta azken atalean, generoa ardatz harturik hizkuntzaren inguruan dagoen eztabaida eta lanaren ondorio orokorrak jaso dira. Bertan, Garbiñe Ortizek dio hizkuntzaren erabilera talde arteko estereotipoak eta harremanak iraunarazteko tresna dela: "Emakumeek bizi duten egoera desabantailatsuak, gizonekin erkatuz, hizkuntzaren erabileraren bitartez ere irauten du". Azken atal honetan egileak hizkuntzaren erabilera epaiketetan zertan den adierazi eta ondorio teoriko eta praktikoak seinalatu eta etorkizunerako zenbait iradokizun ere egiten ditu, lerro eta aplikazio testuinguru berriak gogora ekarriz.

 

AURKIBIDEA:

Atarikoa

OINARRI TEORIKO ETA ENPIRIKOAK
I. atala: Hizkuntzaren erabilera estereotipoak eta aurreiritzia irauteko tresna gisa

  • 1. Sarrera
  • 2. Hizkuntzaren erabilera eta pentsamendu soziala
  • 3. Hizkuntzaren erabilera aztertzeko eredua: Hizkuntza Kategorien Eredua
  • 4. Talde arteko Hizkuntza-Soslaia
  • 5. Talde arteko Hizkuntza-Soslaia vs Igurikimen Hizkuntza-Soslaia: Azpiko mekanismoak
  • 6. THS eta IHS: estrategikoa ala borondatetik askea?
  • 7. Hizkuntzaren abstrakzioaren ondorioak: inferentzia kognitiboak eta ondorio-soslaiak
  • 8. Hizkuntzaren eta generoaren inguruan

IKERKETA ENPIRIKOAK I
II. atala: Hizkuntzaren erabilera generoen arteko harremanetan: eguneroko testuinguruak

  • 1. Sarrera
  • 2. Lehenengo ikerketa: Genero-estereotipoak hizkuntzaren erabileran
  • 3. Bigarren ikerketa: Genero rolekiko estereotipoa hizkuntzaren erabileran
  • 4. Hirugarren ikerketa: Talde arteko prozesuak hizkuntzaren erabileran
  • 5. Eztabaida orokorra

IKERKETA ENPIRIKOAK II
III. atala: Hizkuntzaren erabilera testuinguru judizialean hizlarien helburua eta akusatuaren generoaren zeresana

  • 1. Sarrera
  • 2. Lehenengo ikerketa: Esperimentalki sortutako epaiketan erabilitako hizkuntza
  • 3. Bigarren ikerketa: Epaitutako kasuetan akusatuek erabilitako hizkuntza
  • 4. Eztabaida orokorra

ONDORIOAK ETA EZTABAIDA OROKORRA
IV. atala: Ondorioak eta eztabaida orokorra


Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaratzailea: UPV-EHU
  • Urtea: 2006
  • Orrialdeak: 282
  • ISBN: 978-84-9860-046-9
Azken eguneratzea: 2009/05/25