Azken eguneratzea: 2013/06/10
HONDARTZETAKO LARRIALDIETAN JARDUTEKO SIMULAZIOEK ERAKUTSI DUTE ERAKUNDEEN ARTEKO KOORDINAZIOA BIKAINA DELA.
Tartean dauden administrazioak koordinatuta daude bi motatako larrialdiei aurre egin ahal izateko. Ariketa honen bidez, hondartzetan ezer gertatuz gero abian jarri behar diren baliabideak antolatzeko eta koordinatzeko prozedurak frogatu dira. Gainera, Gorlizko sorospen-zerbitzuak erantzuteko duen gaitasuna frogatu du. Horixe da kalitate turistikoaren Q-a lortzeko eskakizunetako bat.
Gorliz, 2013ko ekainak 10. Ingurumeneko Foru Departamentuak itotako pertsona bat uretatik ateratzeko larrialdi-simulazio bat eta hondartza kutsatzearen beste bat egin ditu Gorlizko hondartzan. Honako hauek parte hartu dute ariketan: Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Gorlizko Udalak, gobernu autonomikoko Ingurumen eta Osasun Publikoko Departamentuak, Ertzaintzak, Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuak eta Bilketa eta Garbiketa Zerbitzuek.
Kasua: pertsona bati bihotza gelditzea, itotzearen ondorioz
Simulazioa, 14001:2004 arauaren betekizunen araberakoa, 11:00etan hasi da. Simulazioari jarraiki, zaintza-dorretik laguntza eske zegoen bainulari bat ikusi dute. Salbamendu eta Sorpeneko Foru Zerbitzuaren prozedurari jarraiki, berehala atera dira ur-sorosleak uretako moto-ontzi batean, itotzen ari zen pertsona erreskatatzera.
Hondarretan zirela, bainulariari bihotza gelditu zaio, eta, zehaztutako osasun-prozedurari jarraiki, hondartzako laguntza-postura eraman dute.
Sorosleek biktima egonkortu dute, eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin (SOS-Deiak) harremanetan jarri dira. Gertatutakoaren berri eman dute, eta Osakidetzaren Larrialdi Zerbitzuko osasun-baliabide bat bidaltzea eskatu dute, biktima handik eraman ahal izateko.
Hondartzak kalitate turistikoaren Q-a eskuratzeko bete behar dituen eskakizunei jarraiki egin da ariketa hau. Denboraldi honetan, Gorlizko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan, Gorlizko hondartza aurkeztuko du UNE 187001 (Q turistikoa) ziurtagiria lortzeko. Simulazioan, erantzun-denbora kontrolatu da; izan ere, salbamendu-zerbitzuak lau minutu ditu gehienez ere erreskate-puntura iristeko. Horrez gain, salbamendu- eta sorospen-zerbitzua emateko eskatutako bitartekoak dituela frogatzeko balio izan du.
Bi gasolio-bidoi
Bestalde, simulazioarekin jarraitzeko, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (SOS-Deiak) jakinarazpen bat jaso du. Itsas pasealekuan zegoen herritar batek hondarretan dagoen bidoi baten berri eman du.
SOS-DEIAKek gertakariaren berri eman dio Bizkaiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuari. Sorosle-taldeak hondarretan bi bidoi zeudela egiaztatu du irrati-etxetik, eta, neurri gisa, bandera gorri jaso du uretara sartu ezin daitekeela adierazteko.
Berehala helarazi zaie informazioa Ertzaintzaren Mandu eta Kontrol Zentroari, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Suak Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuari. Guardiako Osasun Publikoko teknikariarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri ondoren, SOS-Deiakek Bizkaiko Hondartza Eragiketatako Zentroarekin egiaztatu du Bizkaiko Foru Aldundiko eskumeneko arloa eta Gorlizko Udal Polizia larrialdi-kasuaren jakitun zirela.
Sorosleek bidoiaren egoera aztertu dute, eta honako segurtasun-neurri hauek hartu dituzte:
- Hondartza balizatzea (bidoiak dauden gunea inguratzea).
- Bandera gorria igotzea, bainatzea debekatuta dagoela adierazteko.
- Megafonia bidez adieraztea bainatzea debekatuta dagoela.
Ondoren, egiaztatu dute 250 bat litro gasolio har ditzaketen bi bidoi handi zirela. Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuak nahiz Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (112 SOS DEIAK) informazioa jaso dute.
Herritarren segurtasunerako baliabideak (Ertzaintza eta Gorlizko Udaltzaingoa) iristean, sorosleek berriro aztertu dituzte bidoiak, eta adierazi dute itxuraz beren horretan eta itxita zeudela.
Jarraian, Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko teknikariak iritsi dira, eta protokoloa jarraitu dute. Bizkaiko Foru Aldundiko Bilketa eta Garbiketa Zerbitzuko eta Hondartzainak zerbitzuko kideek bidoiak hondarretatik atera dituzte.
Larrialdiei erantzuteko euskal sistemako zerbitzuek adierazitako ekintzak modu koordinatuan egin dira, eta gertakaria konpondu da. Bainatzea debekatuta dagoela adierazteko bandera gorria kendu dute.
Eta, azkenik, megafoniaren bidez adierazi dute bainatzeko aukera zegoela eta ez zegoela arriskurik.
Kudeaketa-sistema integratua
Simulazioak 14001:2004 arauaren betebeharrei erantzuten die. Horren arabera, ingurumeneko larrialdi-simulazioak egin behar dira, ingurumena babestea lehentasuna baita.
Ingurumeneko Foru Departamenduak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Udalek hondartzak kudeatzeko sistema integratu bat dute. Horri esker, herritarrek ingurumena errespetatzen duen kalitatezko zerbitzua eskura dezakete. Gorlizen egindako simulazioak sistema honen eskakizunei erantzuten die; izan ere, hondartzei eragiten dieten kalitate- eta ingurumen-baldintzak etengabe hobetzea da helburua, eta, zehazki, hondartzak eta inguruak garbitzeko sistema bultzatzea eta sorospen- eta prebentzio-zerbitzuak hobetzea.
TARTEAN DAUDEN ERAKUNDEAK
Bizkaiko Foru Aldundia
- Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzua
- Ingurumena. Hondartza-zerbitzua. Hondartzainak
- Bilketa eta Garbiketa Zerbitzuak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila:
- Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza
- Ertzaintzaren Zuzendaritza
- Esku-hartzeko Zerbitzua
- Euskalmet
- Ertzaintzaren Mandu eta Kontrol Zentroa (Ardatz)
- Getxoko Ertzain-etxea
Gorlizko Udala
- Udaltzaingoa