41. Osasun Publikoaren Euskal Agentzia sortzea. Osasun Publikoari eta Elikadura Segurtasunari buruzko Legea.

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Azken urteotan inoiz baino beharrezkoagoa bilakatu da ziurtatzea  osasun publikoko zerbitzuak behar bezala egokitzen zaizkiola globalizazioari, hark osasunari ekarritako arriskuei eta prebentzio eta kontrolari ematen zaizkion erantzunak eraginkorrak, homogeneoak, etikoak eta gardenak izateko beharrari, hainbat arrazoi direla medio: batetik, nazioartean jazotako osasun publikoaren krisia; bestetik, arlo horretan bertan biztanleriak dituen geroz eta itxaropen handiagoak; eta, azkenik, gizarte-eraldaketa sakona, gizarte bilakaeratik, eraldaketa teknologikoetatik, pertsonen, ondasunen eta salgaien geroz eta mugikortasun handiagotik, migrazio mugimenduetatik eta horiei uztartutako kultura aniztasunetik eratorri dena. Hartu beharreko neurrien asmoa, hortaz, herritarren artean konfiantza eta segurtasuna sortzen laguntzea da.

Horretarako, funtsezkotzat jotzen da osasun publikoko zerbitzu guztiak bateratzea, hau da, osasuna babesteko zerbitzuei ingurumen osasunekoak, elikagaien segurtasunekoak, osasun publikoa zaintzeari buruzkoak, gaixotasunak prebenitzekoak eta osasuna sustatzekoak gehitzea, horren bitartez gizarte berriaren beharrei erantzun egokia emateko, desberdintasun gehieneko egoerei arreta jarrita, betiere.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, Osasun Publikoaren Legearen xede nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan osasun publikoaren alorreko jarduerak, prestazioak eta zerbitzuak antolatzea litzateke, osasun publikoaren zaintza ez ezik bakarkako eta taldeko sustapena bermatzeko, gaixotasunei aurre hartzeko eta ingurumena zein elikagaien segurtasuna babesteko.

Osasun Publikoaren Legean erakunde berri bat sortzea proposatzen da, funtsean, osasunaren alorrean Osasun eta Kontsumo Sailari sostengua emango diona eta osasun publikoko politikak zein plangintza definitzerakoan, zientziaren, teknikaren eta antolamenduaren ikuspuntuak sendotuz.

Erakunde horrek sostengua emango dio, orobat, biztanleak taldeko osasun arriskuetatik babesteko asmoz eskumen autonomikoko osasun-agintaritza baliatzeari. Gainera, informazio-sistema berri bat sortuko da osasun publikoan, egungo osasuneko informazio-sistemak bilduz, osasun publikoaren arloa zaintzera eta dagozkion ekintzak hartzera bideratuta, baita kudeaketara ere. Horretarako, lankidetza- eta elkarlan-tresnak ezarriko dira osasun publikoaren alorrean eskumenak dituzten administrazioen artean, bakoitzaren erantzukizun eremuak zehaztu ondoren.

Aurrekariak

Aurreko legegintzaldian (VIII.a) Osasun Publikoaren Euskal Agentzia sortzearen inguruko aurrekaririk ez badago ere, balizko jarduera garrantzitsu gisa aipatu zen hauteskunde-programan.

Izan ere, esanda gelditu zen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo sailburuak berak hala eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean egin zuen agerraldian (Sailak IX. Legegintzaldian garatu beharreko programa azaltzeko):

osasun publikoa gure lehentasunetako bat izango da datozen urteetan, eta helburu hori oinarri hartuta, garatu beharreko jardueretako bat osasun publikoaren euskal erakunde bat sortzea izango da, osasun publikoari protagonismo handiagoa emango diona, baliabide gehiago mugiaraziko dituena, baliabide profesionalak koordinatu eta hobetuko dituena, tresna hobeak eskura edukiko dituena eta, azkenik, jarduteko gaitasuna izango duena gainerako erakunde eta enpresekin zein gizarte zibilarekin lankidetzan aritzeko orduan.

Saila

Osasuna eta Kontsumoa

Esku hartzen duten Sailak

Osasun eta Kontsumo Saila.

Gizarte-eragileek Partizipazioa

  • Elikaduraren sektoreko enpresa-elkarteak, ingurumenaren sektorea, nekazaritzarena eta osasunarena.
  • Osasun-sistemako erabiltzaile eta gaixoen elkarteak.
  • Hezkuntza-sektorea.
  • Sindikatuak.
  • Gizarte-eragileak.

Eraginak

Araudian eragina

Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Publikoaren Lege-proiektua, Osasun Publikoaren euskal erakunde edo organo bat sortuko duena.

Antolamenduan eragina

Antolamenduari dagokionez, aurreikusita dago gaur egun Osasun Publikoaren Zuzendaritzan lan horiek egiten dituzten Jaurlaritzaren Administrazioko funtzionarioak erakunde edo organo berri horretara lekualdatzea.

Aurrekontu eta finantzetan eragina
  • Kanpo-aholkularitza Osasun Publikoko erakunde edo organoa abiarazteko.
  • Antolamendu- eta benchmarking-lanak.
  • Osasun publikoko informazio-sistemak berrantolatzea.
  • Langileak prestatzea.
  • Giza baliabideak berrantolatzea.
  • Zenbatetsitako aurrekontua, guztira: 644.000€
Beste jardueretan eragina

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

Erakunde harremanetan eragina
  • Udalak: erakunde hori sortzeak erreforma-prozesuan udaleko osasun-zerbitzuekiko lankidetza estuagoa izatea ekarriko du, izan ere, osasun publikoko tokiko talde-sareak osatuko baitituzte.
  • Foru aldundiak: lankidetza estuagoa bultzatuko da, era berean, horien lurralde-esparruan eta gizarte- eta osasun-eskumenetan.

Jarduera burutzeko aurreikusi den epea

2010/2013
Azken aldaketa: 2012/08/01