Askoren artean
Euskalgintza sindikalgintzan txertatu (III)


"Euskalgintza sindikalgintzan txertatu" saileko hirugarren alea dugu liburu hau. Lau artikulu bildu dituzte bertan: komunikabideek albisteak helarazteko baliatzen dituzten erak aztertzen dira batean; bestean, euskararen egoera Ipar Euskal Herrian; hirugarrenean, bertsolaritza inprobisazio eta komunikazio lan gisa, eta, azkenean, euskararen egoera Nafarroan.

Argitalpeneko lehenengo lanari dagokionez, "Hitzen zarata" izenekoari, Iñigo Aranbarri idazlea dugu egilea. Bertan, Berria egunkarian Hizlandia sailean idatzitako artikuluen harian ari da Aranbarri. Egileak adieraziko duenez, albisteak emateko moduan, hautaturiko hitz zehatzetan, ageri da komunikabidearen ideologia. Egunero-egunero irakurri eta entzun ohi diren adibideak hartu, aztertu eta, azkenean, gure herri eta hizkuntzarentzako sistema propio bat eraiki beharra (estilo-liburua, euskaraz sorturiko ereduak…) aldarrikatu du Aranbarrik. Horrekin batera, kazetarien eta hedabideetako zuzendarien ardura azpimarratzen, "egunero-egunero hamaika hitz eta kontzeptu berri zirkulazioan jartzen dituen makina horren aurrean" gure hizkuntzak buruz buru jokatzeko modua izan dezan.

"Errepublikaren hizkuntza frantsesa da", horixe Jakes Bortayrouk bere hitzaldiari emaniko izenburua. Hain zuzen, frantses-konstituzioaren bigarren artikulutik hartutako esaldia, eta berariaz hautatua, hori erabateko karga pisu astuna baita Ipar Euskal Herrian. Bortayrouk hiru zatitan banatua du artikulua. Lehenengoan, euskararen argazki argi-iluna egiten du, ezagupena, erabilpena eta atxikimendua ardatz harturik. Bigarrenean, herri-mugimenduaren borroka aztertzen du, hau da, herri-mobilizazioak; horien aipamen egin eta jendeen eta herriko etxeen inplikazio-beharra azpimarratzen ditu Bortayrouk. Hirugarrenean, hizkuntza-politika ofizialaz ari da: irakaskuntza, bide-seinaleak, irrati eta telebista publikoak… horien laburpen gisakoa egin eta 2006az geroko politikaz jardun duelarik, hiru hitz esangura handikoak: "dena ikusteko dago".

Hurrengo hitzaldia Andoni Egaña bertsolari txapeldunarena da. "Inprobisazioa eta komunikazioa" izenpean, lehenengo, bat-batekotasunaz eta plazako lanaz mintzo da hizlaria. Bertsolariak komunikatzeko duen moduaz jardun ondoren, berriz, publiko eta garai berriari buruzko gogoeta egiten du Egañak. Nabarmentzekoa da hitzaldi honek, aurrekoek ez bezala, hizlariaren jardunaren ondorengo galdera-erantzunak ere badakartzala, aberasgarri.

Azkenik, Roldan Jimeno Arangurenen hitzaldia dugu, Bortayrourenak bezain titulu deigarria duena: "Gaztelera Nafarroako hizkuntza ofiziala da". Kasu honetan, 1982ko Lege Organikoaren euskarazko itzulpen ofiziala hitzez hitz darabil Jimenok. Egile honek Foru Hobekuntzaren testuinguru historiko-politikoaren aurrekariak gogora ekarri eta foru haren arabera euskarak duen lekua zehazten du: "Foru Hobekuntzak murriztu egiten ditu Konstituzio espainiarrak hizkuntzen koofizialtasuna aldarrikatzean euskarari aitortzen dizkion ondorioak". Hurrena, 18/1986 Foru Legearen eta ondorengo Foru Dekretuen iruzkina egiten du hizlariak eta, azkenik, egungo egoeraren berri ematen, Estatuko autonomi historikoen estatutuen aldaketak eta Nafarroako Autogobernurako Ponentzia azterturik.


Aurkibidea:

  • "Hitzen zarata"
    Iñigo Aranbarri
  • "Errepublikaren hizkuntza frantsesa da"
    Jakes Bortayrou
  • "Inprobisazioa eta komunikazioa"
    Andoni Egaña
  • "Gaztelera Nafarroako hizkuntza ofiziala da"
    Roldan Jimeno Aranguren

Liburuaren ezaugarriak:

Azken eguneratzea: 2007/03/07