Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko otsailaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Subijana-Morillaseko, Erriberagoitia (Araba), Armarridun Jauretxeari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia exekutatzeko dena. Epaiak ebazten du Jauretxea, kultura ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientean aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoaren presuntziozko ezespena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 31
  • Hurrenkera-zk.: 719
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/02/10
  • Argitaratze-data: 2014/02/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: EAEko udalak; Justizia

Testu legala

2009ko uztailaren 9an, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, Subijana-Morillaseko, Erriberagoitia (Araba), Armarridun Jauretxea, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera emateko, haren balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik. Ebazpen hau 2009ko abuztuaren 11n argitaratu zen EHAAn (152. zk).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Arabako Foru Aldundiak, Herrilan eta Garraio Saileko zuzendariaren bitartez, ondarearen mugaketari buruzko alegazio-idazkia aurkeztu zuen, A-3314 errepidea eraikitzeko, hobetzeko eta zabaltzeko proiektuaren kontra doala uste zuelako. Proiektuak aurreikusten zuen errepide-plataforma zabaltzea jauretxe ondoko tartean. Horretarako beharrezkoa zen ondasunaren zatia den eta babestutako eremuan den pareta atzera ematea eta lorategi barrura 3,50 metro mugiaraztea.

Subijana-Morillaseko Armarridun Jauretxea Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko Kultura sailburuaren 2010eko otsailaren 24ko Aginduan aipatutako alegazioak ezetsi egin ziren Arabako Foru Aldundiaren proiektuak espedienteak babestu nahi zuen balio kulturala larriki kaltetzen zuelako.

Arabako Foru Aldundiak Aginduaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri zuen. Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, errekurtsoa ezetsi egin zen administrazio-isiltasunez.

Arabako Foru Aldundiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen berraztertzeko errekurtsoaren presuntziozko ezespenaren kontra Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Demandaren ardatz nagusia ebazpenaren oinarriak okerrak izatean datza, etxea eta pareta garai arkitektoniko berekoak direla uste baitu. Foru Aldundiaren iritziz, bai bata eta bai bestea, une desberdinetan eraiki ziren. Horretan oinarrituta mantentzen du etxeak, paretak eta lorategiak ez dutela batasun arkitektoniko, funtzional eta kulturalik osatzen ebazpenean esaten den moduan. Horren ondorioz, eskatzen zuten Agindua bertan behera uztea eta eskabide hau onartu ezean, pareta Aginduan agertzen den kokapenetik 1,50 metrora atzeraematea.

Martxoaren 13ko 181/2012 zenbakiko epaiaren bidez, Administrazioarekiko Auzietako Salak ebatzi zuen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Epaia irmoa da.

Epaiaren arabera, Euskal Ondarearen Legeak xedatutakoa kontuan izanda, ondasun bat babesteko irizpide juridikorik garrantzitsuena bere balio kulturala da. Balio berezia eduki behar du eta babestea interes publikokoa izan behar da. Balio kulturalarena kontzeptu juridiko zehaztugabea da, behar bezala arrazoitu behar dena eta egiteetan oinarritu beharrekoa ondasunak eta osatzen duten elementuek balio kultural, historiko edota artistikoa dutela justifikatzeko eta ondorioz, babesa merezi dutela frogatzeko.

Hormari dagokionez, epaitegiak frogatutzat jotzen du garai ezberdinetan eraiki zela eta ondorioz indargabetzen dela Aginduan jasotakoa, hau da etxea eta pareta garaikideak direla. Lorategiaz ondorioztatzen du ez dela txostenetan jasotzen den bezain zaharra. Horregatik guztiagatik epaiak baieztatzen du multzoko elementuek ez dutela batasuna osatzen multzo osoa batera sortu, diseinatu eta gauzatu ez zelako. Beraz aurkaratutako Agindua motibaziorik gabe geratzen da horma eta lorategia Armarridun Jauretxea Zerrenda Nagusian sartzeko espedientean egoteko.

Epaian jasotakoaren arabera, emandako arrazoiek ez dute Agindua erabat deuseztatzeko balio. Bertan behera geratu behar dira bakarrik bere adierazgarritasun-maila historiko-artistiko, kultural eta arkitektonikoa behar bezala frogatu ez duten elementuak, hots, Armarridun Jauretxea dagoen finkaren horma perimetrala eta aldameneko lorategia. Deuseztatzeak monumentu izendapenetik kanpo uzten ditu A-3314 errepidearen pareta mugakidea eta ondoko finka barruko 1,50 metroko eremua, etxe aldameneko lorategiak hartzen duena.

Horregatik guztiagatik, honako hau,

Lehenengoa. Kulturako sailburuaren 2010eko otsailaren 24ko Subijana-Morillaseko Armarridun Jauretxea (Erriberagoitia, Araba), kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko den Agindua, martxoaren 13ko 181/2012 zenbakiko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren epaian esandakora egokitzea. Epaiak 767/2010 zenbakiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebazten du eta irmoa da.

Bigarrena. 2010eko otsailaren 24ko Aginduaren I. eranskineko mugaketa eta II. eranskineko deskribapena aldatzea. Agindu honetako I. eta II. eranskinek ordezkatuko dituzte aurreko Aginduarenak.

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, bai eta Erriberagoitiko udalari, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari ere.

Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 10a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketaren barruan sartzen dira eraikin nagusia eta hari lotutako ingurunea. A-3314 errepidearekin paralelo doan lerroak, hego-ekialdeko lurzatiaren itxiturako perimetro-paretak eta errepidetik lorategira sartzeko arrapalak mugatzen dute lotutako ingurunea. Beraz, mugaketaren barruan sartzen dira ondoko elementu hauek: labearen eraikina, ur-tanga eta eragin partziala duten elementuak, terraza-lorategia eta lurzatiaren iparraldean dagoen estalpea.

    Horrela bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: mendebaldean, A-3314 errepideari, Kuartango alderantz, 1,5 metrora egindako lerro paraleloa; hegoaldean, plazatxoa; ekialdean, goiko bidearekin bat egiten duen lurzatiaren muga; eta iparraldean, errepideraino labearen atzeko fatxadarekin paralelo doan lerroa.

  2. Mugaketaren arrazoiak.

    Proposatu dugun mugaketaren justifikazioak bi arrazoi nagusi ditu: alde batetik, eraikin multzo horren eta hari lotutako elementuen kultur eta ingurumen-balioak babestu beharra, eta bestetik Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren martxoaren 13ko 181/2012 zenbakiko Epaiak ondasunari ezarritako mugak jasotzea.

«Jauregi» izendatutako etxea, ikus-presentzia handikoa, Subijana-Morillaseko herrigune betean kokatua, 624 toki-errepidearen ondoko hiri-zabalgune nabarmenean eta XVI. mendeko harlanduz eraikitako zubi bikainaren parean.

Ondasun higiezina elkarri ondo lotutako bi elementu nagusik osatzen dute: etxeak eta hari lotutako lorategia mugatzen duen perimetro-paretak. Etxeko perimetro-paretatik bertatik sortzen da horma hori, harri-fabrika mota berberarekin, eta ezkerraldeko atzeko saihetsetik zabaltzen da, Kuartango aldera doan errepidearekin paraleloan. Etxea lurreko mailaketa baten kontra sakon sartuta dago; hala, bada, atzeko fatxadan ia solairu nagusiaren parera iristen da. Horma horren barnealdean, lorategi egituratu bat dago, eta hor, eraikin mota horrek berezko dituen elementuak daude: ur-tanga, labea, baratzea eta estalpea.

Jauregiak estilo barroko eta landako jauretxeen tipologia du. Eraikin nagusia XVIII. mendekoa da, bai eta lorategia ixten duen harriaren pareta ere.

Jauretxe armarriduna eraikin exentu handi bat da; oinplano laukizuzeneko bolumen garbia du, eta bi solairu eta teilatupea ditu. Estalkia lau isurkikoa da, arabiar teilak ditu, eta hegal zabal bat, egurrezko modiloi landuen gainean bermatua. XVIII. mendean ohi zenez, erabilitako materiala harlangaitzezko aparailu bat da, eta, horrekin batera, hormatal luzitu tradizionala eta karezko juntura ugari erabili dira; harlandua, berriz, eskantzuetarako, bao eta sarbideen erremateetarako eta fatxada nagusiko errematearen erlaitzerako gorde da.

Fatxada nagusia hegoaldera eta plazatxora begira dago, eta gainerakoen artean nabarmentzen da. Ezerezaren gainean nabarmen nagusitzen da horma, eta ezin hobeto antolatua eta erdiratua dago, armarriak ezartzen duen ardatzaren bidez. Baoak modu simetrikoan antolatuta daude: beheko solairuan, sarbide nagusia dago; erdian, arku zuzen hirukoitz interesgarri bat du, alboetan laukizko eta burdin hesizko bi leiho pare dituena; lehenengo solairuan, arraseko balkoiak ditu alboetan, eta erdian, balkoi jarraitu bat, bi bao lotzen dituena; ganbaran, leiho karratu txiki batzuk daude. Beheko eta lehenengo solairuetako baoek moldura dute inguruan, eta belarriekin nabarmentzen da angeluetan.

Balkoi nagusia egitura metaliko bat da, fatxadan bermatua, metal bereko bost itsas potxu dekoraturen bidez. Forja-lanak ditu balkoiko barandan, bai eta txapazko eskudelak eta sagarrak ere, angeluetan nahiz hegal-irteeraren aurrealdea dekoratzeko zerrenda apaingarrian.

Balkoiaren erdian, armarria nabarmentzen da. Honako hau ikusten da armarrian: zuhaitz bat harkaitzaren gainean, bi otso zutitu, eta izkinetan San Andresen gurutzeak. Armarriaren albo banatan, bi irudi-eusle daude, eta maskara bat puntan.

Ekialdeko fatxada saihetseko bidearen aldapari egokitzen zaio; hori ere ondo antolatuta dago, baina desoreka handiagoa da hutsuneen eta gune beteen banaketan. Fatxada horretako solairuartean, bi bao daude, eta agerian uzten dute eskailera-zuloa.

Mendebaldeko fatxadan, iparraldeko fatxadan bezala, beheko solairua erdi estalita gelditzen da lorategiaren lurraren kontra. Mendebaldeko fatxadan, bigarren mailako sarbidea dago, lorategitik etxeko lehenengo solairuaren parera doana, eta baoetako baten «kaiolako» sarea, alboetan erroleoak dituen gurutze bat erdian duela. Leiho bitxi eta txiki bat ageri da lurraren arrasean, barrualderantz txaranbeldua eta beheko planoa makurtua duela, beheko solairuan sortzen den erdisotoa argiztatzeko.

Burdin lana, balkoi nagusian ez ezik, bao askotan ageri diren horma barruko sareetan aurki dezakegu, bai eta arraseko balkoietako barandan eta ateko aldaban ere.

Perimetro-karga duten paretekin eratu da arkitektura, eta horien barruan egurrezko egitura sendo bat dago. Beheko solairuan, lursaileko harkaitza iparraldeko paretako beheko eremuetan agertzen da, eta horietatik abiatzen dira harrizko paretak. Forjatuen sarea sekzio handiko habe eta habexkekin eratua dago. Forjatuak solidoak dira, eta hagaxken artean ganga formako bide bat dute, lur egosiko lauzaz bukaturikoa. Estalkiko armadurak egitura konplexu bat du; egitura horren barruan daude hagak, korbak, tiranteak, besoak eta pieza bakarreko gapirioak, egurrezko ziriz eginiko lotura interesgarriekin.

Etxe barruko banaketa sarrerako ezkaratz handi baten bidez antolatuta dago. Harreraleku hori oso ondo zainduta dago; nabarmentzekoak dira harlanduz inguratutako ateetako lau bao dotoreak; ate horiek alboko bi egontokietara, atzealdeko zalditegietara eta lehenengo solairura nahiz oin nagusira igotzeko eskailera-hallera ematen dute. Eskailera handi horiek egongela handi batera ematen dute; egongela hori lehenengo solairuaren erdian dago, eta horren inguruan antolatzen dira gainerako egontokiak: logelak, hegoaldeko eta ekialde-mendebaldetako fatxadetarantz, bainugela handiak barruan dituztela; iparralderantz, sukaldea eta jangela, bakoitza bere tximiniarekin eta lorategirako zuzeneko irteerarekin. Banaketa horrek posible egiten du egontoki guztiek kanpoaldera ematea, erdiko egongelak izan ezik; hain zuzen ere, egongela horrek, bitxitasun gisa, argi-zulo bat du beirazko sabaian, eta estalkian dagoen beste aho-zulo batetik hartzen du argia zuzenean. Estalki azpiko solairuak edo ganbarako solairuak espazio ireki handi bat du; solairuarte bat du alderik garaienean, usategi gisa erabiltzen dena; oraindik ere gordetzen ditu landako kareorez eta hormari atxikita eraikitako habiondokoak.

Barrualdea osatzen duten espazio eta elementu handiak bat datoz eraikinaren kalitatearekin. Barruko zur-lanak kalitate handikoak dira, eta pareta lodiko tutu-itxurako leihoek barne-kontraleiho ederrak dituzte, eta ireki daitezke. Jangelan, honako hauek nabarmendu behar dira: harriz landutako tximinia, egurrez landutako baranda duten eskailera zabalak, buztin egosiz eginiko zeramikazko zoruak eta bainugeletako eta sukaldeko lauzak.

Lurzatiaren muga gisa eta errepidearen gainean, lorategia oso ondo itxita dago; errepidearen aldapari egokitzen zaio, etxeko fatxadan erabilitako eraikuntza eta material berberekin. Pareta hori metro bat lodi da alderik lodienean, eta lau eta metro bitarteko garaiera du; aurreko fatxadan, kontrahorma du. Lodiera hori paretak dituen bi funtzioen ondorio da: itxiturarena eta lurrari eustekoarena. Horma horretan, ate bat dago gaur egun ezin da erabili; markoa eta harlanduzko ateburua ditu, eta jauregira pasatzeko lurpeko pasabidea zen.

Hormaren barrualdean, terraza-lorategia dago, hainbat kotatan planifikatua, lurraren aldapari egokitua eta Kuartangoko bideari, atzeko kaleari, egokitua. Hasieran, garia jotzeko larrain gisa eta baratze gisa erabiltzen zen; XIX. mendean egin zen lorategien gaur egungo konposizioa eta ornamentazioa. Lorategia antolatzen duen trazak forma geometrikoko hainbat berdegune sortzen ditu; zuhaitz txikiak daude berdegune horietan, eta alerik handienak fatxada nagusi aldera daude. Lorategira etxetik bertatik sartzen da, lehenengo solairutik eta errepidetik, atzealdeko ate altxagarritik eta arrapala baten bidez.

Hormari atxikita, atzeko aldean, etxebizitzari lotutako bi eraikin daude: labea eta estalpea. Lehenengoa harrizko eraikin txiki bat da, paretaren kanpoko aldeari erantsita dagoena; estalpea, berriz, hormaren barruko aldean dago, eta ate altxagarriaren atzeko sarrera estaltzen du; egurrezko egitura estali bat da, harrizko hormaren gorenean bermatua.

Nabarmentzekoa da ur-tanga, hor biltzen eta gordetzen baita etxeko estalkiko euri-ura. Tanga hori harriz egina dago, oinplano angeluzuzena du, bai eta grabitate-pareta bat ere, ezpondan kanpoko plano bat duena.

Higiezin osoa egoera bikainean dago, bai eta barneko ingurunea eta gaur arte gorde duen dekorazioa ere. Emaitza etxe eta jauretxe estiloko arkitektura bat da, kalitate handikoa, eraikin erregular eta ordenatua eta oso ongi antolatua.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.