Azken eguneratzea: 2012/10/10
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin batera
Bilboko aireportuak ondo egin du hegazkin istripu baten simulazio orokorra
Aena Aeropuertoseko langileek Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin eta segurtasun indarrekin koordinatu dute beren lana. Simulatu den istripua gertatu da hegazkina lurreratzeko maniobra egiten ari zela.
Bilboko Aireportuak, Larrialdi Aeronautikoei aurre egiteko Plana berrikusteko programaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin batera, simulazio bat egin du gaur. Horren helburuak honakoak izan dira: plan horretan ezarritako jarduera- eta koordinazio- prozedurak ebaluatzea, eraginkorrak diren aztertzea eta Aireportuetako larrialdietan parte hartzen duten taldeen arteko integrazio-maila eta ezagutza-maila egiaztatzea.
Aena sareko aireportu guztiek, Aireportuko Auto-babeserako Planaren barruan, Larrialdi Aeronautikoei aurre egiteko Plana daukate. Horrekin lortu nahi da hegazkinek egunero lur hartze- zein aireratze-operazioak egiten dituzten bitartean, aireportuko mugimendu-eremuan zein aireportuaren gaineko eremuan, hegazkin istripu batek sor litzakeen ondorioak gutxitzea. Bere funtsezko betebeharra da alde batetik, gizakien bizitza eta horrelako istripu batek kaltetu ditzakeen ondasunak babestea; eta bestetik, aireportuko jardueraren jarraipena edo berrezarpena bermatzea.
Gaurko simulazioan parte hartu duten talde guztien (barrukoak zein kanpokoak) erreakzionatzeko eta erantzuteko denborak aztertu dira. Ariketa horrekin, Bizkaiko aerodromoak, aireportuko larrialdi-plangintzari dagokionez, HEZINEren (Hegazkineria Zibilaren Nazioarteko Erakundea) araudia betetzen du, eta baita Estatuko, autonomietako eta tokiko administrazioek aplikatzen duten legeria ere. Izan ere, legeri horren arabera, aireportuko kudeatzaileek Auto-babeserako Plana izateko betebeharra dute. Gainera, praktika horrek agerian uzten du Aenak zerbitzu seguru eta kalitatezkoa eskaintzeko konpromisoa duela.
Simulazioaren garapena
Bilboko Aireportuan egin da simulazioa. Horretan lurreratzera zihoan hegazkin batek istripua izan du, baldintza meteorologiko txarren eraginez, lur hartze zakarra izan duelako. 40 bidaiari eta tripulazioko 6 kide zihoazen barruan, hegazkina, Boeing 737, pistaren amaiera inguruan,12-30 pistatik irten denean.
Istripuaren ondoren, erregaia isuri da, eta ondorioz sutea gertatu da.
Ondorioak honakoak: 8 hildako, 2 zauritu oso larri, 4 zauritu larri eta 32 pertsona kalterik gabe edo zauri arinak dituztenak.
Gertaera ezagutzean Kontrol-Dorreak aireportuko SIZ- Suhiltzaileen Zerbitzuko alarma sakatu du eta suhiltzaileei jakinarazi dizkie non gertatu den istripua eta hegazkinari buruz dauzkan datu guztiak. Aireportuko Operazio Zentroak larrialdi-prozedurak aktibatzeko abisua eman du, Sos Deiak-en 112ra deitu du eta Auto-babeserako Planean agertzen diren gainerako ekintzak egin ditu.
Istripua gertatu den lekura heltzean, aireportuko suhiltzaileek sua itzaltzeari ekin diote eta aparra bota dute hegazkinaren eremu kritikoaren segurtasuna bermatzeko. Bidaiariak erabiltzen ari diren irteerak babestu dituzte.
Foru Aldundiko suhiltzaileen laguntzarekin sutea kontrolatuta egon denean eta egoerak horretarako aukera eman duenean, suhiltzaileak fuselajearen hondarretan sartu dira barruko suteak itzaltzen amaitzeko, aireztatzeko eta hegazkinetik atera ezin izan diren zauritu larriak erreskatatzeko.
Hasierako minutu horietan, Sos Deiak-ek ohartarazitako laguntza-zerbitzuak istripua gertatu den lekura iritsi dira. Suhiltzaileek eta osasun-zerbitzuek hegazkinaren inguruan dauden biktimak artatu dituzte eta zaurituak erreskatatu.
Sorospen-area bat egin da eta zaurituak sailkatu, horiek tratatzeko eta garraiatzeko lehentasun-ordena ezartzeko. Gero, osasun-zerbitzuek egonkortu eta ebakuatu dituzte. Biktimak sailkatzeko, hainbat koloretako txartelak erabili dira: gorria (berehalako zaintza), horia (zaintza, ez berehalakoa) eta berdea (garrantzi txikiagoko zaintza).
Parte harzaileak
Simulazio honetan Aena Aeropuertosetako hainbat taldek eta kanpoko erakunde batzuek ere hartu dute parte:
Aireportuko baliabideak:
- Aireportuko Zuzendaritza
- Kontrol-Dorrea
- Suteak Itzaltzeko Zerbitzua (SIZ)
- Operazioak eta Zerbitzuak
- Ingeniaritza eta mantentzea
- Administrazioa eta Giza Baliabideak
- Aireportuko segurtasuna
- Aire-konpainiak eta handlinga
- Guardia Zibila
- Poliziaren Kidego Nazionala
- Ertzaintza
- Zaintza Pribatua
Aireportutik kanpoko baliabideak:
- Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza – 112 Sos Deiak
- Osakidetza
- Ertzaintza
- Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak
- Bizkaiko Babes Zibila
- Gobernuaren Ordezkariordetza
- Gurutze Gorria
- DYA
Ariketa hau Bilboko Aireportuaren Auto-babeserako Planaren barruan kokatzen da. Plan hori eguneratuta eta operatibo egoten da, aireportuko zerbitzuek aldiko simulazio partzialak egiten baitituzte, plana probatzeko eta erantzuteko ahalmena ebaluatzeko.