|
| Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren eta John Garamendi Kaliforniako Gobernadore ordearen arteko bilera. (JB) |
Sacramentoko, Kaliforniako estatuko hiriburuko, kapitolioan izan den bileran, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko beharra adierazi dute bi agintariek. Klimari buruzko gaien inguruko esperientziak partekatzeko eta inpresioak elkartrukatzeko balio izan du bilerak.
Ordu baten buruan elkarrizketa amaitu denean, bi agintariek agertze bat egin dute elkarrekin; Garamendik azaltze horretan azpimarratu duenez, bisitaren helburua "klimaren inguruko informazioa elkartrukatzea" eta "Kaliforniatik Euskal Herriko erakundeekin elkarlanean nola aritu aztertzea" izan da.
Era horretan, euskal ikerketa-erakundeekin, unibertsitateekin eta enpresekin elkarlanean aritzeko nahia adierazi du, izan ere, horietako batzuk "teknologia eolikoan munduko liderrak dira", azpimarratu du. Horren inguruan, Euskadira egindako azken bidaian aipatutako enpresa horiek bisitatzeko aukera izan zuela gogorarazi du; bidaia iazko urrian egin zuen, Guggenheimen hamargarren urteurrenaren ospakizuna zela eta.
Klima aldaketaren erronka handien "mailan" egoteko elkarrekin lan egitearen alde ere mintzatu da Garamendi.
Lehendakariak, Juan Jose Ibarretxek, bere aldetik, "herri horren erantzukizun-kargurik handienetakoa betetzen ari den euskaldun bat" aurkitzeak sortzen dion poza erakutsi du. Bestalde, nanoteknologia, gizarte berrikuntza eta klima-aldaketarekin lotutako gaiak, Kaliforniaren nahiz Euskadiren interesekoak direnak, "sakonkiago lantzeko" konpromisoa hartu du.
Bestetik, Ibarretxek baieztatu duenez, mundu globalean "erabat beharrezkoa da munduari begirada bat botatzea euskal gizartea ikusteko". Horren harira, "gaur egun euskal gizartea ondo gidatzea ez da soilik hura gobernatzea, baizik eta hura lideratzea eta kanpora begira gobernatzea, beste herri batzuekin harremanak edukiz", esan du.
Garamendi Gobernadore ordearen, Amerikako Estatu Batuetan garrantzia politiko handienetakoa duen euskaldunen ondokotzat dutenaren, ibilbide politikoan, ingurumenarekin, nazioarteko politikarekin eta gizarte politikarekin lotutako gaietan izan duen esku-hartzea nabarmendu da.
Kaliforniako estatuko Seguruen Ordezkaria izan zen 1991 eta 1995 artean, eta Barne Departamenduko idazkari ordea 1995 eta 1998 artean, Bill Clintonen agintaldian.
|