EUSKADIKO TURISMO KANPAINA PUBLIZITATE ERAGINKORTASUNAREN BI SARIREN IRABAZLE


Eusko Jaurlaritzaren turismo-kanpaina horrek “El Sol 2005” Iberoamerikar Publizitate Jaialdiko Komunikabide Plan onenaren Sari Nagusia ere irabazi zuen maiatzean

Euskadiko turismo-kanpainak Publizitate-eraginkortasunaren bi sari lortu zituen Premios Eficacia 2005 VII. Sarietan; sari horiek Madrilgo Campo de las Naciones Biltzar Jauregian banatu ziren urriaren 20an.


Publizitate-eraginkortasuna saritzeko ematen diren saririk ospetsuenak dira Eraginkortasun Sariak, eta aurten inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan da bertan: 163 enpresa aurkeztu dira. Eusko Jaurlaritzaren “Ezagutu Euskadi, Sekulako Herria” kanpainak sorkuntzaren eraginkortasunaren brontzezko saria eta komunikabide planaren eraginkortasunaren brontzezko saria lortu zituen; Arista Doce 62 enpresak egin zuen kanpaina eta Zosmamedia enpresak komunikabide-plana, biak ere Gipuzkoako enpresak izaki.

Dagoeneko, beraz, lau sari lortu ditu Eusko Jaurlaritzaren turismo kanpainak; izan ere, Donostiako Zosmamedia enpresak          —kanpaina horren komunikabide-plangintzaren esleipenduna— bi sari lortu zituen Donostian ospatu zen “El Sol 2005” Iberoamerikar Publizitate Jaialdian: “Sol de oro” saria “Komunikabide-mix onenaren” kategorian, eta Komunikabide Plangintzaren Sari Nagusia.

Euskadiko turismo-kanpainaren publizitatearen eraginkortasuna honako honetan datza: Estatu osoko turistak erakarri ditu eta azken hiru urteotan inoiz baino bisitari gehiago izan da. “Ezagutu Euskadi, Sekulako Herria” kanpaina lagungarria izan da gurera oporraldi txikia igarotzera etorri nahi duten bisitariak urte osoan lortzeko.

Espainiako Iragarleen Elkarteak deitu duen eta Grupo Consultores enpresak antolatu duen sariketa honetan parte hartzea ezinbestekoa da Estatuko agentzia nagusientzat, joan den urtean emaitza onenak lortu dituzten kanpainak aurkezteko.

Iragarleak baliaturiko marketing- eta komunikazio-estrategien arabera lorturiko helburuak baino ez dituzte kontuan hartzen “Efi” sariek.

Sektoreko hainbat profesional ospetsu bildu du zazpigarren jaialdi honetako epaimahaiak; besteak beste, iragarleak, publizitate-agentziak eta sektoreko komunikabide eta elkarteak aritu dira epaimahai-lanetan, eta ebaluazio-irizpide zorrotzak baliatu dituzte parte hartu duen kanpaina bakoitzaren publizitate-eraginkortasuna aztertzeko.

Urtero, sektoreko funtsezko gertakaria izaten da Eraginkortasunaren Sariak Banatzeko Gala; izan ere, Estatuko publizitate-industriako 1.800 profesional baino gehiago biltzen ditu.

Azken eguneratzea: 2005/11/07