Azken eguneratzea: 2011/07/20

Ordutegi malgua probatu duten enpresek behin betiko finkatuko dute eredua

Lau euskal enpresek ordutegi-aldaketa bat garatu dute beren langileen lan-bizitza eta familia-bizitza bateragarri egiteko aukera emateko

Beren langileen lan-bizitza eta familia-bizitza bateragarri egitea errazteko, duela hainbat hilabete ordutegi-eredu malguago bat probatu duten lau euskal enpresek behin betiko finkatuko dute. Izan dituen emaitza onek eta lan-giroan nabari den hobekuntzak planarekin aurrera jarraitzera bultzatu dituzte Euskaltel, Bellota Herramientas, Lazpiur SL eta Vadillo Asesores enpresak.

Enpresa horietako ordezkariek gaur aurkeztu dituzte beren esperientziaren emaitzak, enpresetako kudeatzaile eta zuzendarientzako jardunaldi batean, batez ere enpresa ertain eta txikietakoak (ETEak). Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak bultzatu du esperientzia hori, lan-bizitza eta familia-bizitza bateragarri egiteko aukera emango dien neurrien bitartez langileen bizitza hobetzearren, eta horri esker, gida bat landu da, nahi duten enpresek ordutegiak malgutzeko eredu berri bat aplikatu ahal izan dezaten.

Jardunaldiaren hasieran Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak azpimarratu duenez, “Konfiantza dut Europara hurbiltzen gaituen lan- eta gizarte-arloko estrategia berritzaile honek geroz eta enpresaburu gehiagoren harrera ona izango duela. Enpresek ulertu behar dute langile bat zenbat eta gusturago egon, produktibitatea orduan eta handiagoa izango dela. Enpresen lehiakortasuna, funtsean, langileen bizitza pertsonala errazten duen enplegu duin eta seguru batekin dago lotua”.

Bellota Herramientas, Lazpiur SL eta Vadillo Asesores enpresen kasuan, ordutegi-eredu berriak, oro har, malgutasun handiagoa dakar sartzeko ordutegian, baita eguerdian bazkaltzeko etena murriztea ere. Horrela, langileek irteteko ordua aurrera dezakete. Enpresa bakoitzaren barruan, badaude bere ordutegiak bezeroen eskakizunetara egokitu behar dituzten taldeak, hala nola saltzaileak eta bezeroarentzako arretako langileak.

Euskaltelek, bere aldetik, 2011ko urtarrilaren 1etik lanaldi jarraitu berria aplikatzen du bere langile guztientzat, goizeko 7:30etik 15:15era arte. Hobekuntza berria da enpresan lan egiten duten pertsonek familia eta lana uztartzea sustatzeko eta produktibitatea hobetzeko neurriak ezartzeko bidean.

Europako eta Espainiako ordutegi-ereduei buruz Sailak iaz aurkeztu zuen azterlana izan da lau euskal enpresetan egindako esperientziaren iturburua, eta, bertan adierazten zenez, Espainiako langileen % 4 ez dago gustura edo ez dago batere gustura bere ordutegiarekin, eta enplegatuen % 58k lanaldi zatitua dauka, bazkaltzeko bi ordu eta erdiko etenarekin. Oro har, horrek esan nahi du sarrera 9:00etan dela, eta irteera 19:00etan.

Irteteko orduak, normalean, gauerdira arte luzatzen du aisialdia. Horren ondorioz, lo egiteko orduak murrizten dira, eta hurrengo egunean lanean errendimendua txikiagoa izaten da. Ondorio horiek egoera berezi bat adierazten dute, Europako gainerako herrialde gehienekin alderatuta.

Ordutegien aldaketaren ezarpena bultzatzeko, eta gizarte osoak argi izan dezan bilakaera horretan denen inplikazioa behar dela, Sailak ARHOEren (Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Elkartea) VI. Kongresua egitea sustatu du, eta azaroan egingo da Donostian.

 Merkataritzan eta ostalaritzan ordutegiak malgutzeari buruzko azterlana (pdf, 1.887 kb) (gazteaniaz bakarrik)