|
Duela ehun urte baino gehiagotik hona, Euskadik Espainiako estatuko industria-kontzentrazio garrantzitsuenetako bat osatzen du, eta Europako ardatz Atlantikoko finantzen gunerik garrantzitsuenetako bat da. Espainiako estatuko industriaren barne-produktu gordinaren (BPG) guztizko zenbatekoaren % 9,7, 2007. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan sortu zen. Ehuneko hori biztanle-irizpideari (% 4,67), geografia-hedapenari (% 1,5) eta antzekoei jarraiki, legokiokeena baino askoz handiagoa da.
Industria-sektoreak
Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresak Europako eta munduko merkatuetan lehiakortasun-maila handiak lortzera bultzatu dituzten eragileak, besteak beste, honako hauek izan dira: nazioartekotzearen aldeko apustua egin izana, berrikuntza eta berriztatzea, espezializazio teknologikoa, energia-eraginkortasuna, kalitatea eta prestakuntza.
Testuinguru horretan, Euskadiko industria-sektore garrantzitsuenetariko bat ekipo-ondasunarena da. Gaur egun, giltza eskuan, proiektu industrialetan eta azpiegitura-proiektu garrantzitsuetan esperientzia handia du nazioarteko merkatuan. Horien artean honako hauek nabarmentzen dira: siderurgia, energia elektrikoa sortzea eta banatzea, instalazio kimiko eta petrokimikoak, telekomunikazioak, hiriko eta hiriarteko garraio-sistemak, ur-tratamendua eta ur-hornidura, hiriko eta industriako hondakinen tratamendua, ingurumen-inpaktua eta ingeniaritza zibila.
Horretaz gain, enpresa txiki eta ertain ugarik osatzen duten sare bat ere badago, industriaren sare dinamikoaren euskarri eta osagarri. Garrantzitsua da honako jardueretan aritzen diren enpresen presentzia: aeronautika, telekomunikazioak, energia, ingurumena, bioteknologia, industria-arloko elektronika, etxetresna elektrikoak, makina-erreminta, automozioa, kimika, itsasketa, papera, kautxua eta plastikoa, beira, metalezko artikuluak, material elektrikoa, altzariak eta ingeniaritza.
Merkataritza- eta turismo-sektorea
Batez ere industrian oinarritzen den ekonomia izan arren, azken urte hauetan beste sektore batzuen garapen-maila ere egokia izan da. Hori da merkataritza-sektorearen kasua, garrantzi handikoa, Estatuko batez bestekotik zertxobait gorago dagoen merkataritza-dentsitatea baitu. Turismo-sektorea ere gero eta sendotasun handiagoa hartzen ari da euskal ekonomian. Euskadirako fluxuak orain ere oso positiboak dira, azken urte hauetako hoberenak euskal turismorako.
|