Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, maiatzaren 23koa, Kulturako sailburuarena, Izurtzako Arana jauregia (Bizkaia) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 113
  • Hurrenkera-zk.: 3125
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/05/23
  • Argitaratze-data: 2011/06/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Izurtzako Arana jauregia (Bizkaia) kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultura-balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak jauregia Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen 2010eko otsailaren 17ko Ebazpenaren bidez (martxoaren 16ko EHAA, 51. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Luis Vidal Gutiérrez Ibarzabal jaunak eta Izurtzako Udalak alegazio-idazki bana aurkeztu dute.

Luis Vidal Gutiérrez Ibarzabal jaunak dio kotxetokia eta usategia egoera txarrean daudela eta, beraz, elementu horien izaera zalantzazkoa dela; gainera, duela urte batzuk eraitsi zen, bestelako lan batzuk egin zirenean, berez jauregiaren eremu babestua alde horretatik mugatu beharko zukeen horma bat, mugakide den lursailean zegoena.

Aipaturiko elementu horien egoera txarra dela eta, erantzun behar dugu beraien hondatzeak ez duela esan nahi jauregiaren monumentuaren zati ez direnik. Eraitsitako hormari dagokionez, ez haren kokalekuak ez haren estiloak ere ez dute aholkatzen horma berriz ere eraikitzea, ez baitauka eraginik babestu nahi diren elementuetan.

Izurtzako Udalaren iritziz, jauregiko lorategiak publikoa izan behar luke, eta udal planeamenduak aski izan beharko luke bertan egiten diren esku-hartzeek hura zaintzeko eta balioztatzeko. Halaber, eskatzen du mendebaldeko muga, errepidearekin bat egiten duena, ezar dadila eraikinetik 10 metrora doan lerro paralelo baten bidez, eta, era berean, iparraldeko muga, fatxada nagusiaren aurrealdeko bigarren mailako bidekoa alegia, ezar dadila eraikinetik 10 metrora doan lerro paralelo baten bidez.

Lorategiaren erabilera publikoa dela eta, esan beharra dago kultur antolamendu sektorialari jarraiki dagoen obligazio bakarra dela ondasunaren erabilerak haren kontserbazioa bermatu behar duela.

Ondasuna zaintzea eta balioztatzea udal planeamenduaren mendean uzteko alegazioari dagokionez, esan behar da ezen, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen arabera, udal planeamendua berrikusi egin behar dela, bai eta monumentu-adierazpenak ezarritako babesari egokitu ere, eta, beraz, monumentu-ondasun horren babesa planeamenduaren mende uztea ez dator bat lurralde eta hirigintza antolamenduarekin.

Proposaturiko mugaketaren murrizpena dela eta, esan behar da soilik helburu urbanistiko batzuen argitan jutisfikatzen dela, eta helburu horiek ondasunak orain dituen lursail-itxitura mota biak kentzea ekarriko luketela bata burdin-sarez egina, eta bestea opakua, bai eta ondoan atxikitako lorategiaren babesa kentzea ere. Kultur antolamendu sektorialaren ikuspuntutik, kentze horiek ezin onartuzkoak dirateke eta, horrenbestez, helburu urbanistikoak berrikusi beharra dago, lursail-itxiturak mantentzea edo, hala badagokio, berrezartzea posible izan dadin, espedientean dagoen 1953ko Izurtza Elexalde 1/400 eskalako planoak jatorrizkotzat jotzen baititu itxiturok.

Ondorioz, ezetsi egiten ditugu bai Luis Vidal Gutiérrez Ibarzabal jaunak aurkeztutako alegazioak, bai Izurtzako Udalak aurkeztutakoak ere, eta, aldi berean, espedienteko dokumentazioaren arabera, espedienteari hasiera emateko ebazpeneko mugaketa egokitzea erabaki dugu, halako moduan non babes-eremuak jatorrizko lursail-itxiturak hartuko dituen, horretarako kontuan hartuta 1953ko otsaileko Izurtza Elexalde 1/400 eskalako planoak jasotzen duen trazadura.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Izurtzako Arana jauregia (Bizkaia) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena. Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera, II. eranskinean adierazitako eran, eta III. eranskinean baimendutako esku-hartzeen erregimenari jarraiki, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Higiezina babesteko eskaria egitea Izurtzako udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.

Bosgarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, Izurtzako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Garraio eta Hirigintza Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 23a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren eremua.

    Mugaketak eraikin nagusia eta honako beste eraikinak eta ingurumaria hartzen ditu: Ekialdeko fatxadako biltegi-kotxetokia; «usotokia» deituriko antepararen ondoko beste eraikin baten hondakinak, eta barruko eta kanpoko lorategien arteko lorategi-gunea, barne sartuta urbanizazio-elementuak, esaterako lursailaren itxitura eta II. eranskinean deskribatzen diren zuhaitzak.

    Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu: ekialdean, kotxetokiaren eraikinaren kanpo-ertza, plazatxo pribatuaren kanpo-ertzarekin batera, eta «usotokia» eraikin txikiaren kanpo-ertza eta antepararen horma; hegoaldean, 35 metrora, Arana jauregiaren fatxadarekiko lerro paralelo bat; mendebaldean, BI-623 foru-errepidetik bereizteko jatorrizko harrizko horma, jatorrizko burdin-sareareki batera, jatorriz zegoen moduan jarrita alegia, espedienteko 1953ko planoaren arabera; eta iparraldean, eraikinaren ipar-fatxadarekiko lerro paraleloa, lursailaren jatorrizko itxiturak definitutakoa.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Izurtzako herriguneko Arana jauregiaren eta haren inguruko lorategi-espazioaren kultura- eta ingurumen-balioak babestu behar direlako.

    Mota honetako egoitza-eraikin bakartuen berezko balioa zaintzeko eta balioztatzeko, lorategiaren mugaketak eta inbentariatutako kultura-ondasunaren balioztatzeak zera dakar: lorategiaren gunea definitzen duen lurzatiaren puska babestea.

    Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, ez bada ere haren ingurumaria, alegia, erakin-multzoa eta lorategi-gunea osatzen duen zuhaiztia.

  1. Arana jauregia.

    Multzoak, alde batetik, eraikin exentu angeluzuzen bat du, 24 x 15 metrokoa, behe-solairua eta bi goi-solairu eta estalkipeko solairua dituena; bestetik, kotxetoki moduan erabilitako beste eraikin bat, 15 x 7 metrokoa, behe-solairuaren profila duena, eta, azkenik, lorategi-gune libre bat, Mañaria ibaiaren eta BI-623 errepidearen artean kokatua. Eraikin nagusiak jauregi neoklasiko frantsestu eta erromantikoaren tipologia du.

    Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadak hareharrizko harlanduz eginak daude, eta bost bao-ardatz bertikal dituzte, erlaitz nabarmenen artean kokatuak eta eraikineko solairuetan bana ezarrita; estalkipeko solairuko banaketa-tartea gailentzen da, molduradun erlaitz handi baten gainean agerian, eta kiribilduren gaineko leiho-lerro bat du, lehen aipaturiko ardatz bertikalak errematatuz. Harresiko hareharrizko harlanduen burua, harrizko bost hostoko palmondo-hostoez apainduta dago, estalkipeko hegalpean hain justu ere.

    Hegoaldeko fatxadak estilo inperialeko eskailera bat du, simetrikoa, lehenengo solairu edo solairu nagusi den horretatik eraketa erromantiko batez atzealdeko barne-lorategira jaisten dena.

    Iparraldeko fatxadan, bestalde, eraikinerako sarbide nagusia dago, kanpoko burdin-sareko atetik iparraldeko fatxadako erdiko ardatzeraino fatxadarekiko perpendikularra doana; gero, alboetan bi koloma toskanar dituen atea zeharkatu behar da, non erdiko balkoi moduan erabiltzen den 50 cm zabalerako erlaitz horizontal bat bermatzen den. Balkoi horren gainean, molduradun ur-isurkin horizontal bat, eta haren gainean, 20 bat cm-ra, Ibargüen-Basozabal-Echaburutarren armarria.

    Alboetako fatxadak ere hareharrizko harlanduzkoak dira, eta hiru bao-ardatz bertikal dituzte, erlaitz, ur-isurkin eta estalkipeko erremate segida berarekin. Ekialdeko albo-fatxadan lehen aipaturiko eraikinaren beste sarbidea dago, sukalde zabal batera zuzenean jotzen duena.

    Jauregiaren bolumena teila arabiarrez egindako lau isuriko estalki batez bururatzen da, zeinaren eskuarialde ertaineko zurezko egitura ondo kontserbatzen den.

    Funtzionaltasun aldetik, eraikina erdiko korridoreen bitartez antolatzen da: bana solairuetan eta kanoi-ganga formako beste bat solairu nagusian. Erdiko korridore nagusi hauetara iristeko, erdiko eskailera erabili beharra dago eta, solairuetako korridore horietatik logela eta egongeletara jo daiteke, eta aldi berean gela horiek haien artean komunikatuta daude.

    Behe-solairua biltegirako eta sukalderako erabiltzen da.

    Lehenengo solairua edo solairu nagusia altueragatik eta logelen kalitateagatik nabarmentzen da, bai eta sabaietako apaindurengatik ere, tximinien egoera onagatik eta apaindura geometrikoak eta bi zur-mota dituzten zoruengatik.

    Barne aldetik, hormak ongi kontserbaturiko iztukuzko estalki batez hornituta daude, eskailera nagusian bezalaxe.

    Hutsarteetako burdineria burdinurtuzkoa da, eta arotzeriak, bestalde, sekzio oneko zurajea du.

    Eskailera nagusiko baranda burdinurtuzko barraz osatua dago, zurezko eskudelekin. Lorategiko eskailera inperalak eraketa bera du, antzeko apainduraz hornitua, nahiz eta burdinurtuzko jantaz buruturik egon.

    Errepide nazionalarekiko lursail-muga legez, eraikinak itxitura eder bat du, errepidearen maldari doituta, kareharrizko harlanduz dotoreziaz landutako mugarri ilara batez, haien artean altuera txikiko harlangaitz-horma ilaratuzko itxitura batez eta landare-moldura duten puntez burututako burdinurtuzko sare batez konektatuta.

    Emaitza eraikin noble bat da, alde batetik eklektikotzat jo daitekeena hainbat joera biltzen dituelako, baina joerok eraketa neoklasiko batez, XIX. mendeko erromantizismoaren eraginarekin, ordenatzen dituena.

    1. eranskinean definitutako mugaketak bi eraikin-gorputz hartzen ditu, eraikinaren alboan. Bata ekialdeko fatxadarekin aurrez aurre, harengandik aparte eta ondoko jabetzatik bereizteko hormari atxikita, Mañaria ibaiak hornitzen duen antepararen gainean, «usotokia» deitzen duten halako begiratoki txiki bat, alegia. Bigarren eraikin-gorputza kotxetokiarena da, harlangaitzezkoa, eskantzuetan hareharri gorrizko harlandu ederrez hornitua, bai sarrerako atetzarrean bai eraketa neoklasikoa duten fatxadako hutsarte guztietan. Eraikin nagusiarekin batera, sarbide nagusiaren kanpo-eremua osatzen du, eta biltegirako edo/eta kotxetokirako erabiltzen da.

  2. Eraikinari loturiko lorategia.

    Arana jauregiko lorategia zuhaitz bakan batzuen eta haien arteko espazioen multzoa da, nagusiki eraikinaren iparraldeko fatxadan egon arren eraikin osoaren ingurumaria eratzen dutenak eta erakinari loturiko lorategi-gune itxi bat definitzen dutenak. Lorategira jotzeko bi sarbide daude, jauregiko bi solairutatik abiatuta: sarbide nagusia lehen solairuko erdiko espazioa malda leun batez barne-lorategiko solairuarekin lotzen duen eskailera da; bigarren sarbidea, garrantzi gutxiagokoa, behe-solairuko erdiko espaziotik zuzenean komunikatzen da lorategiarekin.

    Jada ez da gelditzen lorategiko elementu berezigarririk, hala nola altzari, iturri edo antzeko eraikuntza edo apaindurako elementurik. Edonola ere, erantsitako planoan definitzen den babes-inguruaren barruan lorategi erromantikoa dago, tamaina, edertasuna, adina eta kokapena dela-eta nabarmentzekoak diren hainbat zuhaitzez osatua. Honako genero eta espezietakoak, hain zuzen ere: Magnolia grandiflora; Laurus nobilis; Aesculus hippocastanum; Fraxinus excelsior.

  1. Multzoan eraikinak eta lorategia onartutako esku-hartze mota, oro har, A motako zaharberritze kontserbatzailea izango da, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan definitutako esku hartzeen lehenengo azpimultzoaren barruan.

  2. Arana jauregiak duen babes-mailak eraikina osorik edo zati batean eraistea edo desmuntatzea debekatzen du.

  3. Baimendutako eraikuntzako esku-hartzeen helburua izango da, alde batetik, eraikina kontserbatzea, eta bestetik, erabilera bateragarriaren funtzionaltasuna hainbat obraren bitartez, bermatzea, betiere obra horiek eraikinaren elementu tipologikoak, formalak, egiturazkoak, eraikuntzakoak eta esanguratsuak errespetatuta.

    Multzoaren balioekin bateragarria izango den berrerabilpenak honako hauek bete beharko ditu:

    Eraikin nagusia sendotu beharko du: bolumena, estalkiaren tipologia, itxiturak, leihozuloak eta beren moldurak, eta barne-egitura, jatorrizko material eta topologiarekin.

    Eraikina zaharberritu beharko da, jatorrizko tipologiaren eta probetxamenduaren arabera, jatorrizko bolumenaren barruan eta haren antolaera errespetatuta; izango duen erabilerari begira bete beharreko segurtasun, osasun eta segurtasun eta irisgarritasun baldintzak betetzeko egokitzapen teknikoak sartu beharko dira, betiere kultura-ondasunarekin era bateragarrian, eta haren kontserbazioa bermatuko da; luzetarako hormak eta zeharkakoak finkatuko dira; partzelaren jatorrizko itxitura berreskuratuko da; ahal den neurrian, barne-apaindura guztia eta aurreko materialak finkatuko dira, baita balkoiak, burdinurtuzko karelak eta arotzeria eta leiho-ateak ere; lorategira joateko eskailera ere berreskuratuko da.

    Partzelaren gaineko esku-hartzeak gutxienez 1,50 m-ko enbor-perimetroa duten zuhaitz guztiak errespetatuko ditu.

    Bigarren mailako eraikinetan onartuko diren esku-hartzeak aipaturiko 317/2002 Dekretuko sendotzekoak eta/edo zaintzeko eta apaintzekoak izango dira, eta zutik dirauten jatorrizko egituraren zati osoak berreskuratuko dira.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.