Eusko Ikaskuntza. Baxok, E. (et al.)
Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran


Zertan dira euskal nortasuna eta euskal kultura XXI. mendearen hasiera honetan? Zer eta nolakoa da euskal nortasuna herritarren iritziz? Zein eduki lotzen dizkiogu euskal kulturari? Zenbateraino identifikatzen dute Euskal Herriko biztanleek beren burua nortasun eta kultura horrekin? Era horretako galderak erantzuten ditu Eusko Ikaskuntzak aurkeztu berri duen ikerketa lanak, azken hiru urteotan egindako ahaleginaren ondorioak.

Azken aldian indar handia hartu du nortasun kolektiboen osagaien gaineko gogoetak. Aldi berean, nortasun desberdinak dituzten taldeen bizikidetza eta kulturen arteko harremanak ere aztertzera jo dute ikertzaileek. Kezka eta arrangura horrexek eragin du Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Kultur Erakundearen arteko lan hau; alegia, XXI. mendearen hasierako egoera identitario nahasi honetan, herritarren iritziz euskal nortasunak eta euskal kulturak zein rol jokatzen duten jakiteko asmoak.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako biztanleek beren nortasunari eta kulturari buruz dituzten pertzepzio, iritzi eta jarrerak aztertzen dira lan honetan. Berez, gaiari buruzko lehen hurbilpen bat dela adierazi dute ikerketaren egileek, baina, horrekin batera, baita zenbait alderdi sakontasunez eta ikuspuntu ezberdinetatik aztertu dituela ere, eta, ondorioz, "errealitatearen isla osatu xamarra" eskaintzen duela. Izan ere, milaka herritarren iritziak bildu, aztertu eta interpretatu dituzte egileek, gure baitako nortasunaren eta kulturaren berri eman baino lehen.

Ikerketaren emaitzek agerian utzi dutenez, oso ezberdinak dira gure gizartean dauden nortasun eta kultura adierak. Batzuek ikuspegi primordialista (edo esentzialista) nabarmenduko dute; beste batzuek, instrumentalista zein konstruktibista. Ikuspegi kontrajarriok, bestalde, elkarrizketatuaren lurraldetasunak, jatorriak eta euskaltasun/erdaltasun sentimenduak eraginik datoz. Esan dezagun, adibidez, Euskal Herriaren gaineko definizio beretik hasten direla ezberdintasun horiek eta, oro har, lurraldeen berezitasunek, tradizioek, unibertso sinbolikoek eta estatuek bultzaturiko akulturizazio-kulturizazioek eragin dituztela diferentziak.

Gizarte jakin baten baitako ezberdintasunak -edota pluraltasuna-, gizarte moderno guztien ezaugarri dira. Zerk bereizten ote du, beraz, Euskal Herria gainerakoetatik? Eraketa juridiko, administratibo eta politiko komunik ez izateak. Alegia, ez dago Euskal Herriko lurrak, azpi-gizataldeak eta azpi-kulturak batzen dituen egitura formal ofizialik. Eta dudarik ez dago horrek eragin identitario eta kultural handia izango lukeela. Gisako eraketarik gabe, euskaltasuna dugu lurralde guztien arteko elementu komuna. Eta, euskaltasunaren barne, euskara.

Gure hizkuntzari dagokionez, lanaren egileek diote "ezinbesteko osagai edo erreferentea" dela euskara, "diskurtso mota guztietan" agertu dela. Nortasun eta kulturari buruzko adiera eta ikuspegi ezberdinak batzeko abiapuntua izan liteke hizkuntza, ikertzaileek idatzitakoaren arabera: "euskararen inguruko hausnarketa bultzatzea eta adostasuna bilatzea ezinbestekoak dira ikuspuntu ezberdinak dituztenen arteko elkarbizitza ahalbidetzeko: asmo idealetatik hizkuntza egoera gordinera, nahiz aldeko jarrera sutsuetatik indiferentziazkoetara, kokapen guztiek behar dute integratu diskurtso berri batean, hizkuntza osasuntsu biziko bada".

Euskal kulturak eta nortasunak aurrera egingo badu, malgutasunez jokatu beharko dela esango digute egileek. Kultura eta nortasun haren ideiaren mugak zabaldu egin beharko dira, gaur eguneko nortasun pluralak eta kulturari buruzko adiera ezberdinak onartzeko leku izateko eta gaur egungo erdigune/kanpoalde dikotomia gainditu ahal izateko.

(Ikerketa lan osoa, www.eusko-ikaskuntza.org helbidean)

Aurkibidea:

Hitzaurrea

  1. Sarrera
    1. Zergatik eta zertarako euskal nortasunaren azterketa
    2. Lanaren egitura
  2. Metodologia eta informazioaren aurkezpena
    1. Informazio bilketa
    2. Edukiei buruzko argibideak
  3. Informazioaren azterketa
    1. Emaitza orokorrak
    2. Herritarren kategorizazioa nortasun kolektiboen ikuskeraren arabera
    3. Euskaltasunari eta euskal kulturari buruzko pertzepzioak Interneten - Emaitza nagusiak
  4. Gogoeta eta ondorioak
    1. Sarrera: gogoeta hauen aurrebaldintzak
    2. Euskal kultura eta nortasuna, nora doaz?
    3. Ondorio laburtuak

Argitalpenaren ezaugarriak:

  • Editoreak: Baxok, E. et al., Donostia
  • Hizkuntza: euskara
  • Urtea: 2007
  • Orriak: 150
  • ISBN: 978-84-8419-051-6
Azken eguneratzea: 2007/03/29