Azken eguneratzea: 2012/04/30

Maiatzaren Lehena, langileen nazioarteko eguna. 2011an, lehenengo aldiz, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean emakumeek gizonek baino okupazio tasa altuagoa dute

Euskadin, joan den urtean, lan egin nahi zuten gazteen %81ak enplegua izan zuen.

Maiatzaren 1a langileen nazioarteko eguna dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen enpleguaren azterketa aurkezten du, Eustaten Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkesta (BJA) oinarri hartuz. 

2011an 16 eta 29 urte bitartekoen okupazio tasa %43,7koa izan da. Emakumeen artean %44,7koa; gizonen artean, ostera, %42,8koa. 

Kopuru absolutuetan 132.600 gazte okupatu daude: 67.900 gizon eta 64.700 emakume. Okupatuta dauden gazteek adin horretako biztanleria aktiboarekiko zenbateko ehunekoa osatzen duten kalkulatzen bada (eta ez adin horretako biztanleria osoarekiko, okupazio tasa kalkulatzen den bezala), biztanle aktiboak lan egiteko prest daudenak direla-eta, ikus dezakegu iaz lan egin nahi zuten gazteen % 81ek lana izan zutela. Emakume gazte aktiboak gizon gazte aktiboak baino gutxiago direla kontutan izanda, hau da, lan egiteko prest dauden emakumeen kopurua gizonena baino txikiagoa dela, zera ikus dezakegu: lan egin nahi duten emakumeen artean % 83a lanean dagoela; gizonen artean, aldiz, % 79a. 

2010etik 2011ra gazteen enpleguaren tasak 8 hamarreneko galera izan du, 2009tik 2010era eta 2008tik 2009ra izandakoak baino txikiagoa (tarte horietan beherakada ehuneko 6 puntukoa izan zen eta). Duda barik, krisiaren hasierarekin alderatuz,  gazteen enpleguaren galtzea moteldu egin da. 

Gizonen artean enpleguen murrizketa bortitzagoa izan da (%1,8) emakumeen artean baino (%0,3). 

2010etik 2011ra gizon gazteen artean 12.400 enplegu galdu dira. Tarte horretan 7.700 emakume enplegatu gutxiago daude. 

Lurralde historikoen azterketara jotzen badugu honako hau ikus dezakegu: Arabak okupazio tasa altuena du, %48, Gipuzkoak %46,6 eta Bizkaiak %40,8. 

Bilakaerari dagokionez, Bizkaiak ia %3a galdu du azken urtean, Arabak eta Gipuzkoak gora egin duten bitartean, %3,5 eta %0,5 hurrenez hurren. 

Kopuru absolutuetan Arabak 200 lagun okupatuen gorakada izan du 2010ean. Bizkaiak, ostera, 14.700 gazte enplegu galdu ditu eta Gipuzkoak 5.300.

Datuok eskuragarri daude Gazteen Euskal Behatokiko Adierazleen Sisteman.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!