Azken eguneratzea: 2013/03/25
Eguraldia etengabe ibiliko da aldizka hobera eta okerrera egiten.
Euskalmetek iragartzen du Aste Santuan eguraldi oso aldakorra izango dugula.
Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du Aste Santuan eguraldi oso aldakorra izango dugula. Eguraldia etengabe ibiliko da aldizka hobera eta okerrera egiten eta tenperaturak orain gauden garaikoak izan dira, hau da, jaiegun hauetan ez hotza eta ez beroa ez dira nagusituko.
Euskalmeten arabera, egoera horren sorburua Atlantikoko depresioen eraginean bilatu behar dugu, depresio horiek bidaliko baitituzte Iberiar penintsula mendebaldetik ekialdera zeharkatuko duten hainbat fronte-sistema eta eguraldi aldakorra ekarriko digute, udaberrian izan ohi dena. Tenperatura maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira eta, batzuetan, zertxobait altuagoak.
Penintsulako mendebaldea eraginpean hartuko du euri ugari ekarriko duen egoera batek. Iberiar penintsulako eguraldirik egonkorrena hego-ekialdean egongo da eta meteorologiaren aldetik EAE izango dugu giro gozoagoa izango duen lurraldeetako bat.
Eguzkialdiak
Elkarren segidan igaroko diren fronteek prezipitazioak ia egunero ekarriko dituzte, baina baliteke 28an (osteguna) eta 30ean (larunbata) joera hori aldatzea eta euri gutxi egitea. Hegoaldeko haizeak nagusitu eta eguzkialdi batzuk egongo dira.
Meteorologiaren Euskal Agentziaren iritziz, prezipitazioak biziagoak eta ugariagoak izango dira fronteak igarotzen direnean. Beroriek agertzeaz bat haizea mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuko da. Egoera hori nabariagoa izango da 27ko (asteazkena) eta 29ko (ostirala) arratsaldeetan.
Laburbilduz, Euskalmetek iragartzen du Aste Santuan eguraldi oso aldakorra egongo dela, aldizka hobera eta okerrera egingo baitu, eta tenperaturak garaiari dagozkionak izango dira. Dirudienez, 28a (osteguna) eta 30a (larunbata) egunik atsegingarrienak izango ditugu.
Oharra: kontuan hartu behar da denbora-eremua handitu ahala iragarpenen fidagarritasuna gutxitu egiten dela. Horregatik, gomendagarria da iragarpenen eguneratzeak Euskalmet bidez (www.euskalmet.euskadi.net) eta Twitter bidez (@Euskalmet) jarraitzea.